Lointek Gernika taldeko jokalaria

Itziar Ariztimuño: «Intentsitate handiz irteten bagara, partida ona egin dezakegu»

Gaur jokatuko du Lointek Gernikak Eurokopako final-zortzirenetako joanekoa. London Lions hartuko du Malosten; talentu handiko aurkaria da.

53348769519 2eb1ae9ed2 o
Itziar Ariztimuño, taldekideen artean, Cadi La Seuren aurkako partidan. LOINTEK GERNIKA FLICKR
pettan uralde
2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Lointek Gernika denboraldiko une erabakigarrian sartu da jada. Espainiako Koparako sailkatuta, Eurokopan jarri du gogo guztia Malosteko taldeak. Gaur jokatuko du final-zortzirenetako joaneko partida (20:00, ETB4). Itziar Ariztimuño kapitainaren ustez (Bilbo, 1998), aurkari «gogorra» da London Lions, baina «ilusio handiz» dago haien aurka lehiatu eta sailkatu ahal izateko.

Denboraldiko lanen erdiak eginda, nola zaude?

Sentsazioei dagokienez, ondo nagoela uste dut. Jakina, denboraldian une txarrak eta onak izaten dira, baina egin behar ditudan gauzak egiten ditudala uste dut, eta hobetu behar ditudan gauzetan aurrerapauso bat ematen saiatzen naiz.

Eta taldea nola ikusten duzu?

Ondo gaude. Denboraldian beti daude gorabeherak, talde guztiek dituzten bezala, eta guk une hobeak eta okerragoak izan ditugu. Jokalari aldaketak izan ditugu, eta, azkenean, horrelako egoeretara egokitu egin behar da. Une txarrak izan ditugu, noski, baina taldea elkarrekin dagot. Beti saiatzen gara dena aurrera ateratzen, eta uste dut harro egon behar dugula, une zailak egon diren arren ateratzen jakin dugulako.

Jokalari aldaketak aipatu dituzu. Nabarmenena Bergerrena izan da, eta haren ordez Watts etorri da. Nola eragin du horrek taldean?

Orain garrantzitsuena jokalaria taldeari egokitzea dela uste dut. Bi jokalari desberdin dira, eta horretan zentratuta dago teknikarien lana. Haiek badakite zer egin jokalari guztiak egokitzeko. Baina, batez ere, maila pertsonalari dagokionez, gu ahalik eta erraztasun gehienak ematen saiatzen gara, egokitu dadin, eroso egon dadin, eta taldean lehenbailehen sar dadin.

Talde teknikoa ere berria da. Nola egokitu da Lucas Fernandez Gernikara?

Lucasek duen gauzarik onena da kluba ezagutzen duela, eta lehenago ere egon zela gutako batzuekin. Ezagutzen gintuen, eta, azkenean, Liga ezagutzen du: aurreko sasoian Jairisen egon zen, eta esperientzia handia du ligan. Bere lana egiten ari da, eta azkenean denok elkarrekin egon nahi dugu aurrera ateratzeko.

Ez zenuten urtea ongi amaitu: Gironaren eta IDKren aurka galdu zenuten.

Gironako partida pena handia izan zen, neurketa osoan irabazten joan ginelako, eta azken bost minutuetan ihes egin zigulako. Ondo jokatzen duzu, ahalegintzen zara, ahal duzun guztia egiten duzu, eta ez duzu ezer lortzen; gainera, talde handi baten aurka. IDKren aurka, ordea, uste dut hasieratik ez ginela ondo sentitu. Askoz oldarkorrago atera ziren, jokoa oso ondo irakurtzen jakin zuten, eta partida txarra jokatu genuela uste dut. Azkenean, talde oso sendoa da, eta, ez bazaude ongi horrelako taldeen aurka, zigortu gintuzten moduan zigortzen zaituzte.

«London sekulako taldea da. Eurokopako rankingean oso goian dago, eta talentu handiko jokalariak ditu»

Zer itxura hartzen diozu ligari?

Azken urte hauetan dena oso lehiakor ikusten dut. Valentzia, Girona edo orain Zaragoza bezalako handiak beti daude, baina orain edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Guk Valentziari eta Avenidari irabazi diegu denboraldi honetan. Alde horretatik, ligako gainerako partida guztiak lehiatuak izango dira. Berdin dio talde bat sailkapenaren beheko aldean edo goiko aldean dagoen.

Urtea, berriz, ongi hasi duzue Vigon irabazita, ezta?

Bagenekien Vigoko partida zaila izango zela. Celta talde ona da, agian azken unean partidak galtzeko zorte txarra izan dute, baina horregatik bagenekien partida zaila izango zela. Uste dut taldea atera behar zen bezala atera zela. Wattsek partida bikaina izan zuen; ez dakit zenbat puntu sartu zituen, baina, nire ustez, taldeko lanari irabazi genuen; guztiek ekarpena egin genuen. Hori da bidea.

Koparako sailkapena lortu zenuten partida hartan. Lehen helburua lortu duzue?

Denboraldian zehar, taldeak asko aldatzen dira sentsazioei dagokienez, baina Kopak azkenean asko motibatzen zaitu. Kopa jokatzea esperientzia ikaragarria da beti; duzun baino gehiago ematen duzu beti. Uste dut aurtengo Kopan gauzak egin ditzakegula.

Orain Eurokopari begira zaudete. Kopak motibatzen bazaituzte, zer da zuentzat Eurokopa jokatzea?

Eurokopa jokatzea zoragarria da. Beste lehiaketa mota bat da: kanpora bidaiatzen duzu, normalean ezagutzen ez dituzun jokalariak aurkitzen dituzu, harritzen zaituzten jokalariak... Oso lehiaketa polita da. Europan kontaktu gehiago eta oldarkortasun handiagoa ahalbidetzen da, eta asko gozatzen da lehiaketa hori.

Nola ikusten duzu gaurko erronka?

London sekulako taldea da. Eurokopako rankingean oso goian dago, eta talentu handiko jokalariak ditu. Baina bi partidako kanporaketa hauetan ez dakizu ezer. Nire ustez, gure jokoa egiten badugu; intentsitate handiz irteten bagara, oso partida ona egin dezakegu, eta lehen partida irabazi. Gero, haien etxean beste gauza bat da, bere jendearen aurrean jokatzen duzu eta. Baina guk gogo handia dugu; aukera dugula uste dut, eta horren bila joango gara.

Nola bizi izan duzue Mario Lopezen auzia?

Egoera zaila izan da guztiontzat. Zaila izan zen komunikabideen zalaparta guztiarekin barneratzea, bainagu elkarrekin izan ginen. Gai hori epaitegian dago jada, klubak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta guk gure lanean jarri behar dugu arreta: hau da, entrenatzean eta partidak irabaztean. l

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.