Carlos Martinez. Realeko jokalaria

«Inoizko sasoi zailena izaten ari naiz, baina lehengoa izango naiz»

Martinezek dioenez, taldearen sasoi txarra ikusita, normala da zaleak amorruz egotea, eta saiatuko dira egoerari buelta ematen. Onartu du min egin ziela Carlos Velaren jarrerak, baina gaineratu dena ahaztua dagoela.

jon eskudero
Donostia
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Reala bera bezala, Carlos Martinez (Lodosa, Nafarroa, 1986) ere ez da denboraldi samurra izaten ari. Lesioak direla tarteko, «asko sufritu» behar izan du. «Profesionala naizenetik, nire denboraldirik zailena izaten ari da». Besteak beste, Hectorren eta Zurutuzaren ondoren, nafarra baita sasoi honetan gutxien jokatu duen jokalaria: guztira, 521 minutuan aritu da. Ordea, «ingurukoen laguntza baliatuta», berriro ere lehengoa izan nahi du, eta, gutxienez, denboraldia ongi amaitu. «Orain sei hilabete aita izan nintzen, eta alabak eman dit aurrera begiratzeko indarra. Orain, duela bi urteko Carlos Martinez bera izatea da nire helburua, eta beteko dut». Bi aste daramatza minik gabe lanean. «Bada zerbait. Ea hala jarraitzen dudan».

Aste Santua izanik, santuei zerbait eskatzeko moduan zarete, zaleek gero eta konfiantza txikiagoa baitute Realean.

Normala da zaleak beldurtuta egotea. Jokalarion artean ere errespetua ematen digu jaistekopostuetatik hain gertu egoteak. Beldurrik ez, baina zer pentsatua bai. Ligak geldialdia izanik, barne hausnarketa moduko bat egiten ari gara taldean: zer egiten dugun gaizki, zer hobetu dezakegun... Lanean serio ari gara, eta azken zortzi partidetara indarrarekin iritsiko gara. Badakit ez dela posible izango zale askoren amorrua baretzea, baina saiatuko gara.

Realaren egoera zaila ikusita, asteburua jai izango duzue. Ulergaitza da batzuentzat.

Zer esango dut nik. Gu langile batzuk besterik ez gara, eta esaten digutena egiten dugu. Zubietara etortzeko esango baligute, pozik etorriko ginateke. Eta jai hartu ere bai. Esan dezaket gure esku dagoen guztia egiten dugula egoerari buelta emateko. Oporretara joan aurretik, Eibarren aurka lagunarteko partida bat jokatuko dugu—ateak itxita izango da—, eta ondo etorriko zaigu. Batez ere, gutxi jokatzen ari garenoi. Ilusioz jokatuko dugu.

Zergatik dago Reala hain egoera zailean?

Behar baino okerrago sailkatuta gaude. Dudarik ez dut kalitate handiko jokalariak ditugula. Gaia badugu, sobera, baina garaia bada zelaian erakustekoa. Gorabehera asko izaten ari gara, eta asko kostatzen da gaizki hasten denari buelta emate. Izugarri. Futbol talde bat dinamika txarrean hasten denean, erne. Adibide ona da gurea. Gaizki hasi ginen, eta antzera jarraitzen dugu.

Hasiera zaila izan zen, eta David Moyesen kaleratzea etorri zen gero. Mesederako izan zen?

Ez dakit. Garbi zegoen Moyesekin taldeak ez zuela funtzionatzen. Entrenatzaile aldaketek ez dute laguntzen taldearen jardunean, baina uste dut beharrezkoa zela. Eta zuzendaritzak ere hala ikusi zuen. Egoera eramanezina bihurtu zen, emaitzengatik eta beste gauza askorengatik. Eusebio etorri zen gero, eta uste dut taldeak asko hobetu duela, jokoari dagokionez. Bost partida jarraian daramatzagu irabazi gabe, baina ez gara hain gaizki ere sentitzen.

Zaleak ilusioa galtzen hasita daude, bada.

Normala da, baina liga ahalik eta ondoena amaitzen saiatuko gara. Lehenago ere lau partida jarraian irabazi genituen, San Mamesen irabazita poza eman genien zaleei, baina gehiago merezi dute. Gure esku dago, eta ahaleginean jarraituko dugu.

Denbora gutxian, zuritik beltzera igaro da Reala. Zergatik?

Sportingen zelaian 5-1 galdu izana kolpe gogorra izan zen. Min egin zigun, baina esnatu ginen. Gero lau partida jarraian irabazi genituen, azkenekoz San Mamesen, eta ordutik ezinean gabiltza. Min hartu genuenean, emaitza hobeak atera genituen, eta, poz handia hartzean, behera egin dugu berriz. Ez dakit zein den arrazoia, baina garbi dago berriro ere lehengo bidera itzuli behar dugula ahalik eta azkarrena.

Egutegiak sortzen dizue beldurrik?

Ez, baina egia da oso partida zailak izango ditugula. Hasteko, Sevillari egin beharko diogu bisita. Denbora asko darama bere zelaian galdu gabe, baina horrek esan nahi du lehenengo porrota gertuago dutela. Indartsu joango gara. Ondoren, Bartzelona etorriko da, eta erakutsi izan dugu gai garela irabazteko. Orain arte, huts egin izan dugu talde txikiagoen kontra, ea handien aurka hobeto moldatzen garen.

Helburu horretan, jokalari garrantzitsua izan daiteke Carlos Vela. Nola hartu zenuten egin zuena?

Egunero alboan duzun taldekide eta lagun batek hori egin duela jakitean mina sentitzen da. Argazkiak ikustean, harrituta geratu ginen. Baina hitz egiteak dena sendatzen du, eta Velarekin hitz egin genuen. Gure artean esandako guztia ezin dugu plazaratu, eta jadanik ahaztuta dugu guztia. Horri bueltaka ariko bagina, kalterako izango litzateke, taldeak maila eskasagoan jokatuko bailuke, eta kito. Gure aldetik, ahaztuta dago guztia.

Damututa al dago egin zuenarekin?

Bai, eta prentsaurrekoan ere hala esan zuen. Hasiera-hasieratik eskatu zigun barkamena. Onartu zuen gaizki jokatu zuela, eta ondorioak onartu ditu. Zuzendaritzaren erabakiari ez dio kontra egin, eta hark ere aurrera begiratu behar du. Liga beste aho zapore batekin amaitzeko gogotsu dago.

Zu bezala, beraz. Zer moduz sentitzen zara?

Profesional egin nintzenean bezalako ilusioa daukat berriro ere minutuak izateko. Ondo osatu izan naizenetan, min hartu dut berriro ere, eta behin baino gehiagotan tokatu zait hutsetik hasi beharra. Oraindik bi hilabete falta dira liga amaitzeko, eta badago denbora egoerari buelta emateko. Pozik ari naiz lanean, eta joan den jardunaldian Las Palmasen aurka bukaeran jokatzeak ere ilusioa egin zidan.

Aitor Lopez Rekarteren garaitik, jabe jakinik gabe dago Realaren defentsako eskuin hegala. Zaila izango duzu hori lortzea. Lehia handiago dago postu horretan.

Egia esan, taldeko lehiakortasunik handienetako bat gure postuan dago. Zaldua eta biok geunden lehen, eta Aritz Elustondo ere agertu da orain. Nire ustez, hura dago denon gainetik oraintxe bertan. Baina defentsaren erdian ere joka dezake, eta prest egon beharra daukagu Zalduak eta biok. Badakit nire maila berreskuratuz gero aukera badudala jokatzeko, baina lanean jarraitu beharra daukat. Orain dela bi urteko jokalari bera izan nahi dut berriro ere.

Zurrumurruen arabera, neguko merkatuan Realetik irteteko aukera izan zenuen. Egia al da?

Ez. Gezurra da. Ez naiz inon egongo Realean eta Donostian baino hobeto, eta luzerako dut oraindik ere lan hitzarmena. Beraz, gaur-gaurkoz, Realean bakarrik daukat burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.