IK4-Tekniker ikerkuntza zentroan egiten du lan Asier Cuevasek (Eibar, Gipuzkoa, 1973), Eibarren, Azitaingo industriagunean. Bazkalorduko tartean egin dio kasu BERRIAri. Industri Maisu ikasketak egin zituen Eibarko Armagintza Eskolan, eta urteak daramatza bertan lanean. Zortzi ordu egiten ditu plano artean, eta han dauden makina bat baino gehiago eraikitzen parte hartu du. Asteburu honetan, 50 kilometroko Espainiako txapeldun izan da.
Atzera egin duzu, eta ez zara aurten erretiratuko. Zer pasatu da?
Iaz uztea zen nire asmoa, 100 kilometroko Munduko Txapelketan. Adinean gora noa, eta uzteko une egokia iruditu zitzaidan, sasoiko nengoelako. Baina lasterketa hasi eta berehala, hautsi egin nintzen, eta ez nuen horrela utzi nahi. Ondo nengoela ikusita, eta etxekoek ere animatu nindutenez, 100 kilometroko beste proba bat eginez utzi nahi nuen, eta 2017ko Europako Txapelketara arte luzatzea erabaki nuen. Azkenean, baina, ez da jokatu, eta, ondorioz, 2018ko Munduko Txapelketara arte luzatuko dut ibilbidea.
Etxekoek zer esan dizute?
Ez ziren harritu, nire emazteak ez du sinesten hurrengo urtean pistoia jaitsiko dudanik. Argi dut atletismoa ez dudala erabat utziko, inoiz. Gustuko dut, behar dut, eta nire seme alabak kirol munduan sar daitezen ona iruditzen zait. Baina argi dut 2018an erritmoa jaitsiko dudala, hau zaletasun bat da, eta eromena da goiz eta arratsalde entrenatzea.
100 kilometrotako Europako txapeldun eta munduko txapeldunorde izan zara. Gauza bakarra falta zaizu.
Munduko txapeldun, hori da luzera honetan lor daitekeen saririk handiena, ez baita olinpiar proba. Sartuta dudan arantzatxoa da, baina badakit gaizki ere irten daitekeela. Curriculum ona dut, jende gutxik duena.
45 urte beteko dituzu 2018an. Gorputzak zer dio?
Oraindik ondo dabil, batez ere halako luzeretan. Hori bai, berrindartze epea luzeagoak dira. Intentsitate handiko lana egiten badu, 24 ordu ez dira aski, 48 eskatzen ditu. Niri asko hitz egiten dit, ondo ezagutzen dugu elkar.
Hain gogor entrenatzeak etorkizunean zure gorputzari kalte egingo dion beldur al zara?
Ordainsariren bat izango duela uste dut, ez dakit nolakoa, baina zerbait bai. Horregatik lehiatzen naiz gutxi, benetan kalte egiten duena lehiatzea delako. Kirol bizitza luzea izan badut, gutxi lehiatu naizelako da. Garaiz uzten badut, ez dut uste arazo handirik izango dudanik, agian higaduraren bat, baina erritmoa jaistean gorputza bere onera etorriko dela uste dut. Gainera ni pisu gutxikoa naiz, 47 kilotan nago.
100 kilometroko probaren ondoren, gorputzak zenbat denbora behar du aurrekora itzultzeko?
Analisietako balio hormonalak aurrekora itzul daitezen, gutxienez hiru aste. Giharrak nekatuta egoten dira. Hurrengo egunean, bizi tonua jaitsi egiten da, ahotsa galtzen duzu… 100 kilometrokoak jan egiten zaitu, handik bost egunera oraindik pisua galtzen jarraitzen duzu.
Maratoiarekin alderatuta?
Balio hormonal bat dago, odol analisietan agertzen dena, hausten duzun giharra neurtzen duena, eta, maratoiarekin alderatuta, hamar aldiz gehiago hausten dut. Creatina Kinasa da balio hori. Maratoiaren ondoren, 500era iristen naiz; 100 kilometrokoan, ia 6.000ra, 5.700 inguru. Distantzia bi aldiz eta erdi handiagoa da. Higadura, berriz, esponentzialki handitzen da.
Zer da gogorrena?
80. kilometrotik helmugara. 80 kilometrotara arte nire gorputzak ondo eusten dio, baina hortik aurrera… Zorabio pixka bat nabaritzen duzu, eta gorputza bizkorrago doa. Ezin zara astiroago joan. Bizkorrago joaten hasten zara, eta gero iristen da une bat non moteldu egiten zaren, amiltzen hasten zara, eta eutsi egin behar diozu. Niri arazoa hor datorkit. Normalean, giharretako arazoak. Errendimendua jaitsi baino gehiago, hanketako minak dira.
Goza daiteke?
Amaieran ez. 100 kilometrokoaren azken zatiak ez dit graziarik egiten. Maratoia beti maite izan dut, 100 kilometrokoa, berriz, esker txarragoko proba da.
Masokismo puntu bat badago.
Goi mailako kirol guztiek dute masokismotik zerbait. Pilotariak pilotari ematen dionean, eskuan min hartzen du, partidarekin gozatzen dabilen arren. Gurekin berdina da, une bat iristen da gorputzak sufritu egiten duena eta zu mentalizatu egiten zara erronka bat duzulako: munduko txapeldun izatea. Baina oso gogorra da.
Plazera non datza?
Plazera planifikazioan dago, entrenamenduetan, lasterketaren lehen zatian, jendearekin egotea...
100 kilometroko proba batean, zein da zuen erritmoa?
Niri batez bestekoa 3.57 ateratzen zait, baina, 80. kilometrora arte, 3.45ean egiten dut korrika.
100 kilometroko munduko markaren (6.13.33) erritmoa hartuta, maratoia 2.38an egiten da.
Bai. Nik 50 kilometroko Espainiako marka ezarri nuenean, maratoia 2.26an igaro nuen.
100 kilometroko probak ez dira hain ezagunak. Maratoilari gutxik ematen dute pausoa.
Bi arrazoi daude. Bat distantziak ematen duen gehiegizko errespetua da. Hori bai, ezin zaio inoiz errespetua galdu. Eta bi, ordaina du; zuk 100 kilometroko bat egiten baduzu, badakizu denboraldiko hiru edo lau hilabete hipotekatuko dizkizula berriz ere lehiatu aurretik. Irabazteagatik milioi bat euro emango balizkizute... baina profesionalak izan nahi duenak gehiago lehiatu behar du.
Mendiko ultramaratoiekin probatzerik ez duzu pentsatu?
Tentatu izan nau; baten batean parte hartuko dut, baina beste maila batean. 2018tik aurrera bai, entrenatzen jarraitzeko motibazioa izateko, eta umeek inguruan kirola ikusteko.
Nola entrenatzen zara? Nolakoa da zure aste bat?
Bi motako egunak daude: behin entrenatzen naizena eta goiz eta arratsalde aritzen naizena. Bi saioko egunetan, 07:00etan hasten naiz, 08:00etan lanera sartzeko. Orain, saio hori laneko aparkalekuan egiten dut, edo Azpeitian bueltaka, eta gero noa lanera. Aparkalekuak 423 metro ditu, zehazki, eta 20-25-30 bira ematen ditut. Arratsaldekoa eguneko entrenamendu normala da, dagokizuna: saio luzea, aldapak… Orain, astean lautan doblatzen ditut saioak.
Zertan pentsatzen duzu korrika egiten duzun bitartean?
Eguneroko gauzetan, mendira joatean bezala. Saio gogorra bada erritmoan pentsatu behar duzu, baina arinagoa bada, %80, paseatzera doanak bezala: lana, bizitzako gauzak, edo txuri uzten duzu burua. Normalean, bakarrik egiten dut korrika.
Ez zara aspertzen?
Ez. Inoiz ez naiz aspertu korrika. Egunak badaude entrenatzeko gogorik ez duzuna, euriarekin-eta. Baina aspertu, inoiz ez.
Musikarik entzuten al duzu?
Bai. Denetarik entzuten dut, baina raka-raka nahiago dut txunba-txunba baino.
Eibarkoa izanda, Su Ta Gar?
Bai, baina ez hainbeste, 1970 eta 1980ko Ingalaterra eta Alemaniako talde klasikoen zaleagoa naiz: Accept, Iron Maiden, Dio…
Eta mp3ko bateria bukatzean?
Horrek bai izorratzen nauela! Baina tira, ez dio axola, aurrera jarraitu behar. Arreta gehiago jartzen dut korrika egiteko moduan.
Zenbat kilometro egingo zenituen korrika zure bizitza osoan?
Ez dakit, asko. Orain, zazpi edo zortzi mila urtean, elitean 2001. urtetik nabil… [kalkulagailua atera du] 130.000 bat 2001etik [munduari hamar itzuli dira].
Zenbat kirol oinetako urratu dituzu?
Urratu ez, higatu egiten ditut. Auskalo zenbat; asko. Zorionez, orain New Balance taldean nago, kultuzko marka izan da guretzat, eta oso gustura nago materialarekin. 1980ko hamarkadan, New Balance kirol oinetakoak izatea Mercedes autoa izatea bezalakoa zen.
Lan egiten duzu gainera?
Bai, nik beti izan dut argi hau zaletasun bat dela, lan bizitzarekin uztartu behar nuela eta orain familia bizitzarekin. Erraztasunak ematen dizkidate lanean, baina ez dut uste nirekin arazorik dagoenik, nik nire orduak ondo betetzen ditut eta moldatzen badakit. Teknikerrekin ez dut kexurik.
Zergatik ez atleta profesional?
Ez dakit. Horretarako askoz gehiago lehiatu beharko nintzatekeen. Eta ez nuen hori egin nahi. Erabaki hau hartu nuen, eta ez zait damutu. Nik ez dut esango «erabateko dedikazioa izan banu maratoia ez dakit zenbatean egingo nuen…». Nire bizitza hau izan da, eta heldu naizen tokira heldu naiz nik nahi izan dudan bezala.
Zein izan da atletismoan jaso duzun saririk handiena?
Dirutan? 500 euro. Gehiago ez dut gogoratzen. Gero bai, Basque Teamen eta Espainiako Federazioaren bekak ditut. Diruak ez nau mugitzen.
Korrika egiteagatik dirua galtzen al duzu?
Orain ez, bi bekak ditudalako. New Balance etxearekin urte asko daramatzat, eta masaje emaileak ez dit kobratzen. Baina bekak ez nituenean noski dirua galtzen nuela, oso gutxi lehiatzen naizelako. Halere, ez naiz aberastu, eta irabaziak atletismoan berrinbestitzen ditut. Iaz, adibidez, Munduko Txapelketa jokatu aurretik hamabost egin nituen Lanzaroten entrenatzen, laneko oporretan, eta horrekin ordaindu nuen.
Eta familia kontziliazioa posible al da? Bi seme alaba dituzu.
Zorionez, pertsona oso aktiboa naiz. Lehen umea izan genuenetik, egunero nire buruari arratsaldeko zazpiak eta zortziak artean iristea ezarri nion, bainuaren ordura iristeko. Aner jaio zenetik, bainu gutxi galduko nituen. Eta gero afari eta bazkariak nik egiten ditut. Entrenamendu tokitik gertu bizi naiz, eta lagungarria da.
Asier Cuevas. Ultramaratoilaria
«Inoiz ez naiz aspertu korrika egiten»
130.000 kilometro inguru egin ditu korrika, eta oraindik ez da nekatu. 2018an utziko du elitea Cuevasek, ahal bada 100 kilometroko munduko txapeldun izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu