Piraguismoa

Iñigo Peñak eta Higinio Riverok zilarra lortu dute Europako txapelketan, eta Begoña Lazkanok, brontzea

Peñak bigarren domina eskuratu du K4 1.000 metroko modalitatean, eta Lazkanok ere bigarrena du K2 1.000 metrokoan, Riverok VL2 200ean bezalaxe.

pettan uralde
2022ko abuztuaren 19a
17:46
Entzun

Euskal piraguismoak egun handia du gaur, Iñigo Peñak eta Begoña Lazkanok bina domina eskuratu baitituzte Europako txapelketan. Beste bat gehitu du gero Higinio Riverok maila egokituan, VL2 200 metroko proban. Munichen (Alemania) ari dira jokatzen txapelketa.

Peña eta bere hiru taldekideak oso indartsu atera dira hasieratik, ezustea emanez, eta lehen postua bereganatu dute Alemaniaren aurretik. Beste estrategia bat hartu dute finalean, Peñaren hitzetan «borroka psikologikoa irabazteko», eta ongi atera zaie, Alemaniako ontzia atzean utzi baitute lehen metroetan. 900 metro egin dituzte lehen postuan, baina azken metroak gogorrak izan dira laukotearentzat, eta alemaniarrek neke hori baliatu dute azken txanpan aurreratzeko. Ez du irabazi, baina pozik dago zumaiarra egindako txapelketarekin. «Finalean ongi aritu gara; estropada polita egin dugu. Helburua lortu dugu, eta pozik gaude». K4 1.000 metrokoa ez da Iñigo Peñak gaur jokatu duen proba bakarra. Goizeko lehen orduan, Zumaiako palistak bosgarren amaitu du K4 500 metroko sailkapen saioan, eta finalerdia jokatuko du bihar, 9:30ean. Finalaurreko horrez gain, K2 1.000 metroko finala jokatuko du igandean.

Gaur lortutako zilarra bere ibilbide osoan lortutako palmares zabalera gehitu du Peñak. Horien artean daude hiru garaipen munduko kopetan (K2M 1.000m), urre bat Europako txapelketan (K4M 1.000m), bi zilar Munduko txapelketan (K2M 1.000m), bosgarren (K4M 1.000m) Rioko Olinpiar jokoetan, eta seigarren (K2 1.000m) Tokioko Olinpiar Jokoetan.

Lazkano eta bere taldekidea ere gogor hasi dira, eta bigarren postuan jarri dira, Poloniako ontziaren aurretik. 750. metroraino bigarren postuari eutsi diote, baina azken 250 metroetan poloniarrek pasa egin diete, eta hirugarren postuan helmugaratu dira. Hala ere, pasaitarra pozik geratu da lortutako postuarekin. «Asko gozatu dut proba hau. Oso gogorra da, baina ondo moldatu gara, eta oso pozik gaude».

Bigarren domina du Lazkanok, Laia Pelachs kataluniarrarekin batera, iaz Europako txapelketan lortu zuten zilarraren ondoren. Gainera, bere kirol ibilbidean, zilarrezko domina (K4 500 m) eta brontzezko bat (K1 1.000 m) ditu 2016ko Munduko Kopan, brontzezko bat (K4 500 m) 2017ko Munduko Kopan, eta urrezko bat (K1 5.000m) 2022ko Munduko Kopan.

Higinio Rivero. Espainiako Federazioa.

Riveroren kasuan, bigarren aldiz irabazi du zilarrezko domina Europako Txapelketetan. Iaz lortu zuen aurrenekoa. Indartsu ekin dio probari, irteerak asko landu baititu. Amaieran, ordea, nekeak erasan dio, eta aurrea hartu dio Tamas Juhasz hungariarrak. Ez du hori lortu Norberto Mourao portugaldarrak, eta hirugarren lekuarekin geratu da.

Bizkaiko palistaren palmaresa oparoa da. Gaurko dominaz eta iazkoaz gain, laugarren postua lortu du denboraldi honetan Halifaxeko Munduko Txapelketan. Iaz Tokioko Paralinpikoan diploma eskuratu zuen, Szegedeko (Txekiar Errepublika) Munduko Kopako brontzea 2020an, eta Poznango (Polonia) Munduko Kopako zilarra 2022an. «Pozik nago egindakoarekin. Dena eman dut, saiatu egin naiz irabazten, baina bukaera luzea egin zait», adierazi du Riverok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.