Besteek nola egiten duten surf begira dago itsaso ertzetik. Ez da erraza izaten Nadia Erostarbe (Zarautz, Gipuzkoa, 2000) etxean harrapatzea. Urte sabatikoa hartuta dabilen arren, txapelketetako bidaiak kontuan hartuta, ez da geldirik egon. Irailean izango dituen erronkei begira dago jada buru-belarri.
Sasoiko hasi duzu denboraldia.
Bai, eta oso pozik nago. Azken hiru hilabeteak oso onak izan dira. Ez nuen espero irabaztea QS zirkuituko Senegalgo eta Txileko probak. Izugarria izan da. Urte osoan zehar txapelketa asko izaten dira, puntuazio ezberdinekoak, eta irabazi ditudan puntuekin nahiko aurrean sartu naiz. Urte amaieran lehen bosten artean sartzen banaiz, lehen mailara igoko naiz datorren urtean. Denboraldi hasieran ez nuen horrelakorik espero.
Urte hasieratik oso erregularra izaten ari zara.
Bai, eta ikaragarri entrenatu naiz horretarako. Urte hasieran, Barbadosen egon nintzen, ur berotan entrenatzen. Bagenekien urteko lehen bost hilabeteak oso gogorrak izango zirela, eta hemen entrenatzea oso zaila da. Gabonak ere han pasatu nituen, entrenatzailearekin eta haren familiarekin.
Esperotako denboraldia izaten ari al da?
Ez. Inoiz usteko nuen baino askoz hobea izaten ari da. Nire helburu nagusia lehen 30etan sartzea zen, nahiz eta banekien oso-oso zaila izango zela. Txapelketaren bat irabazterik ez nuen espero; oso urruti ikusten nuen. Beraz, pentsa orain, bi irabazi ondoren.
Zer oroitzapen duzu Senegalgo lehen garaipen hartaz?
Izugarria izan zen. Giro aparta egon zen, olatu harrigarriak... Gainera, aitarekin joan nintzen hara. Dena aldeko izan nuen; ez nuen inolako garai txarrik izan. Fisikoki oso ondo nengoen, olatu onak izan nituen, eta zorte pixka bat ere izan nuen. Ez dira askotan tokatzen horrelako egunak. Egindako lanaren ondorioak ikusten hasi nintzen han.
Zer sentitu zenuen irabazle zinela esan zizutenean?
Izugarrizko poza. Ordura arte bidean egin nituen esfortzu guztiak etorri zitzaizkidan burura; merezi izan zuela konturatu nintzen. Beste kirol askotan bezala, hemen ere ez dago sekreturik: lana, lana eta lana.
Lana aipatuta, ez da erraza izango Gabonak etxetik kanpo igarotzea 18 urterekin. Zer egiten zenuten Barbadosen?
Oso ondo moldatu ginen, bai entrenatzailearekin, bai haren familiarekin. Ruben Vitoria laguna eta surflaria ere gurekin etorri zen, eta oso ondo pasatu genuen. Egunero aritzen ginen surfean, ur berotan, jende berria ezagutu nuen... Izugarrizko esperientzia izan zen. Pena bakarra zen familiarengandik urrun nengoela.
Amestutako denboraldia izaten ari da. 2017koaren antzik ez du.
Oso urte gogorra izan zen hura. 2016an oso urte ona egin nuen juniorretan, hirugarren izan bainintzen Europako Txapelketan. Uste nuen 2017an mundua jan behar nuela, eta aurkako efektua izan nuen. Denek uste zuten izugarrizko denboraldia egingo nuela, eta neure buruari presio handiegia egin nion. Ez zitzaidan ezer ondo atera, eta txapelketa guztiak oker egin nituen. Aldaketak behar nituela konturatu nintzen, eta entrenatzailea aldatu nuen. Ibon Amatriain utzi, eta Julen Lasarekin hasi nintzen. Julenek ez du jende asko entrenatzen, eta nirekin denbora gehiago egoteko aukera dauka. Hasiera oso gogorra egin zitzaidan. Izan ere, aurretik astean bi egun entrenatzen nintzen, eta, Julenekin, egunero entrenatzen hasi nintzen.
Urte txar horretan ez al zenuen pentsatu dena pikutara botatzea?
Ez, surfa ez nuen utzi nahi, baina lehiatzeari utzi nahi nion. Motibazio falta izugarria izan nuen garai hartan. Familiakoen babesa bakarrik izan nuen; agian, ondoan beste akuiluren bat izan banu...
Zarautzen jaiotzeagatik surflariek presio berezi bat izaten al duzue?
Ez. Nik uste dut onerako dela. Asko laguntzen du horrelako jende ona gertu izateak. Esaterako, Galizian aurkakoa gertatzen da; izugarrizko olatuak dituzte, baina ez da surflaririk irteten. Alde horretatik, Zarautzen jaiotzeak gehiago du onetik txarretik baino.
Zer aldatu zizun Lasak?
Oso aldaketa handia izan zen. Txapelketarik ez nuen jokatu ia, eta entrenatzen pasatzen nuen egun guztia. Urtea bikain hasi nuen, eta handik aurrera denak beste itxura bat hartu zuen.
Australiara ere joan zinen.
Bai, urte arraroa izan zen iazkoa. Selektibitate probak nituen, eta hilabete pasatu nuen Australian. Azterketak egitera bakarrik etorri nintzen, eta, zorionez, dena atera nuen aurrera. Gero, Portugalera joan nintzen, eta Europako Txapelketan murgildu nintzen buru-belarri. Azkenean, txapeldun izan nintzen.
Zer bilatzen zenuen Australian?
Lehenik, entrenatzea. Hemen, denboraldia Aste Santuaren ondoren hasten zen, eta hilabete lehenago hara joatea erabaki nuen, sasoia hartu eta han txapelketa batzuk jokatzeko. Euskal Herrian, otsaila oso gogorra izaten da, eta, gainera, 2016ko sentipenak berreskuratu nahi nituen. Ederki etorri zitzaidan hango egonaldia; uste baino askoz hobeto itzuli nintzen.
Hura surflarien sehaska da.
Bai. Hasieran, izugarrizko kolpea hartu nuen. Hemen zerbait nintzelakoan joan nintzen hara, eta han konturatzen zara ez zarela inor. Lehen txapelketan oso gaizki ibili nintzen, baina bigarrengoan hobeto ikusi nuen neure burua. Egun batzuk igarota, konturatu nintzen ez nengoela haiengandik hain urruti.
Iazko denboraldia ez duzu berehalakoan ahaztuko.
Egunero entrenatzen hasi nintzenean konturatu nintzen zerbait egiteko gai nintzela. Julenek asko lagundu zidan garai batean, eta, egun, nire entrenatzailea izateaz gain, nire managerra ere bada. Izugarrizko konfiantza du nigan, eta, harekin hasi nintzenetik, maila asko igotzea lortu dut, Europako txapeldun izatera iritsi arte.
18 urteak kritikoak izaten dira kirol askotan: ikasketak, nekea, beste motibazio batzuk... Zuk horrelakorik izan al duzu?
Gure kirolean, lehen, junior maila 21 urtera arte izaten zen, eta emaitza onak lor zitezkeen urte batzuetan. Baina, orain, muga hori 18ra jaitsi dute. Gauzak asko aldatzen dira munduko onenekin lehian hastean, eta lehen kolpeak oso gogorrak izaten dira. Gauzak asko aldatzen dira urte batetik bestera, eta horiek ere kudeatzen jakin behar izaten da. Orain arte, behintzat, ez dut horrelako sentipenik izan.
Aurten ezer ez ikastea erabaki zenuen. Apustu serioagoa egiteko asmoa duzu?
Aspalditik nuen pentsatuta hori egitea. Gainera, ahizpak ere egina zuen, eta gurasoek zor zidaten [barrez]. Lehiatzeko eta bidaiatzeko asmoa dut, eta ondo doa apustua. Ea berdin jarraitzen dugun.
Bidaiatu eta lehiatu esan duzu. Zuen kirola ez da batere merkea. Zenbateko aurrekontua behar duzu urte osoa egiteko?
20.000 eta 30.000 euro artean. Egun, laguntza asko ditut. Espainiako Gobernuko beka bat badut, eta Basque Team-en beste bat. Horrez gain, O'Neillek eta Pukasek ere babestu egiten naute, eta laguntza eman. Txapelketetan ere zerbait irabazten dut, baina txapelketa bakoitza dirutza izaten da: bidaia, izena ematea...
Diruak zeresan handia du surfean. Ona izan arren, diru faltagatik edo babes faltagatik dena utzi behar izan duen surflaririk ezagutu al duzu?
Bai, Brasilen, esaterako. Surflari on asko daude, baina bertako arazo ekonomikoengatik bertan behera gelditzeko zorian izan dira; esaterako, Jadson Andre. Iaz, CT mailara igo zen, munduko onenekin lehiatzeko asmoz, baina ezin zituen txapelketak jokatu, ez zuelako babeslerik. Azken orduan, pertsona batzuek haren aldeko apustua egin zuten, eta, gaur egun, QSko liderra da, eta CT mailan ere nahiko ondo dabil.
Zenbat egun lehenago bidaiatzen duzu txapelketetan parte hartzeko?
Txapelketaren eta lekuaren araberakoa da. Astebete lehenago joaten naiz, askotan ordu aldaketagatik. Ostatua ere hondartzatik ahalik eta hurbilen hartzen saiatzen gara beti, eta, hori bai, beti lagunekin edo ezagunekin. Nire entrenatzaileak askotan laguntzen dit. Han gaudela, egun gehienak surfean pasatzen ditugu.
Zenbat egun pasatu dituzu orain arte kanpoan?
Azkarragoa izango da etxean pasa ditudanak kontatzea [barrez]. Gutxi gorabehera, urte erdia pasatzen dut etxean, eta beste erdia kanpoan. Ez zait batere kostatzen bidaiatzea, oso gustuko dut.
Orain arte daramazun denboraldiarekin gustura al zaude?
Gaur egun, munduko hamabosgarrena naiz, eta gorengo mailara bost bakarrik igotzen dira. Ametsa hori da, lehen bostetan sartzea. Helburua urruti daukat oraindik, baina sar naitekeela uste dut. Badakit gehiago entrenatu behar naizela, eta gauza asko hobetu behar ditudala, baina egin dezakedala iruditzen zait.
Orain, zenbat egunez entrenatzen zara?
Lau asteko atseden aktibo batean nago orain. Bizikleta asko eta gimnasio asko egiten ari naiz. Surf egin, aldiz, batere ez. Hau amaitzean, baina, agian, astean 30 orduz ibiliko naiz surfean. Izango dut denbora hurrengo asteetan.
Nolakoa izaten da surf txapelketa bateko egun bat?
Oso egun luzeak izaten dira. Irekierak 07:30ean izaten dira gutxi gorabehera. Halere, hondartzatik gertu baldin banago, 05:00etan 30 minutuko saioa egiten dut. Ondo etortzen zait aktibatzeko. Etxera joan, gosaldu, eta irekierara joaten naiz, txapelketan noiz sartuko naizen ikustera. Inoiz ez da aurreikusita egoten nola hasiko den. Askotan, arratsaldera arte ez gara hasten, eta, orduan, etxera joaten naiz, atseden hartzera. Eta pentsa, ez da egun bat izaten; aste oso bat izaten da. Adibidez, azken txapelketan lau egun egon nintzen zain txapelketa hasi nuen arte.
Hurrengo Olinpiar Jokoetan, surfa presente izango da. Zer esaten dizu horrek?
Beste helburu bat izan daitekeela. Ilusio handia egiten dit, baina ilusio handiagoa egingo lidake maila nagusira igotzeak. Hala ere, ez da ziurra Espainiako selekzioa Tokion arituko dela, ia ezinezkoa izango baita bertan sartzea. Aurretik lan handia egin beharko dut han egon nahi badut. Europako Txapelketa irabazi beharko nuke.
Irailerako zein dira zure erronkak?
Irailaren 1etik 4ra, 10.000 puntuko txapelketa batean lehiatuko naiz, eta irailaren 7an Munduko Txapelketan ariko naiz.
Uda, beraz, uretatik atera gabe egingo duzu.
Bai, uztailera arte etxean izango naiz, eta, gero, Kaliforniara (AEB) joango naiz. Abuztuaren erdialdean, txapelketa batzuk jokatuko ditut han. 10.000 puntuko txapelketa bat ere bada han, baina oso zaila iruditzen zait sartzea. Gonbidapenak eta itxaron zerrendak izaten dira gure probatan, eta, ni itxaron zerrendan nagoenez, badaezpada ere han izango naiz. Txapelketa hasi baino bost minutu lehenago dei diezazukete.
Denboraldia orain amaituko balitz, aseta geldituko al zinateke lortutakoarekin?
Bai, zalantzarik gabe. Urte hasieran sinatuko nuke lortu dudana lortzea. Egia da orain, bi txapelketa irabazita, gehiago nahi dudala, baina jabetuta nago munduko onenekin nabilela lehian.
Nadia Erostarbe. Surflaria
«Inoiz usteko nuen baino askoz hobea izaten ari da denboraldi hau»
Bikain ekin dio denboraldiari Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak, jada sailkatze serieetako zirkuituko bi txapelketa irabazi baititu: bata Senegalen eta bestea Txilen. Horri esker, zirkuituko sailkatuetan hamabosgarrena da. Maila nagusia du begiz jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu