Gonzalo Carrion. Hondarribiko arraunlaria

«Inoiz irabazi gabea zelako du garrantzia»

Inoiz egin gabekoa egin zuen igandean, taldekideekin: aurrenekoz irabazi zuten Espainiako txapelketa, ustekabea emanda.

Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2012ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Igande eguerditik daude aurpegi argitsuak Hondarribian. Ederki berotzen duen eguzkiaren beharrik ez dute horretarako. Lehen aldiz irabazi zuen taldeak Espainiako txapelketa, eta ospakizun handia izan zen herrian. Tostetan zen Gonzalo Carrion (Hondarribia, 1977). Patxadaz mintzo da, zentzuz, eta azterketa sakon horretatik ondorio hau atera du: irabazi izanak meritu bikoitza duela dio, «diruarekin egindako taldeen» aurretik sartu zirelako.

Zuen familian, aurreneko arraunlaria al zara?

Bai, aurretik ez inor izan.

Ezagunak izango dituzu Espainiako txapelketa irabazi ezinda geratu ziren arraunlarietako batzuk, ezta?

Bai, auzokoak dauzkat. Bat ezagutzen dut aurreko mendeko 40ko hamarkadan ibilia, eta beste belaunaldi batzuetakoak ere ezagutzen ditut.

Ezin izan zuten Espainiako txapelketa irabazi. Zer kontatzen dute?

Beti kontatzen dute ezin izan zutela irabazi. Gauza bat zela, bestea zela, ezin. Zerbait hautsi, kale txarra, estropada txarra... Horrelako asko gertatu izan zitzaien.

Haurra zinenean gertatuko zitzaizkien halakoak zure herriko arraunlariei txapelketa horretan. Gogoan al dituzu?

Lau urte neuzkanean, 80ko hamarkadako hasieran, urte politak izan zituzten, baina txikia nintzen. Gero, 90eko hamarkadan, lehen bost urteetan, gogoan dut Kontxan ondo ibili zirela, ohorezko txandan, eta 1995ean, Espainiako txapelketan bigarren izan zirela.

Gero, zuen txanda izan da. Zenbat bider atera behar izan duzu txapelketa hori irabazteko?

2000tik nago lehen taldean, eta harrezkero, zazpitan atera naiz txapelketan. Lau domina irabazita ditut: zilarrezko bat, brontzezko bi eta oraingo urrea. Besteetan, laugarren behin izan ginen, eta bosgarren bi bider.

Zergatik izan da hain garrantzitsua Hondarribiarentzat Espainiako txapelketa irabaztea?

Inoiz irabazi gabea zelako. Horregatik nahi genuen irabazi. Gero, azken urteetan, kirol mailan, hori irabazi dutenak selekzioak izan dira: Castro, Kaiku, Astillero eta Urdaibai. Diruarekin osatutako taldeak dira.Txapelketetan, beren talde onena ateratzeko aukera dute, eta, hala ere, guk irabaztea egundokoa izan da. Meritu handia daukagu.

Arraunlari beterano haietakoren batek esan al dizu zerbait igandekoaren ondoren?

Lehengo presidentearekin egon nintzen, Miguel Bernedorekin, eta zoriondu egin ninduen; oso pozik zegoen. 30 urtez egon zen presidente, 2000. urtera arte, Joxemi [Joxemi Elduaien, egungo presidentea] heldu bitarte. Orduko zuzendaritzakoak ere zoriondu gaituzte.

Nolabait esateko, beraiek irabaztea bezalakoa izan al da?

Hori da. Azkenean, herriak irabazten du. Guk irabazten badugu, herria pozik dago. Klubean egon den jende beteranoa oso pozik dago.

Ongietorriko festa berezia izan zen ala beste edozein bandera irabazitakoan bezalakoa?

Berezia. Udalak ez digu harrera egiten normalean, Kofradiak egiten digu, hemen portuan. Baina igandean, udalak egin zigun, eta gero joan ginen Kofradiara. Kalejira eta guzti izan zen, euskal festak ere parean tokatu zirelako.

Espainiako txapelketa irabaztea pareka al daiteke Kontxako Bandera irabaztearekin?

Ezberdinak dira. Biak dira zailak. Espainiakoan irabazteko, Gipuzkoakoan sailkatu eginbehar duzu; gauza bera Euskadikoan, eta gero, Espainiakoaren lehen egunean, finalerako sartu behar zara. Kontxan ere sailkatu egin behar zara, eta gero, bi egunetan lan ona egin. Kontxa, Kontxa da: txirrindularientzat Frantziako Tourra bezalakoa da guretzat Kontxako Bandera.Arraunlari batzuentzat, Kontxaren atzetik dagoen estropada handiena da Espainiakoa, baina hori bakoitzaren arabera dago. Aurkarien maila bera da Espainiakoan eta Kon- txan, eta horretan badira berdinak.

Talde osoak egin zenuten arraun txapelketan. Beste filosofia bat da zuena.

Bi egunetan banatuta, denok egin genuen arraun, 18 arraunlariok. Horregatik, meritua bikoitza da irabaztea.

Faboritoen artean ez zeundeten, eta irabazi izanak ematen al dio beste kutsu bat garaipenari?

Kaiku eta Urdaibai ziren hautagai nagusiak. Guk bagenekien zer egin behar genuen irabazteko: dena ondo, eta, gainera, haiek huts egin behar zuten. Guk gurea bete genuen, Kaikuk huts egin zuen kanpoko ziabogetan nire ustez, eta hori baliatu genuen aurrera egiteko.

Txapelketaren aurretik, Kaikuk menderaezina ematen zuen, baina zuek irabazi egin diozue. Zer esan nahi du horrek?

Kaikuk hogei arraunlari ikusgarri dauzka. Dena irabazteko taldea da, eta horiei guk irabaztea da futbolean Real Madrili edo Bartzelonari irabaztearen parekoa. Ikaragarri zaila da. Hemendik aurrera oso zaila izango da haiei irabaztea. Halako ezusteak hamar edo hogei estropadatik behin gertatuko dira. Haiek huts egitea zaila da, eta itsaso pixka bat egotea ere beharrezkoa da, olatu pixka bat.

Jakinik haiei irabaztea oso zaila dela, nola egiten diozue aurre estropada bakoitzari?

Gu gure lanak egitera ateratzen gara, eta kito.

Larunbatean, herrian duzue estropada. Azkenaldian, oso gutxitan irabazi duzue etxean bertan. Hain zaila al da?

Horren esperoan gaude. Jendea txoratuta egongo da igandeko pozarekin, eta gu, irrikan irabazteko.Baina, normalean, etxeko on- tziak ez du emaitza onik lortzeko etxeko estropadan. Egun bateko lana da, eta oso zaila da dena parean tokatzea egun zehatz batean. 2006an irabazi genuen azkenekoz; bigarren eta hirugarren izan gara, baina irabazi... sei urte irabazi gabe. Egun hartan, ondo irabazi genuen; Pedreñak sei segundo ateratzen zizkigun azken ziabogan, eta hala ere, guk irabazi genion.

Hondarribiako estropada zergatik da berezia San Miguel ligaren baitan?

Estropada politenetakoa da, jende asko etortzen delako ikustera. Hondarribitik eta Hendaiatik ontzi asko ateratzen dira estropada ikustera, kalejira ere egoten da, tabernak ere giroa prestatzen hasten dira lehenagotik. Egundoko giroa egoten da, eta gauzak ondo ateratzen bazaizkigu, bikoitza izaten da festa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.