BAIKOKO PILOTARIA

Jon Alberdi: «Nonbait alferrik zaudela ikusten baduzu, baztertzea da onena»

Aurrelari azpeitiarrak ez du onartu Baikok kontratua berritzeko egin dion eskaintza, eta profesional izateari utziko dio urte amaieran. 24 urte ditu, eta bost urte pasatxo egin ditu. «Oso konforme» dago egindakoarekin.

JON ALBERDI.
JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Jon Alberdik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1999) azaroaren 4an jokatu zuen azken aldiz, Gasteizen. Ez du gehiago jokatuko profesionaletan. «Lagun artean» partida bat jokatuta esango du agur.   

Duela hiru aste jakinarazi zuen Baikok ez duzula segituko, eta, beraz, pilota profesionala utziko duzula. Zer moduz zaude?

Ondo. Badakigu pilotari profesionalaren bizitza ez dela betirako. Orain, bizitzaren beste aldi bat hasiko dut. Aurrera egiteko asmoa dut.

Kolpea izan da?

Ez. Gehiago sufritu dut azken urtean, kontratua amaitzear zela jakinda. Gutxiago sufritu dut erabakia hartu nuenetik. 

Nola izan ziren negoziazioak?

Nik, gutxienez, bi urterako kontratua nahi nuen; ez nuen nahi urtebetekoa, presio handia eragiten du horrek. Baina enpresak urtebetekoa bakarrik eskaini zidan. Ez nenbilen oso gustura enpresan. Hori kontuan hartuta, ez nuen onartu eskaintza. 

Galdetu zenuen zergatik urtebete bakarrik?

Nik badakit ez naizela ondo aritu azken urtean, baina aurretik ez dut laguntza askorik izan. Azken kontratua hiru urterako sinatu nuen, eta hiru urte horietan bi txapel irabazi ditut. Baina horrek ez dit ezertarako balio izan. Salaverrirekin Promozioko binakakoa irabazi arren, enpresak bi kanporaketa jokarazi zizkidan Promozioko buruz burukoan aritzeko. Bi txapeldun ohi izan nituen aurkari: Arteaga eta Bakaikoa. Merituz edo suertez, bi partida horiek eta beste bost irabazi nituen, eta txapela jantzi nuen. Hala ere, enpresak Promozioko binakakotik kanpo utzi ninduen. Orduan ikusi nuen ez zuela nirekin kontatzen. Nonbait alferrik zaudela ikusten baduzu, onena baztertzea da.   

Lehen esan duzu azkenaldian ez zinela gustura enpresan. Zergatik?

Nire ustez, Baikon oso gaizki egiten ari dira gauzak. Aspen gertutasun handia ikusten da pilotarien eta teknikarien artean. Baikon, aldiz, distantzia handia dago. Distantzia hori, gainera, handitu egiten da pilotaria bolada onean ez dagoenean.

Izarrak eta gazteak; joera hori dago egun enpresetan. Erdian geratu zara zu?

24 urte ditut, eta Bigarren Mailan badira ni baino pilotari helduagoak, baita adin berekoak ere. Baina nik goiz debutatu nuen [18 urterekin], eta badirudi urte asko daramatzadala. Egun, pilotari asko oso bide laburra egiten ari dira. Ez luke hala izan behar. Pilotari baten alde apustu egiten baduzu, konfiantza handiagoa eman behar zaio. Hori falta da orain.

Bost urte pasatxo egin dituzu profesionaletan. Nola bizi izan dituzu?

Aurreneko urtea ikasteko izan zen. Hurrengo hirurak, berriz, onak izan ziren; ondo aritu nintzen: hiru modalitateetan jokatu nuen finala, eta bitan txapela irabazi. Azken urtea, ordea, kaskarragoa izan da; nahi baino eskasago aritu naiz. Hala ere, azken kontratua hiru urterako sinatu, eta tarte horretan bi txapel irabazi eta gero, uste dut gehiago merezi nuela. Baina enpresak hartzen ditu erabakiak, eta horiek onartu beharra dago. 

Konforme zaude egin duzun ibilbidearekin?

Bai, oso. Partida onak, oso onak, txarrak eta oso txarrak jokatu ditut, baina frontoira irten naizen guztietan barruan nuen guztia eman dut. 

«Nire ustez, Baikon oso gaizki egiten ari dira gauzak. Aspen gertutasun handia ikusten da pilotarien eta teknikarien artean. Baikon, aldiz, distantzia handia dago»

Lehen Mailakoekin gehiago aritu ez izanaren arantza duzu?

Nik badakit nik baino garapen hobea daramaten gazteak daudela. Aurten, aukera izan nuen lehen aldiz maila nagusiko txapelketa bat jokatzeko: buruz burukoa. Atarikoa irabazi nion Agirreri, baina, gero, Peiok [Etxeberria] egurra eman zidan [22-2]. Oraintxe ikusi da zer-nolako maila duen Peiok. Ez nuen galdu edonoren aurka. Baina ederra izan zen txapelketaren aurkezpenean egotea. Ez dut inoiz ahaztuko argazkia: Lehen Mailako pilotari guztiak, eta ni haien artean. 

Zer falta izan zaizu koska bat igotzeko?

Lan handia egin dut eskuinarekin hobeto aritzeko; asko hobetu dut, baina ez da izan Lehen Mailakoa.

Zoriontsu izan zara?

Azken urtean ez beste, bai. Baina gogorra izan da azken urtea. Telebistan atera behar duzu, eta ezinean ari zara... ez da toki ederra sufritzeko. Bestelakoan, oso gustura egon naiz: familia ederra dago pilotan. Merezi izan du. 

Zein izan da unerik onena?

Salaverrirekin binakakoa irabazi nuenekoa. Sekulako poza hartu nuen. Binakako hobeak jokatu izan ditut, baina aldi horretan Rubenek sekulako aldea egin zuen. Ez ginen faborito, eta ligaxkan bosgarren izan ginen. Baina txapela irabazi genuen gero. Jokoari esker baino gehiago, bion artean egin genuen harreman sendoari esker nagusitu ginen. Txapelketarik politena da binakakoa: oso harreman estua egiten duzu zure bikotekidearekin. Ederra izan zen hura irabaztea. 

Eta txarrena?

Gaizki pasatu nuen aurtengo lau eta erdikoan. Saiatu nintzen ahalik eta ondoen prestatzen, baina burua beste nonbait nuen. Kaskar aritu nintzen. Ez dut maila ona eman azken urtean, baina zera ikasi dut: bizitzan une eta garai onak dauden bezala, txarrak ere badaudela, eta horietan aurrera egin beharra dagoela.    

Pentsatu duzu zer egingo duzun orain?

Robotika industriala ikasi dut, eta hasi naiz curriculumak bidaltzen arlo horretan lan egiteko. Gazteei pilotaz gozatzen erakusten ere segituko dut. 

Pilotan jokatzen jarraituko duzu?

Bai, dudarik gabe. Pilota profesionala oso polita da, baina umetan ez gara pilotan hasten profesionala izateko, gustatzen zaigulako baizik. Profesionala izan aurretik asko jokatu nuen, eta profesional izateari uzten diodanean ere asko jokatuko dut. 

Destinuaren gauzak. Anaiak oraintxe berritu du beste bi urterako Baikorekin.

Ni duela hiru urte nengoen egoeran dago bera. Berak akordioa lortu du enpresarekin. Anaiak jokatzen duen bitartean segitu beharko dut frontoietara joaten.  

Gomendioren bat eman diozu?

Beldurrik gabe aritzeko, eta ahalik eta gutxien estutzeko burua. 

Inori zerbait diozu eskertzeko?

Ingurukoei: familiari, lagunei, eta lagundu didaten guztiei. Enpresan, berriz, Pablo Berasaluzeri. Nirekin aritu da frontoian garai on zein zailetan. Nire erabakia eman ostean, hura izan da nirekin harremanetan jarri den teknikari bakarra. Aimar Olaizolak, Unai Apeztegiak eta Jose Angel Gorostizak ez didate ez deitu, ezta mezurik bidali ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.