Zesta-punta

Inoiz baino partida gehiago jokatuko dituzte Winter Series txapelketan

Astelehenean hasiko da lehia, eta otsailaren 16an jokatuko dute finala. Lehen aldiz, finalerdietan ligaxka izango dute, eta, horren ondorioz, hemeretzi partida jokatuko dituzte.

Winter Series txapelketa. ERAMAN JAI ALAI
Winter Series txapelketaren laugarren ekitaldia jokatuko duten puntistak, gaur, aurkezpenean, Gernikako Jai Alai frontoian. Alex Goitia bakarrik falta da. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2024ko urriaren 23a
13:00
Entzun

Ziztu bizian. Halaxe saldu dira Winter Series zesta-puntako txapelketaren laugarren aldia ikusteko abonuak eta sarrerak. Inor gutxi harrapatu du ustekabean; ohitura da jada. Zesta-puntaren olatuak oraindik goi-goian eusten dion erakusle argigarria da.

Horren arrakastatsua da Gernika Jai Alai enpresak eta EITBk antolatutako txapelketa, ezen ia ez baitu aurkezpenik behar. Bakarrik saltzen da, xehetasun gutxi batzuk besterik ez jakinda ere. Zesta-puntazaleek badakite zer duten zain: ikuskizun paregabea.

Gaur eman dituzte Winter Seriesen laugarren ekitaldiaren inguruko xehetasun guztiak, aurkezpenean, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoian. Astelehenean hasiko da txapelketa, urriaren 28an, eta ia lau hilabete iraungo du, otsailaren 16an jokatuko baitute finala.

Zesta-puntazaleen zorionerako, inoiz baino partida gehiago jokatuko dituzte: hemeretzi, iaz baino hiru gehiago. Horren arrazoia da antolatzaileek lehiaketa sistema aldatu dutela, eta lehen aldiz finalerdietako ligaxka jokatuko dutela. Ez da egongo hirugarren eta laugarren posturako partidarik. Hamazazpi jardunaldi izango dira, bi egunetan bi neurketa jokatuko baitituzte: datorren astelehenean eta abenduaren 30ean.

Antolatzaileek aurreko bi ekitaldien egiturari eutsi diote. Zortzi bikotek jokatuko dute berriro, bi multzotan banatuta. A multzoan lau bikote hauek arituko dira: Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal; Xabi Barandika eta Imanol Lopez; Alex Goitia eta Julen del Rio; eta Ludovic Ladutxe eta Mikel Manzisidor. B multzoan, berriz, beste lau bikote hauek lehiatuko dira: Johan Sorozabal eta Unai Lekerika; Jean Olharan eta Jon Zabala; Thomas Urrutia eta Thibault Basque; eta Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea. Bikote guztiek kolore jakin bateko elastikoa eramango dute txapelketa osoan.

Azken ekitaldiarekin alderatuta, lau dira berritasunak: Urreistik lehen aldiz jokatuko du txapelketa. Urrutia, Barandika eta Zabala, berriz, bi urteren ostean arituko dira berriro. Barandika eta Zabala min hartuta zeuden iaz, eta horregatik ez zuten jokatu. Aldiz, iaz parte hartu zuten lau puntista ez dira arituko: Iñaki Osa Goikoetxea, Erik Mendizabal, David Minvielle eta Jokin Arbe.

Itxuraz, hiru bikote nabarmentzen dira txapela irabazteko lehian. Erkiaga eta Ibarluzea txapeldun izan ziren azken ekitaldian, eta berriro arituko dira elkarrekin. Barandikak eta Lopezek, berriz, Jai Alai liga irabazi berri dute. Oso kontuan hartzeko bikotea ere bada Johanek eta Lekerikak osatutakoa. Aurrelari miarriztarrak jauzia egin du, eta onenen pare ari da. Atzelari gernikarra, berriz, min hartuta egon da denbora luzez, baina etxekoen babesean beti egiten du gora. Itxura oso ona dute bikote guztiek, eta horren txapelketa luzea izanik, edozer gerta daiteke.

Gazte asko arituko dira

Belaunaldia aldatu da, eta gazteak dira Gernikan arituko diren asko: txapelketa jokatuko duten hamasei pilotarietatik hamarrek dute 30 urte baino gutxiago, eta horietatik seik 25 baino gutxiago. Urreisti da gazteena: 20 urte ditu. Helduena, berriz, Lopez da: 40 ditu. Sekulako aldaketa da lehen ekitaldiarekin konparatuta, orduko hartan puntista bakarrak baitzuen 30 urte baino gutxiago: Lekerikak.

Txapelketa jokatuko duten hiru puntista gazteenetako hiru, Urreisti, Gorka eta Goitia, AEBetatik Euskal Herrira etorriko dira jokatzera: Urreisti eta Gorka hiru hilabetez aritu dira Daniako Jai Alai frontoian; Goitia, berriz, Miamiko Magic City frontoian dabil.

Lehen hamar jardunaldiak ligaxkako partidak izango dira, eta astelehenetik abenduaren 30era jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietako ligaxkan arituko dira. Lau bikote horiek elkarren aurka jokatuko dute sei jardunalditan, urtarrilaren 6tik otsailaren 10era. Lehen bi sailkatuek jokatuko dute finala, otsailaren 16an.

Jaialdi guztiak 19:30ean hasiko dira, datorren astelehenekoa eta finalekoa ez beste. 18:00etan hasiko da lehena, eta bi partida hauek jokatuko dituzte: Urreisti eta Del Rio Goitiaren eta Gorkaren aurka, eta Erkiaga eta Ibarluzea Johanen eta Lekerikaren kontra. Finala, berriz, eguerdian jokatuko dute, eta ETB1ek zuzenean emango du. Beste partida guztiak, berriz, 22:20an emango ditu.

Lehiaketa sisteman ez ezik, jokoan ere aldaketa egin dute antolatzaileek. Aurreko ekitaldietan egin bezala, jokaldiak telebistan ikusita epaituko dira zalantzen txokoa deritzon horretan, baina oraingoan, epaile jakin batek ikusiko ditu jokaldiak telebistan, eta kantxako epaileek ez dituzte haien erabakiak ez zuzenduko, ezta mantenduko ere.

Winter Series Txapelketa

BIKOTEAK
A multzoa. Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal; Xabi Barandika eta Imanol Lopez; Alex Goitia eta Julen del Rio; eta Ludovic Ladutxe eta Mikel Manzisidor.
B multzoa. Johan Sorozabal eta Unai Lekerika; Jean Olharan eta Jon Zabala; Thomas Urrutia eta Thibault Basque; eta Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea.

LEHIAKETA SISTEMA
Ligaxka (astelehenetik abenduaren 30era).
Hamar jardunaldi jokatuko dituzte, eta multzo bakoitzeko lehen bi bikote sailkatuak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira.
Finalerdietako ligaxka (urtarrilaren 6tik otsailaren 10era). Sei jardunaldi jokatuko dituzte, eta lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute.
Finala (otsailaren 16a). Finalerdietako ligaxkako lehen bi sailkatuak arituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.