Inork espero ez zuenean

Aitor Mendizabalek joan den igandean egin zuen profesional mailako debuta. Aspek eman dio aukera, 22 urterekin, pentsa zitekeena baino beranduago. Halere, itxaropentsu da.

Donostia
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Betidanik ibili da pilotan, baina profesionaletarako jauzia iragan igandean egin zuen, 22 urterekin. Hasiera batean pentsa zitekeen baino beranduago, Aitor Mendizabalen (Antzuola, Gipuzkoa, 1989) afizionatu ibilbidea arrakastatsua izan baita. Estreinako partida Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatu, eta irabazi egin zuen, Aspek eman dion aukerari esker. Ez zuen espero une hori iritsiko zenik, eta are gutxiago orain. «Pilota dagoen bezala ez da erraza profesionaletara iristea. Bat-batean etorri den kontua izan da. Ametsa bete dut, eta orain saiatuko naiz aukera ahalik eta hobekien aprobetxatzen», aitortu zuen aurrelari gazteak.

Asperekin ekainaren 28an sinatu zuen hiru urteko kontratua, eta hortik gutxira debuta egin Zarautzen. Cecilio lagun zuela aritu zen Apezetxea eta Arrutiren aurka, eta 22-14 irabazi zuten. Aurrelariak partida ona jokatu zuen, guztira 11 tanto eginda. Oraindik ez du izan astirik debuta berriz ikusteko, nahiz eta bideoa etxean duen. Halere, ongi gogoratzen du partidan gertatutakoa. «Hasieran oso urduri nengoen, baina, gero, partida aurrera joan ahala, eta markagailuan aurretik gindoazela ikusita, ondo sentitzen hasi nintzen [0-8 irabazten hasi ziren]. Aurretik joatea beti da ona, urduritasuna aldentzen laguntzen baitu».

Debutean denak ezin ongi joan, eta berehala etorri zen aurkarien susperraldia. 14na berdindu zuten kontrarioek, nahiz eta Mendizabalek ez zuen sentitu halako presiorik: «Gerturatu ziren, bai, baina ni ongi nengoen, kontzentratuta, eta hala jarraitu nuen 22ra iritsi arte».

Giroa lagungarri izan zuen, Antzuolatik ehun pertsona inguru joan baitziren partida ikustera. Antzuolako jaiak Zarauzko Aritzbatalde pilotalekura eramanzituzten, bere herritarra animatzeko. Mendizabal III.a harrituta geratu zen herritik joandako jendearekin: «Izugarria da herritik hainbeste jende joan izana, harritu egin nintzen kantxara irten nintzenean halako jendetza ikustean. Beti da lagungarria jendea zure alde egotea». Hala eskertu die jendaurrean herrikideei.

Egun hauetan partidaren biharamunaz gozatzen dabil, eta, batez ere, jendearen oniritziez, kritika onak jaso baititu. «Jendeak esaten badu, zerbaitengatik izango da. Debutatzeak ez du ezer esan nahi, eta honaino iristen erakutsi dudan mailarekin jarraitzea espero dut. Orain entrenatzea eta entrenatzea geratzen da, gora iritsi ahal izateko», azaldu du.

Hitz politak alde batera utzita, zalantzek ere badute biharamunean lekua. Gorpuzkeragatik—1,69 metro da luze eta 69 kilo pisatzen du—profesionaletan bidea egitea kostako zaiola uste dute adituek. Hala eta guztiz ere, lasai dago kontu horrekin. «Orain arte, afizionatuetan aurrean ibili naiz, nik nire bertuteak ongi baliatzen baditut, ongi jarduteko gai ikusten dut neure burua».

Udako partidak datozela eta, gogotsu dago aurrelaria. «Uda izaten da partida gehien jokatzen den garaia. Ilusioz gainezka nago, ea partidaren bat jokatzeko aukera dudan eta, noski, ea ongi aritzen naizen». Bigarren partida etzi jokatuko du, Etxebarrin (Bizkaia), Ladis Galarzaren alboan, Gorka eta Cecilioren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.