Pilota feriaren batek arrakasta baldin badauka, Iruñeko sanferminetakoak dauka, sekulakoa baitauka. Aspaldiko ohitura da sarrerak salgai jartzea eta ziztu bizian bukatzea. Pagotxa da pilota enpresentzat, eta horri ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen dira urtero.
Baina, asmo horretan koska bat egin dute gora aurten, eta inoizko feriarik luzeena eta osatuena antolatu dute. Bederatzi egun iraungo du, iaz baino bi gehiago: uztailaren 5etik 14ra jokatuko dute. Horren ondorioz, 11 jaialdi egingo dituzte, iaz baino bi gehiago. Labriten izango dira denak, San Fermin eguneko goizekoa ez beste: 11:00etan hasiko da hori. Aurten, lehen aldiz, Nafarroa Arenan jokatuko dute Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala. Argi dago arrazoia: ahalik eta jende gehien joatea, eta, beraz, ahalik eta sarrera gehien saltzea. 3.000 ikusle inguru sartzen dira bertan, Labriten sartzen direnak halako bi. Alde handia da. Jokin Altuna eta Jon Ander Peña ariko dira aurten txapela jantzi nahian.
Binakako torneoan ere aldaketak egin dituzte Aspek eta Baikok, eta horretan ere handira egin dute apustu, bikote gehiagok jokatuko baitute: sei aritu beharrean, zortzi ariko dira; enpresa bakoitzetik lau. Hala ere, lau bakarrik ariko dira seguru ligaxkan. Altuna III.ak eta Julen Martijak, Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak, eta Erik Jakak eta Jon Ander Albisuk A multzoan jokatuko dute, eta, Jon Ander Peñak eta Jon Mariezkurrenak, berriz, B multzoan. Multzo horretako beste bi bikoteak uztailaren 5ean eta 6an jokatuko dituzten bi atarietako irabazleak izango dira. Baikokoan, Mikel Urrutikoetxea eta Aitor Aranguren Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka ariko dira ostiralean, 22:15ean, eta, Aspekoan, Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa Aitor Elordiren eta Beñat Rezustaren aurka, larunbatean, 17:15ean. Gauez jokatuko dituzte ligaxkako partida guztiak, 22:15ean, eta bi multzoetako irabazleek finala jokatuko dute uztailaren 14an, 17:15ean.
Bezperan, Olioaren Desafioa jokatuko dute bi enpresek, 17:15ean. Hiru partida jokatuko dituzte: lehena, lau eta erdian; bigarrena, binaka; eta, hirugarrena, buruz buru.