Beroa eta belar ez bereziki luzea.Horiek dira da Euskadiko Sega Txapelketako lau finalistek bihar Asteasun (Gipuzkoa), Sarobe baserriko belardietan, izango dituzten baldintzak. Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa), Jesus Mari Ormaetxea Urki (Orendain, Gipuzkoa), Iban Pardo (Zestoa, Gipuzkoa) eta Jokin Etxeberria (Amasa, Gipuzkoa) ariko dira txapelaren bila. Haiek izan ziren sailkapenean kilo gehien ebaki zituzten laurak. Ordu erdiko saioa izan zen ordukoa; finalean, berriz, ordubeteko lana izango dute.
Asteasun egongo da Igor Esnaola iazko txapelduna (Legorreta, Gipuzkoa, 1974), «ikusle gisa, baina inbidiarekin eta gozatzen». Duela lau hilabete ziatikak erasan zion hanketako batean, eta ezin izan da lehiatu. «Ilusio handiz ari nintzen prestatzen, eta tristura handia hartu nuen. Iritsi nahian ibili nintzen, hanka indartzen-eta, baina ezingo nuela parte hartu ikusi nuenean lasaitu egin nintzen. Orain sasoia hartzea da garrantzitsuena, eta, ahal bada, heldu den urtean lehiatu». Nahiz eta ez lehiatu, gertutik jarraitu du, eta «ikusteko final polita» izango dela uste du: «Lehia oso orekatuta dago. Gutxitan egongo zen hain paretsu, ez dut uste inor besteen gainetik dagoenik».
Gipuzkoako Txapelketa finala jokatu zuten joan den uztailaren 9an lau segalari berberak dira, eta orduko emaitzak Esnaolaren ustea berretsi du. Urki izan zen txapeldun, 3.638 belar kilo moztuta. Gabirondok 3.598 moztu zituen, Pardok 3.594 eta Etxeberriak3.396,5. Lehen hiru sailkatuen artean 44 kiloren aldea egon zen bakarrik, huskeria hiru tona eta erditik gorako lana izan zela kontuan hartuta. «Han egon nintzen ikusten», gogoratu du Esnaolak. «Antzeko zerbait espero dut finalean. Harrezkero, Pardok koska bat gora egin duela iruditzen zait, eta kanporaketako emaitzak indarra emango zion».
Pardo izan zen, hain zuzen,sailkatzeko onena. Aian (Gipuzkoa) jokatu zen, uztailaren 23an, eta zestoarrak 1.480 kilo ebaki zituen. Bigarren Etxeberria izan zen, 1.434rekin; hirugarren Gabirondo 1.331rekin eta laugarren Urki, 1.305ekin. «Pardo oso ondo dago, segi eta segi egiten du, ez da une batez ere gelditzen», goratu du Esnaolak.
Finaleko izen handia, dena den, Urki da. Bi urtez geldirik egon ondoren, lehiara itzuli da 42 urterekin. Finaleko beteranoena da, baina txapeldun izango balitz ere ez litzateke izango txapela janzten duen zaharrena, Juanjoxe Lizaso handiak 50 urterekin jantzi baitzuen, 2011n. Urki hiru aldiz izan da txapeldun, aurrenekoz duela hamalau urte, eta ezustea eman zuen Gipuzkoako finalean. «Ordukoan, oso atzetik joanda irabazi zuen. Aurkariek baino sail gutxiago moztu zituen, eta, hala ere, irabazi egin zuen. Azpi-azpitik moztu zuen, eta horrela kilo asko biltzen dira. Hala ere, final honetan biziago ibili beharko du. Hori bai, Urkik oraindik motor ona du», aztertu du Esnaolak.
Esnaolak ez du faboritorik ikusten, baina pixka bat tira eginda, izen bat irten zaio. «Bat esatekotan, Gabirondo esango nuke. Baina ez dut besteen gainetik ikusten. Hura fisikoki beti dago ondo prestatuta, eta teknikoki ere oso ona da». Urnietarrra da txapela janztea zer den dakien beste finalista. 2015ean irabazi zuen finala, ezustekoa eman eta Esnaola beraren eta Urkiren aurretik bukatuta. Joxe Gabirondo txapeldun ohiaren iloba da.
Laugarren finalista Etxeberria da. Bigarren izan zen kanporaketan, eta hirugarren Gipuzkoako Txapelketan. Esnaolak entrenamendu pare bat egin ditu harekin aurten, eta «sasoi oso onean» dagoela nabarmendu du. «Urduritasunak eragiten dio txapelketan, kosta egiten zaio onena ematea. Baina hori kontrolatzen badu, eta, bere ahal guztia ematen badu, erne berarekin», ohartarazi du.
Finaleko belardiak ondo ezagutzen dituzte segalariek, hantxejokatu baitira azken bi finalak. Belarra ez dago bereziki altu, ez da moztu zaharra, eta uda lehorrak ez dio karga hartzen utzi. Ikusi beharko da zeini egiten dion mesede, baina lan zailetan trebeak direnek abantaila izan dezakete. Ez da sekulako markarik egongo.
EUSKADIKO SEGA TXAPELKETAKO FINALA
Parte hartzaileak. Julen Gabirondo, Jesus Mari Ormaetxea Urki, Iban Pardoeta Jokin Etxeberria.
Lana. Ordubeteko saioa.
Non. Asteasun (Gipuzkoa), Andazarrate auzoan, Sarobe baserriko belardietan.
Noiz. Bihar, 12:00etan.
Inor ez dago besteen gainetik
Euskadiko Sega Txapelketako finala jokatuko dute bihar Asteasun. Igor Esnaola iazko txapeldunaren ustez final «ireki eta polita» izango da, faborito garbirik ez dagoelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu