XXI. mendeko txirrindularitza zalea da Julen Telleria (Irura, Gipuzkoa, 1990), eta harro dago. Aurreko belaunaldietan, txirrindularitza zaleek freskagarrien txapetan itsasten zituzten kutunen argazkiak, edo egunkarietako artikuluak papiro baliotsuak balira bezala gordetzen zituzten. Telleriaren kasuan, baina, beste bat da miresten dituen kirolariekin lotzen duen zilbor hestea: «Txirrindulariekiko enpatia orain landu dut. Xelebre itxura izango du, baina txirrindulariei Instagramen jarraitzen hasi naizenetik heldu diot egunerokoaren hariari. Aurrekoen garaipenak ez nituen horrelako pasioz bizi, baina orain, bai. Hura Milan-Sanremon dabil, bestea Katalunian...».
Heldutasunean berreskuratu du zaletasuna, baina, memoriaren irratiko diala astindu ahala, txirrindularitzarekin loturiko oroitzapen asko datozkio burura. «Gure aita, txirrindularitza zaleaz gain, Txirri eta Mirri saioko gidoilaria zen, eta bazuten abesti bat Oh Peio Peio, Marino, Marino zioena, eta 3 urterekin telebistara eraman ninduten pailazoen artean trizikloan ibiltzera. Peio, Peio Ruiz Cabestani zen, eta oroitzapen erromantikoa dut, baina ez naiz mitomanoa». Ganbaran gordeta dauzka, era berean, udalekuetan Abraham Olano —«ia gure herrikidea da», zehaztu du— Tourrean nola zihoan egunkarian bilatzen zuenekoa, edota kuadrillarekin «etaparen ondoren» gelditu ostean izandako tertuliak.
Oroitzapenak bai, baina idolo gutxi izan ditu: «Ez naiz mitomanoa». Bere kutunak gaur egungoak direla dio, eta gutxi dituela, baina, hitz egin ahala, zerrenda uste baino gehiago luzatu zaio. «Euskal txirrindulariak oro har; izagirretarrak beti hartzen ditut Tropela-ren kinielan. Markel Irizar orain ez dut hartzen, baina haren zale sutsua naizela aitortu behar dut. Saganzalea ere banaiz. Gainera, azken urteetan helduago ikusten dut, eta gustatzen zait. Nibali ere ezin dut ahaztu. Ausarta da beti». Instagramez eta telebistaz bai, baina errepide bazterrera ia hurreratu gabea da, eta ez gogo faltagatik. «Iaz ezin nintzen Tourrera joan, lan kontuengatik. Baina kuadrillakoak bai, joan ziren. Niretzat plan perfektua da: furgonetan joan, bizikletaz mendiren bat igo, bazkari legea, eta txirrindulariak animatu».
Bizikleta erosi berri du
Bizikleta eta guzti? «Bai, otsailean bigarren eskuko bizikleta bat erosi nuen, eta aitarekin irten naiz. Hura sasoi betean dago, eta, aurrekoan, Lizarrustira eraman ninduen». Lehen pedalkadak ez ziren errazak izan, baina ari zaio neurria hartzen, eta gozatzen ere hasia da. «Hasieran, nahiko haserre nenbilen, ipurdiko minez, baina, gaur egun, denborarik ez izan eta eguraldi ona egiten badu, madarikatzen hasten naiz. Osabak ohartarazi zidan kirol honek harrapatu egiten duela, eta ni hasia naiz nabaritzen».
Bat-bateko zaletasunak, baina, badu bere azalpena: «Triatloiaren harrak harrapatu nau, eta duin jardun nahi dut, txukun; horretarako, entrenatu beharra dago. Baina oso gustura hartu dut bizikleta». Ez da txirrindularitzara beste kirol batetik iritsi den aurrena izango, baina ezta azkena ere, eta Telleriak hartua zion susmoa bere buruari. «Pilotan aritutakoa naiz, zesta-puntan, eta duela hiru urte hasi nintzen korrika, Behobia-Donostia egiteko. Horretan jarraitu dut, baina banekien lehenago edo geroago bizikletan bukatuko nuela». 28 urterekin iritsi zaio deia, edo, agian, Instagrameko jakinarazpena izan da.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Eta, gainera, txirrindularitza zaleak (eta V). Julen Telleria.
Instagram: XXI. mendeko txapak
Irrati esatari eta telebista aurkezleari heldutasunean berpiztu zaio txirrindularitzarako zaletasuna. «Triatloien harrak» eraman du lehen pedalkadak ematera, eta aitortu du ziklismoak «harrapatu» egin duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu