Inoiz ez da berandu

Iñigo Ruiz de Galarreta indartsu itzuli da Athleticera. Pilatutako eskarmentuak eta arlo fisikoan izan duen garapenak debutatu zuenean baino jokalari osoagoa egin dute. Gaur, hasieratik ariko da San Mamesen, Cadizen kontra.

Iñigo Ruiz de Galarreta, Real Madrilen aurkako partida batean, San Mamesen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Goi mailako futbolean lekua egitea gaitza da. Asko dira ahalegintzen direnak, eta aukeratu gutxi batzuek baino ez dute ametsa betetzen. Gehiengoa bidean geratzen da. Iñigo Ruiz de Galarreta (Eibar, Gipuzkoa, 1993) zerrenda luze horretako beste kide bat izan zitekeen. Futbolean jokatzeko dohain onak izan arren, zituen gabeziak eta, batez ere, gainditu behar izan dituen oztopoak umetako ilusioa ezerezean lagatzeko nahiko izan zitezkeelako. Baina ahalegintzen denak, inoiz amore ematen ez duenak, saria lor dezake. Erdilari eibartarrak argi eta garbi erakutsi du posible dela ezinezkoa dirudiena egia bihurtzea.

9 urterekin aritu zen Lezaman lehen aldiz. Txikia zen, eta ahul samarra. Baina ikasten ez den hori zeukan: futbolean aritzeko erraztasuna; argitasuna. Baloia oinetan zuen bakoitzean gainerakoentzat ezinezkoak ziruditen jokaldiak asmatzeko gaitasuna zuen. Ondorioz, oso gaztetatik izan du fokoa gainean. Lezamako harribitxi nagusietako bat izanik, oso goiz hasi ziren teknikari, aditu zein komunikabideak bere inguruan berba egiten.

Azkar eta ondo egin zituen beheko mailetatik Athletic B-ra arteko urratsak. Marcelo Bielsak ere ez zuen zalantzarik egin bere alde egiteko, eta lehen taldearen ateak zabaldu zizkion 2012-2013ko denboraldian. Baina ez da samurra izaten azken urratsa egin, eta han egonkortzea. Maila handia dago, lehiakortasuna itzela da, eta gaitza da onenen artean lekua egitea.

Galarretaren gabezia nagusia arlo fisikoan zegoen. Elitean erritmo bizian jokatzen da, eta indartsua izan beharra dago aurkariei aurre egiteko. Euskarri gaztea ez zegoen prest lehen aukera eman ziotenean. Gorputza landu beharra zeukan berezkoa zuen gaia garatzearekin batera. Horretarako, maletak egin, eta maila apalagoko talde batean zailtzea erabaki zuen. Mirandes aukeratu zuen horretarako.

Apustua benetan ondo zihoan bere kirol ibilbidea baldintzatu duten belauneko lehen lesioa izan zuen arte. Min hartu zuen arte, arrastoa utzi zuen. «Urte hartan ez zuen zorte handirik izan. Lesionatu egin zen, baina lesionatu zen arte bere balioaren berri eman zuen. Gazte apal bat ezagutu nuen: alaia eta jatorra. Langilea zen, eta ikasteko gogo handia erakutsi zuen. Txomin Nagore izan zuen maisu: zelaian zer egin, nola kokatu... gauza asko erakutsi zizkion», azaldu du Cesar Canedak.

Athleticen jokatu zuen atzelari arabarrak duela gutxi utzi du futbola maila ezberdinetan ia mila partida jokatu ostean. Futbolari asko ezagutu ditu taldekide gisa zein aurkari moduan. Hortaz, berea aintzat hartu beharreko iritzia da. Eta hark inork baino hobeto daki belauneko hiru lesio larri izan ostean oso zaila dela gorengo mailan aritzea. Galarretak bi aldiz txikitu du ezker belauneko lotailu gurutzatua, eta beste batean eskuinekoa. «Ez da erraza hiru lesio larri izan, eta, hala ere, aurrera egitea. Gainera, belauneko lesioa futbolari batek izan dezakeen txarrena da. Baina egoera zailetan ikusten da nolakoa den futbolaria. Buruz oso indartsua dela erakutsi du; oztopo handiak gainditzeko indarra daukala. Horrek asko balio du».

Etxetik kanpo zaildu da

Athleticen lekurik ez zuenez, Galarretak bigarren aldiz egin zituen maletak. Baina aldi horretan berak gura baino gehiago luzatu da itzulera operazioa; Zaragozan, Leganesen, Numantzian, Bartzelona B-n, Las Palmasen eta Mallorcan aritu da etxeko taldeak bigarrenez atea zabaldu dion arte. Sasoi gehienak Bigarren Mailan egin ditu, azken biak izan ezik. Mallorcan aritu da, eta Javier Aguirreren aginduetara eman du bere onena.

Ernesto Valverdek ondo ezagutzen du Galarreta, eta berak eman dio aukera itzultzeko. Taldeak zelai erdian dituen sormen gabeziei erantzuna emateko aukera ona dela iritzi dio. Ander Herreraren aldeko apustua ez da espero zen moduan atera, baina Galarreta ez dago bigarren aukera ihes egiten uzteko prest. Lehen egunetik hartu du aginte makila. Dena ari da jokatzen, eta ondo, gainera. Nabarmentzen ari da. Duela hamar urte elastiko zuri-gorriarekin debuta egin zuen futbolaria baino askoz osoagoa da.

«Athleticera itzuli da, eta zerbaitegatik izango da. Nik uste dut maila handiko futbolaria dela. Talentua dauka, kalitatea. Eta, gainera, ez du amore eman. Hori ere kontuan hartu behar da», dio Canedak. Haren ustez, erakutsi du «harribitxi bat baino gehiago» zela. «Adin onean bueltatu da. Eskarmentua eta heldutasuna uztartzen ditu. Bere momentua iritsi da, eta baliatzen ari da».

Galarretak ilusioa transmititzen du; bizipoza. Gozatzen ari da, eta horrek kutsatu egiten du ingurua. Berak daki inork baino hobeto zenbat kosta zaion bueltatzea. Bi urterako sinatu du, baina barruan daukan guztia ematen badu, denbora gehiago egongo da. Asko dauka eskaintzeko. «Bere osotasunean ulertzen du futbola: bere inguruan gertatzen denaz gain, zelaiaren beste lekuetan pasatzen den guztiaren berri du. Sormenerako edo azken pasea emateko gaitasuna du, baina ona da baita arlo taktikoan ere: ondo kokatuta dago beti, eta horrek mesede handia egiten dio taldeari. Oso denbora gutxian, Athleticeko erreferentzia bihurtu da».

Erreferentzia izango da gaur ere: hasieratik ariko da, San Mamesen, Cadizen aurka (14:00, Movistar La Liga). Athleticek segida eman nahi dio sasoi hasiera onari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.