Orain, ez dago Aritz Erkiaga baino bikotekide hobeagorik zesta-puntan jokatzeko. Ispasterrekoa (Bizkaia) ezin hobeto dabil denboraldi honetan, binaka ez baitu partida bat bera ere galdu, eta jokatu dituen txapelketa guztiak irabazi ditu, kide ezberdinekin denak. Denboraldi honetan, oraingoz jokatu dituen lau txapelketak irabazi ditu —Paueko Cesta de Nadau, Lekeitioko Master Series lehia, Zumaiako Jai Alai Masterra eta Gernikako Winter Series delakoa—, baina baliteke astea bi txapel gehiagorekin amaitzea. Gaur Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Cesta All Starraren finala dauka, eta bihar, berriz, Araba Euskaraz Txapelketarena, Gasteizen.
Iaz bezala, Jon Zabalarekin jokatzen ari da Erkiaga Cesta All Star txapelketan, eta Ladutxeren eta Lekerikaren aurka arituko dira gaurko finalean (Donibane Lohizune, 19:15). Gasteizko finalean, berriz, Julen del Riorekin batera arituko da, Barandika eta Lekerikaren kontra (Gasteiz, 19:00).
Edozein bikotekiderekin moldatzen da Erkiaga, gainera, irabazi dituen txapelketetako bakoitzean atzelari ezberdinekin jokatu baitu: Minviellerekin batera irabazi zuen Pauen (Frantzia), Winter Seriesean Ibarluzearen aurrean lehiatu zen, Mancirekin irabazi zuen Lekeition (Bizkaia), eta Urangarekin batera jantzi zuen txapela Zumaian (Gipuzkoa).
«Guretzat, txapelketa denek izan behar dute garrantzitsuak, nahiz eta Winter Series lehiaketa egon denon ahotan; ezin dugu pentsatu hortik biziko garenik».
ARITZ ERKIAGAPuntista
Bolada onean dagoela onartu du Erkiagak, baina, gehitu duenez, nabaritu da Barandika min hartuta dagoela eta Olharan eta Lopez Amerikako Estatu Batuetara joanak direla: «Uste dut maila bestelakoa izango litzatekeela haiekin. Hori kontuan dut lanean jarraitzeko, haiek hemen daudenean bolada horri eusteko».
Ilusioz jokatuko du gaur Donibane Lohizunen, «txapelketa garrantzitsua» da harentzat: «Ez dugu askotan jokatzen frontoi horretan, eta horregatik da garrantzitsua horrelakoetara heldu eta publiko berri bati ikuskizuna ematea, bertako umeek gu ikusi eta ilusioa berritzeko».
Oso presente du ahalik eta hoberen jokatzeko beharra ikusleek gozatu dezaten. Kirolaren etorkizunari buruz galdetuta, nabarmendu du gazteek ilusioa ez galtzea: «Asko dago egiteko. Gazteek ilusioari eutsi behar diote, eta hori gure esku dago. Winter Series txapelketa dago denon ahotan, baina, guretzat, txapelketa denek izan behar dute garrantzitsuak. Ezin dugu pentsatu Winter Series lehiaketarekin biziko garenik. Lekeitio, Gasteiz, Zumaia eta horietara heltzen garenean, Gernikan baino presio handiagoa dugu, edozein zale etortzen da-eta, eta sarrera ondo ordaintzen dute, gainera. Gure zeregina da horiei ikuskizuna ematea».
Uste du, gainera, hori lagungarria izan dela jendea erakarri eta kirolera «kateatzeko», frontoira joateko batez ere. Izan ere, Erkiagaren ustez telebistatik ikusten dena ez da frontoian bertan ikusten dena bezain harrigarria. Gainera, ez da soilik kirolaren kontua, inguruan sortzen denak ere laguntzen baitu: frontoiko esatariak, musikak...
«Gehiago zaintzen dugu geure burua, baina gehiago dakigulako, edo gu gehiago arduratu garelako horretaz».
ARITZ ERKIAGAPuntista
37 urte betetzear da Erkiaga, baina erretiroa ez du buruan gaur-gaurkoz; badu soka oraindik. Are gehiago, ibilbidea «luzatu» nahi du. Inoiz baino gehiago zaintzen dute beren burua egun, eta azaldu du frontoian «disfrutatzen» jarraitu nahi duela, baita beren esku dagoen guztia egiten dutela ere.
Prestakuntza, ezinbesteko
Asko aldatu da puntisten prestaketa fisikoa azken urteetan, beste kirol askotan bezala. Gaur egun, frontoiko lanari baino gehiago erreparatzen diote alderdi fisikoari, eta, izan gimnasioan edo izan kalean korrika, «hauspoa sendotzeko» entrenatzen dira. Gainera, frontoian asko ibilita besoak nekatzen zaizkiola azaldu du Erkiagak, eta nahiago du partidetara fresko iritsi: «Besoak gehiago zaintzen ditut, partidetan sasoi betean egoteko».
Esan duenez, prestaketa fisikoak inoiz baino garrantzi handiagoa du orain, baita zesta puntan ere. Erkiagak azaldu du bere kirolak historikoki «fama txarra» izan duela alderdi horri dagokionez, baina gaur egun denek egiten dute lan prestatzaile fisiko batekin. Eta uste du hori nabaritu egin dela frontoian: «Ez dira partida oso luzeak, baina partida osoan aritzen gara indar berarekin. Atseden gutxiago hartzen dugu, gainera, eta partidak arin pasatzen dira bata bestearen atzetik».
Elikadura ere ez da salbuespena: «Gehiago zaintzen dugu geure burua, baina gehiago dakigulako, edo gu gehiago arduratu garelako horretaz. Orain laguntza gehiago daukagu, prestatzaileak direla, dietistak direla... eta horrek asko laguntzen du».