Gaur jokatuko dute Banakako Euskal Pentatloiko finala, Azpeitiko zezen plazan (22:00, ETB1). Azken hiru finalak irabazi ditu Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k, eta gaur-gaurkoz, Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren pare dago palmaresean. Dena den, hautagai nagusia da gaurko finala irabazi eta hala laugarren txapela eskuratzeko. Pablo Cazalis zarauztarra da haren prestatzailea, eta nabarmendu du txapela irabazteaz gain marka pertsonala hobetzea izango dela helburua.
Prestaketa ohi baino lehenago hasi zutela azaldu du Cazalisek, eta pozik dago, azken txanpan sartu direla ohartuta. «Aurtengoa izan da Andoniren denboraldirik txukunena. Fisikoki nahiko iharra da, eta gihar gutxikoa. Kosta egiten zaio pisua hartzea, eta indar aldetik beste ikuspegi batetik egin dugu prestaketa. Gainera, Conquis programa irabazi zuenetik, askotan egiten du bidairen bat, eta prestakuntzarentzat oso txarra da hori. Aurten, ordea, etxean geratu da, eta pila bat nabaritu dugu. Pisua hartu, eta urtarrilerako bete-betean zegoen. Inoiz baino hobeto ikusten dut, baina, orain, lana ondo bukatu behar».
Finalerdietako marka pertsonala gaindituta iritsiko da Izeta finalera. Cazalisek berretsi du inoizko boladarik onenean dagoela. «Uste dut oso sasoi onean dagoela, baina ez diot atseden ematen azkenera arte. Finalerdietara lo gutxi eginda joan zen, lanak oraindik bizkarrean zituela. Hura ere harrituta geratu zen, ez baitzuen espero inondik inora hain ondo aritzea. Alderdi guztietan oso eroso egon zen, eta ematen du egindako lanak emaitza onak ekarri dituela».
«Aurkariak hor daude, baina nik argi ikusten dut Andoni koska bat gorago dagoela. Ondo lan eginda, lehenengo geratu beharko luke»
PABLO CAZALISIzetaren prestatzailea
Aurkariak aski ezagunak dituzte. Ioritz Gisasola, Xabat Olaizola, Aritz Irazabal eta Xabier Zaldua azken aldiko finalean aritu ziren, eta Beñat Telleria da aurtengo berritasun bakarra. Cazalisen ustez, Olaizola da Izetaren aurkaririk gogorrena. «Harriarekin oso trebea da, baina gainontzeko probetan gehiago kostatzen zaio. Aizkoran hobetu duen arren, Andoni askoz hobeto moldatzen da. Korrikara estu iristen da Olaizola, eta Andoni freskoago. Beste aurkari bat Zaldua da: miresmen handia diot. Urte asko daramatza mundu honetan, eta esperientzia puntu horrek eman dakioke alderdi fisikoak ematen ez diona. Aurkariak hor daude, baina nik argi ikusten dut Andoni koska bat gorago dagoela. Ondo lan eginda, lehenengo geratu beharko luke».
Final gogorra espero du prestatzaile zarauztarrak. «Uste dut hura urduri jartzen saiatuko direla hasieratik. Harriarekin aurrea hartuko dio Olaizolak, eta giza proban nahiko parean iritsiko dira. Ikusi beharko da nork hartzen duen aizkora lehendabizi. Hor egon daiteke lehiaren gakoa, eta aldea ateratzen badu, gozatu egingo du korrika. Bere buruaren aurka harituko da, marka pertsonala gainditzeko».
Entrenatzaile izan aurretik ere, Cazalis Izetaren laguna zen jada, eta elkarrizketa ugari izaten dituzte azken urteetan. Ez da asetzen lagunak txapela irabaztearekin, hori soilik lortuta ez dio «txartela» emango. «Duela lau urte hasi ginen batera lanean: finalerdietan kanpoan geratu, eta zazpigarren izan zen. Esaten zuen sekulako maila zegoela pentatloian, eta ez zela inoiz iritsiko maila horretara. Nik argi esan nion beste urtebete lan eginez gero irabazteko gai izango zela, baina hori bakarrik ez, eta nire errespetua ez zuela irabaziko bost urtez hor goian eusten ez bazion. Diziplina bakoitzean denbora bat pasatu behar da izena izateko. Ez dakit gehiago lehiatzeko aukera izango duen, baina gutxi falta zaio txartela lortzeko. Uste dut oso gertu duela marka pertsonala gainditzeko aukera, eta hori lortzea da nire helburua. Konfiantza osoa daukat: 30 minututik gertu ibiliko da, edo azpitik».
Laugarrena eta marka pertsonala
Urte osoa daramate laugarren txapela irabazteko lanean, nahiz eta Cazalisentzat baden gauza garrantzitsuagorik. «Laugarren txapela ez du inork lortu, eta gauza oso handia iruditzen zait helburu moduan hori jartzea. Niri ez zait inporta zein dauzkan aurkari, edo zein den gaur egungo euskal pentatloiaren maila. Nik uste dut bost urtez aritzen bada gai izango dela guztiz errespetagarriak eta historikoak izango diren markak lortzeko, eta horrek garrantzia handiagoa izango du berez, lortu dituen txapelek baino. Horregatik esaten diot beti txartelaren kontua. Hala ere, niretzat oso polita litzateke hura izatea palmaresean txapel gehien duena, eta horretan ahaleginduko gara».
Euskal Pentatloiak etenaldi bat egingo du datorren urtean, eta Cazalisek ez daki berriro prestatuko ote diren txapelketa horretarako. Hala eta guztiz ere, lagunarekin zenbat gozatu duen nabarmendu nahi izan du. «Asko daukat hari eskertzeko. Aukera handia da niretzat hura prestatzea, eta hark ni eredutzat hartzeak harro sentiarazten nau. Duela lau urte hasi ginen, eta oso erraza zait harekin lan egitea. Konpromisoa da haren ezaugarri nagusia, diferentzia handiarekin, gainera. Ez zaio inporta ordubeteko saioa egin edo bi ordukoa. Hobetu besterik ez du egin nahi, eta sekulako gozamena da harekin aritzea. Laugarren txapela pisutsua izan da harentzat, eta merezi du irabaztea».
PROBAREN XEHETASUNAK
EGIN BEHARREKO LANA
Harri jasotzea: Ehun kiloko bola 25 aldiz altxatu.
Giza proba: Bi plaza egin 400 kilokoarekin: 56 metro.
Aizkora: Hiru kana erdiko moztu.
Txingak: Sei plaza egin 50 kiloko txingekin: 168 metro.
Korrika: Hiru kilometro egin (30 itzuli plazari).
MARKARIK ONENA
27.20: Joxe Mari Olasagastik egin zuen, 1990ean.
GARAIPEN ZERRENDA
Hiru txapel: Joxe Mari Olasagastik (1983, 1984,1990), Zalduak (2018, 2019, 2020), eta Izeta VI.ak (2021, 2022, 2023).
Txapel bat: Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-k (1982) eta Anjel Arrospidek (1985).
PARTE HARTZAILEAK
Andoni Iruretagoiena ‘Izeta VI.a’, Xabier Zaldua, Xabat Olaizola, Ioritz Gisasola ‘Zelai IV.a’, Aritz Irazabal eta Beñat Telleria.