Sentimendu nahasiekin errezibitu ditu kazetariak Julien Puricellik (Grenoble, Frantzia, 1981). Iragan ostegunean jakin zuen Errugbi Ligak bi asteko zigorra eman diola, Racingen aurka atera zioten txartel gorriarengatik. Horrenbestez, bihar zelaian egoten ahalko da. Baina, aldi berean, ez du ukatu tentsio handiarekin daudela jokalariak, Miarritzeren aurkako derbiaren bezperan. Elkarrizketa atzo zabalduriko Alain Aflelouren ustezko babes murrizketaren aurretik egina da.
Azkenean, derbia jokatzen ahalko duzu, zigorra bete eta gero. Gustura egonen zara, ezta?
Albiste pozgarria izan da niretzat. Top 14ko asteazkenean pasatu nintzen diziplina komitearen aitzinean, eta zalantzak izan ditut azken unera arte. Hala ere, azkenean bi asteko zigorra ezarri didate. Uste dut zigor justua dela. Racingen aurkako txartel gorriak argi erakusten du ez nuela intentzioz egin plakaketa hura. Plakaketa arriskutsua zen, eta txartel gorria merezita atera zidaten, baina jada Toulonen aurkako partida huts egin eta gero, jokatzeko garaia banuen. Ongi jokatu du diziplina komiteak.
Sasoiko partida garrantzitsuena jokatzeak ilusio berezia pizten al du?
Gisa horretako partidak oso bereziak dira. Giro berezia sortzen da. Jokalari profesional gisa, oso gutxi dira zirrara hori pizten duten partidak. Usaian, finalak eta antzekoak izaten dira. Hemen, Euskal Herrian, xantza handi bat dugu, urtean bitan gisa horretako partida bat jokatzen baitugu. Une horiek buruan atxiki behar dira, ez direlako usu gertatzen.
Zerk egiten du berezi derbia?
Inguruko giroak asko eragiten du, adibidez. Derbi bat buruan irabazten da. Dimentsio psikologiko handia dauka. Aste barruan jendeari hori baizik ez zaio axola. Jokalariok denbora anitz dugu partida horretan pentsatzeko. Baina gure pentsaketetan energia galtzeko eta geure burua galtzeko arriskua daukagu ere bai. Gainera, sasoi honetan, gure etorkizunarentzat erabakigarria izanen da partida.
Top 14an segitu nahi baduzue, irabaztera derrigortuta zaudete. Horrek are eta presio handiagoa emanen dizue, ezta?
Derbiak berez badu presio berezia. Baina, guretzat, zorigaitzez, hil edo biziko partida izanen da. Miarritzek, jada, bere burua salbatzeko aukerarik ez du, kasik. Haientzat derbia ohore afera izanen da. Haien zaleen aitzinean, plazer txiki bat eman nahiko dute, Baionari irabaziz beti da gustagarria. Guk, baina, ez daukagu horrelako kontsideraziotan sartzerik. Salbazioa izanen dugu jokoan, eta huts eginez gero atzerapausoa emango dugu.
Toulonen aurkako porrotak min egin al dizue [9-15 galdu zuen, etxean]. Kondenatuta al dago Baiona?
Kondenatuta ez gara egonen, azken unera arte. Jokalariak gure artean bildu ginen Toulonen aurkako partidaren ondotik. Azken asteetan batasun handia dago taldean, helburua Top 14an jarraitzea baita. Toulonen aurka huts egiteko gure jokerra erre genuen, oraindik jokerrik baldin bagenuen. Hemendik aitzina, geure burua salbatu nahi badugu, ondo baino hobeto dakigu zer egin behar dugun. Miarritzen irabaztea bide luze eta gogor baten lehen urratsa baizik ez da izanen.
Presio horrek derbi atariko giroan eraginik ba al du?
Ez dakit eraginik duen ala ez. Aurtengo Top 14an berdintasun handia dago, eta astero ari gara partida ezin garrantzitsuagoak jokatzen. Aguileran ere, izpiritu horrekin ariko gara. Egoera larri horrek derbiaren berezitasuna jan du, agian.
Giroan, txantxa eta adarjotzerik ez dago, usaian horiek ugariak izan arren. Zergatik?
Egiaerran, uste dut ez Miarritzen eta ez hemen ez gaudela txantxetan hasteko moduan. Gure egoera ikusirik, zer hasiko gara, miarriztarrei adarra jotzen? Eta Miarritze ere Bigarren Mailara jaitsiko da. Han ere badute aski lan euren egoera zuzentzen auzokoei adarra jotzen hasi baino lehen. Anitz dago jokoan, Euskal Herriko talde batek errugbiko elitean jarraitzea ala ez. Horrek derbiaren inguruko folkloreari eragin dio. Normala da, dena den.
Beste denboraldi batzuetan ez bezala, Baionako zaleek Aguilerara joateko deia zabaldu dute. Zer iruditzen zaizu ekintza hori?
Denok ongi dakigu zer dagoen jokoan: Baionako Avironek Top 14an segitzea. Zaleentzat Miarritzera etortzeak kostu bat du, izan diru aldetik izan psikologia aldetik. Ahalegin handia da eurentzat, eta haien erabakia errespetatu eta eskertu behar dugu. Zaleen babesaren beharra izanen dugu sasoi bukaera arte, hala etxean nola etxetik kanpo.
Julien Puricelli. Baionako jokalaria
«Inor ez dago txantxetarako»
Derbia jokatuko du bihar, eta badaki Aguileran ezin dutela hutsik egin. Jokalariek tentsioa eta giro urduria sumatzen dutela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu