Ion Izagirrek (Cofidis) lekukoa hartu dio Pello Bilbaori (Bahrain) Frantziako Tourrean. Gernikarrak garaipena handia lortu eta bi egun eskasera, beste horrenbeste egin du txirrindulari ormaiztegiarrak gaur: hura nagusitu da hamabigarren etapan, Roanne eta Belleville-en-Beaujolais (Frantzia) artean jokatu dena. 2000n irabazi zuten azken aldiz Euskal Herriko bi txirrindularik Tour berean. Javier Otxoa zenak eta Jose Vicente Garcia Acosta Txente-k irabazi zuten orduan. 2009an ere Mikel Astarlozak eta Juanma Garatek altxatu zituzten besoak, baina Astarlozari garaipena baliogabetu zioten Tour hura bukatu ondoren.
Izagirre anaietan gazteena eguneko ihesaldian sartu da. Aurkari indartsuek egin dute aurrera harekin: Mathieu van der Poelek (Alpecin), Julian Alaphilippek (Soudal), Thibaut Pinotek (Groupama) eta Dylan Teunsek (Israel), besteak beste. Guillaume Martin haren taldekide eta taldeburua ere egon da ihesaldian, eta horrek lan egitera behartu du Izagirre. Zenbaitetan nekea sumatu du, sufritu egin du, eta atzean geratu da.
Baina suspertu egin da gero, eta etapako azken mendatean gora erasoa jo du, Croix Rosierren. Atzean utzi ditu iheskide guztiak. 26 segundoren aldearekin iritsi da gailurrera, baina handik 28,4 kilometro zeuden helmugara, ia denak maldan behera. Eta berriro erakutsi du oso trebea dela jaitsieran, aldea handitu baitu. Hala, bakarrik helmugaratu da, besoak zabal-zabal, eta pozez gainezka.
ð;ÂÂ;ÂÂ;ŸÂ† Ion Izagirre wins in Belleville-en-Beaujolais!
— Tour de France™ (@LeTour) July 13, 2023
ð;ÂÂ;ÂÂ;ŸÂ† Ion Izagirre s’impose à Belleville-en-Beaujolais !#TDF2023pic.twitter.com/zJ5VowleNf
Ion Izagirrek bigarren garaipena du Tourrean. Duela zazpi urte lortu zuen aurrenekoa eta azkena, 2016ko ekitaldiaren azken-aurreko etapan, Morzinen (Frantzia). Ordutik ez zuen irabazi. Oso gertu izan zuen garaipena, hirutan izan baitzen bigarren: bitan 2018an, eta behin 2021ean. Gaur atera du arantza. Tourrean etapa bat baino gehiago irabazi dituzten sei txirrindularietako bat da. Miguel Indurain (hamabi), Roger Lapebie (bederatzi), Paul Maye (bi), Miguel Mari Lasa (bi) eta David Etxebarria (bi) dira beste bostak.
Gaurkoarekin, lau etapa irabazi ditu itzuli handietan: bi Tourrean, beste bana Espainiako Vueltan (2020an) eta Giroan (2012an). Sekulakoa da.
«Egunak neramatzan saiatzen, eta gaur indartsu ikusi dut neure burua. Saiatu naiz, eta bikain atera da. Oso hunkigarria izan da. Gauza asko pasatu zaizkit burutik» esan du, helmugara iritsi berritan. Haren iritziz, «taldearen garaipen bikaina izan da».
Azpimarratu duenez, Tour «berezia» izaten ari da. «Bilbotik irten ginenetik bi euskal txirrindularik irabazi dugu. Hauek ziren taldearen helburuak: etapa bat irabaztea eta lehen hamarren artean sailkatzea. Eta jada bi etapa irabazi ditugu».