Mikel Rico. Athleticeko jokalaria

«Inork ezin dit leporatu ahalegin falta»

Futbolaren alde apala ezagutu ostean, Mikel Ricok ez dauka Athleticek eman dion aukera pasatzen lagatzeko asmorik. Era «oso berezian» ari da gozatzen.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urriaren 11
00:00
Entzun
Esne mamitan dago Mikel Rico (Arrigorriaga, Bizkaia, 1984). Valentziaren aurka bere lehen gola sartu zuen Athleticekin. Poz izugarria hartu zuen. Baina golak baino ilusio gehiago egin dio Athleticeko elastikoa janzteko eman dioten aukerak. Ezin zion gehiago eskatu bere kirol ibilbideari. Behin helburu nagusia lortuta, jokatu duen gainerako taldeetan pilatutako eskarmentua, futbol gosea eta lanerako gaitasuna eskaini nahi du. Hiru urte ditu.

Zer sentitu zenuen San Mamesen Athleticekin lehen gola sartu zenuenean?

Berezia eta ederra izan zen. Puntu bat balio zuen puntua izan zen. Beraz, gol garrantzitsua izan zen.

Emazteari eta semeari eskaini zenien gola. Bistan da Athletic eta Granada negoziatzen ari zirenean futbolari baten geroaz baino gehiago familia oso baten etorkizuna zegoela jokoan.

Hilabete pasatxoko negoziazioa izan zen. Egun batean eginda zegoela zirudien, hurrengoan, aldiz, ez zela ezer pasako… Egoera horrek eragina izan zuen nigan, eta etxera itzultzen nintzenean nabaritu egiten zuten. Burua beste leku batean nuen. Zerbait gertatuko zen esperantzarekin bizi nintzen. Egoera horretan, etxekoek sufritu zuten gehien. Niretzat zutabe garrantzitsua izan ziren.

Athleticen elastikoa janztea zer da zuretzat?

Futbola gustuko duen bizkaitar guztiontzat ametsa da Athleticen jokatzeko aukera izatea. Hamar urte kanpoan borrokatu ostean amets hori egia bihurtu da. Nigan sinetsi duten guztiei haiek eman didaten konfiantza itzultzeko ari naiz beharrean.

Conquense, Poli Ejido, Huesca eta Granada taldeak ezagutu dituzu kanpoan aritu zaren denboran. Ondo ezagutzen duzu futbolaren alde apala.

Nik futbolaren maila guztiak ezagutu ditut. Futbolaren alde guztiak ezagutu ditut, eta, horregatik, gorengo mailara ailegatu naizenean era berezi-berezi baten ari naiz gozatzen. Talde apaletan ari diren futbolariek diru gutxi irabazten dute, zelai txarretan jokatzen dute, zale gutxiren aurrean aritzen dira… Hori guztia ezagutu ondoren, onenen artean aritzea asko baloratzen du futbolariak, eta lana gogotik egiten du lortutakoari eusteko.

Zure ibilbideak erakusten du punta-puntara ailegatzeko bide bat baino gehiago dagoela. Kolpe bat hartuz gero ez dagoela zertan etsi behar.

Futbolean bide asko daude gora ailegatzeko. Talde bateko ateak ixten direnean, beste batekoak zabal daitezke. Nik 18 urterekin utzi nuen etxea. Klub batzuetan beste batzuetan baino gusturago egon naiz, baina beti izan dut argi aldaketa guztiak nire onerako izan direla, nahiz eta behin baino gehiagotan mailaz jaitsi behar izan dudan.

Alde handia dago ezagutu dituzun kluben eta Athleticen artean?

Bai, eta arlo guztietan. Athletic klub berezia da. Talde berezia eta bakarra da. Daukan filosofiagatik, etxekoak direlako jokalari guztiak, eta guztiok proiektuan sinesten dugulako ezinezkoa da munduko beste klub batek horren aldagela ona izatea. Klub moduan, berriz, handia eta ezberdina da.

Athleticen deiak ezustean harrapatu zintuen?

Ez nuen espero. Beraz, ezustekoa izan zen. Bizkaitarra izanik eta Lehen Mailan arituta, aukera hor dago, baina sarri zurrumurru asko egoten da, baina interes gutxi. Esperantza ez da sekula galtzen, baina esan beharra daukat Athleticen deia jaso nuenean nire kirol ibilbideko unerik gozoenetako bat bizi izan nuela. Negoziazioek iraun zuten hil eta erdia, berriz, ez zen horren ederra izan.

Uda honetan jaso zenuen Ibaiganeko agintarien lehen deia edo aurreko denboraldietan ere agertu zuten interesa?

Bai Granadak eta baita nik ere udan izan genuen lehen aldiz Athleticen interesaren berri. Aurreko urteetan diru eskaintzak, urte kopuru eskaintzak eta abar agertu ziren hedabideetan, baina den-dena gezurra zen.

Sei neurketa jokatu dituzu jada Athleticekin. Hala ere, oraindik ez zara oso ezaguna zale askorentzat. Nolako futbolaria zara?

Langilea naiz. Taldeari oreka ematen ahalegintzeaz gain, inguruan ditudan taldekideei babesa ematea dut gustuko. Batzuetan ondo jokatzen dut, eta beste batzuetan txarto, baina beti ematen dut barruan daukadan guztia. Inork ezingo dit ezer aurpegiratu.

Golak sartzeko gaitasuna ere badaukazu. Euskarria izan arren, sasoiko egiten dituzu bizpahiru gol.

Bueno… Iaz bi sartu nituen, eta hiru duela bi sasoi. Gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina ez da nire zeregin nagusia. Niretzat askoz ere garrantzitsuagoa da beste arlo batzuetan nabarmentzea. Bestelako lan horiek ondo eginez gero, gola sartuta baino askoz gusturago geratzen naiz neure buruarekin

Zer eskatzen dizu Valverdek?

Euskarri guztioi gauza berberak eskatu dizkigu: taldeari oreka emateko, elkarren artean hitz egiteko, pase errazak ez huts egiteko, aurkaria estutzeko… Lanean ari gara ahalik eta gehien hobetzeko.

Hobetu guran ari zarela diozu. Nor izan duzu ispilu?

Julen Guerrero. Bestalde, egun aritzen direnetatik Xavi da zelai erdiko futbolari batentzat ispilurik egokiena. Jokalari aparta izateaz gain, ezagutzea merezi duen laguna da. Izar gutxiri ikusi diodan jarrera dauka.

Athletic Europako Ligako postuetan dago, baina jokoa ez da ona izaten ari. Zer iritzi daukazu?

Etxetik kanpo egindako jokoa hobetu gura dugu. San Mamesen txukun ari garela uste dut: ausardiaz ari gara jokatzen, eta aukera asko sortzen ditugu aurrean. Kanpoan, ordea, bestelakoak dira kontuak.

Datorren sasoian Europan aritzeko txartela aukera ona da, edo egun Ligak duen mailarekin derrigorrez lortu beharrekoa?

Egun ez gara ari Europako txartelaz pentsatzen. Ahalik eta puntu gehien pilatzea dugu helburu, eta denboraldiaren azkeneko txanpan ikusiko dugu zer lortzeko moduan gauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.