Korrikalariak prest dira Ehunmiliak lasterketa jokatzeko. Batzuek lehen aldiz egingo dute, eta talaia horretatik biziko dute lasterketa; beste batzuek, aldiz, esperientziak ematen duen ezagutzarekin.
1. Noiz eta zergatik erabaki zenuen Ehunmiliak lasterketan parte hartzea?
2. Zein lasterketajokatu dituzuprestatzeko?
3. Zein helbururekin irtengo zara?
4. Zein iruditzen zaizu ibilbideko zatirik gogorrena?
5. Elikadurari dagokionez, zer asmo duzu lasterketarako?
6. Zeri diozu beldurrik handiena?
Uxue Fraile
(Donostia, 1974)
1. Urtarrilean erabaki nuen Ehunmiliak lasterketan parte hartzea. Erabakia hartzea erraza izan zen; batetik, etxeko lasterketetako bat delako, eta bestetik, Hardrock lasterketan (AEBak, 166 kilometro, +10.000)izena emateko proba puntuagarria delako.
2. Nafarroako selekzioarekin Ruten jokatutako Espainiako Txapelketa eta Zegama-Aizkorri mendi maratoia.
3. Berriz ehun miliako lasterketa batean parte hartzea, eta, aldi berean, etxeko lasterketa ezagutu eta sentitzea. Eta, noski, Beasainera ahalik eta hobekien iristea ere bada helburua.
4. Bi zati egin ditut, eta, horiez gain, Zegama-Aizkorrin egin nuena. Nire ustez, Lizarrustitik Etzegaratera doan zatia izango da gogorrena, 116. eta 130. kilometroen artekoa.
5. Pentsatzen dut denetik eramango dudala.
6. Batez ere, hustuta gelditzeari. Hori gertatuko balitz, gaizki pasatuko nuke.
Iñaki Insausti
(Tolosa, Gipuzkoa, 1982)
1. Iazko lasterketa bukatu bezain azkar, argi nuen beste behin parte hartuko nuela. Batetik, arantza bat geratu zitzaidalako, eta, bestetik, Ehunmiliak jokatu zen lehen alditik dudalako gustuko, dortsalarekin edo dortsalik gabe. Aurrerantzean ere halaxe izatea nahi nuke. Esperientziak, erronkak eta bizipenak nahi izaten ditut, eta lasterketa honek beti eskaini izan dit hori.
2. Aurten, ez naiz inon lehiatu aurreko asteetan. Hori bai, erlojupeko saio batzuk egin ditut nire gustuko lekuetan.? ?
3. Ahalik eta azkarren egin nahi dut. Beste behin, lau orduko langaren azpitik ibili nahiko nuke. Postuarena horren ondorio izango da. Oraingoan ere, erronka hori dut.
4. Asteburu askotan entrenatu naiz zirkuituan. Izazpi gainetik Arriaranerainoko zatiak 10 kilometro inguru ditu, korri asko eta azkar egin behar da, eta beroa ere nabaritzen da.
5. Sabelari ahalik eta lan gutxien emango diot, eta, horretarako, edari energetikoa, gelak eta ura eramango ditut. Ez dut ezer solidorik jango.
6. Beroari, karranpei, abiadurari… Beroa, hezetasuna eta azkartasuna dira maratoi honen berezitasunak, eta horiek kontrolatzea ere bada jokoaren parte.?
Irene Guembe
(Berbintzana, Nafarroa, 1982)
1. Iaz parte hartu nuen lehen aldiz. Erronka berezia izan zen, esperientzia berezia. Lasterketa amaitu zenetik, erabakia nuen itzuli nahi nuela. Ez dakit zergatik, baina banekien itzuliko nintzela. Esperientzia berriz probatu nahi nuen, dudarik gabe. Eta horrelako lasterketa bati aurre egitea zer den jakiteak ematen duen esperientziarekin lehiatu nahi nuen berriz. Asko gozatu nuen iaz.
2. Martxoan hasi nintzen lehiatzen, Ehunmilietara ahalik eta hobekien iristeko. Korritu nituen lehenak laburragoak izan ziren: Galar Trail, Mungia, Arriaran, Oriamendi. Gero, luzeagoak egin nituen: Nafarroa Xtrem, Zegama-Aizkorri, Spain Back Yard, Benasque maratoia, Alto Najerilla, eta Urbion. Denak lasterketa laburragoak dira, baina Ehunmilietarako bolumena lortzen saiatu naiz.
3. Gozatu egin nahi dut, lasterketa hau horretarako baita. Horrekin batera, lasterketa amaitu nahi dut. Nire asmoa borrokatzea da, noski.?Iaz denboraren presiorik gabe joan nintzen, baina, aurten, nire erreferentzia propioa daukat, eta, noski, hobetu egin nahiko nuke. Beste gauza bat da hori egin ahal izatea. Baina nire helburua hori izango da.
4. Ibilbidea iaz ikusi nuen osorik [barrezka]. Aizkorri ingurua da gehien ezagutzen dudan eremua. Azken zati hori gogorra da, batez ere lasterketaren tarte horretan kilometro asko dituzulako eginak, eta bigarren bizi oinarria pasatua dugulako. Halere, niretzat, iaz Txindoki [103. kilometroa] izan zen gogorrena. Ordu batzuk eman nituen jan eta edan ezinik, eta oso gogorra egin zitzaidan.
5. Niretzat, elikaduraren kontua nahiko zaila da. Asko kostatzen zait jatea, batez ere solidoa. Baina ahalegin handia egiten dut, batez ere lehen erdian. Fruta jaten saiatzen naiz, eta ogi pixka bat proteinarekin. Thaillwind etxeko janari likidoa erabiltzen dut. Primeran doakit, eta asko atzeratzen dit txakalaldia. Gelak ere erabiltzen ditut, baina ahalik eta beranduen erabiltzen saiatzen naiz. Gehiegi hartzen baditut, urdailean kalte handia egiten didate. Bigarren zatian eta amaieran erabiltzen ditut batez ere,ez naizelako jateko gai.
6. Aurrez ez diet beldurrik lasterketei, baina errespetua bai. Daukadan horrekin joango naiz. Ahal bezain ondo iristen saiatzen naiz, eta gauzak ondo egiten, hutsik ez egiteko. Lasterketak jarriko nau nire lekuan. Esan dezaket beldur naizela kontrolatu ezin diren eta erretiratzera eraman zaitzaketen gauzak gertatuko ote diren. Sufritzeak ez dit beldurrik ematen, badakit sufritu egingo dudala: beldur naiz ez ote naizen gai izango hori kudeatzeko.
Larraitz Aragon
(Durango, Bizkaia, 1989)
1. Iaz, lasterketa hauetako giroaz gozatzeko aukera izan nuen, eta, Marimurumendi bukatu bezain laster, banekien berriz egingo nuela. Antolakuntzak lan bikaina egiten du hiru lasterketak kudeatzen. Iazko lasterketa bukatu nuenean, banekien itzuliko nintzela. Baina beste distantzia bat probatu nahi nuen, eta, horrekin, zalantzak etorri ziren. Zalantza neukan G2H ez ote zen gehiegi izango. Azkenean, horri aurre egiten saiatuko naiz.
2. Otsailetik ekainera arte, askotariko lasterketak egin ditut. Maiatzean estreinatu nintzen ultra distantzian, Domusa Teknik 40 Miliak lasterketan. Ordura arte egindako distantziarik luzeenak mendi maratoiak ziren.
3. Helburu bakarra esperientziaz gozatzea da, eta proba bukatzea. Maratoi distantziak kontrolatzen ditut, baina nire gorputza, eta batez ere neure burua, distantzia luzeetan nola moldatzen diren probatu nahi dut.
4. Ibilbidearen zati batzuk ikusi ditut, eta, zati gogor bat aipatzekotan, agian Aizkorriko zatia aipatuko nuke. Nahiz eta jada gaua atzean utzia izan eta argitasuna eduki, 65 kilometro izango ditugu eginak.
5. Plangintzari bueltatxo bat eman behar diot, baina kanpoko laguntza eskaintzea debekatuta dagoenez, eta, anoa guneetako janak ez ditudanez aurretik probatu, jan ohi ditudan elikagaiak eramango ditut: irasagarra, fruta, Oxypro eta Lifepro etxeko gelak, isotonikoak…
6. Dudarik gabe, gauari. Nire bikotekidearekin maiz igo ditut gauez Durango inguruko mendiak, egunsentiak ikusteko. Baina ez dut inoiz gauez parte hartu lasterketa batean. Ordu asko dira kopetako argiarekin, eta ez dakit nola moldatuko naizen.
Beñat Lizaso
(Azpeitia, Gipuzkoa, 1982)
1. Iaz pentsatu nuen parte hartzea, bertako lasterketa bat baino hoberik ez baita horretarako. Abentura bat da niretzat, erronka bat neure buruarentzat. Diesela naiz, ez naiz korrika asko egin zalea, eta neure martxan ibiltzea gustatzen zait. Luzera ondo aguantatzen dut, eta neure burua probatu nahi dut horrelako lasterketa luze batean.
2. Azpeitiko Domusa Teknik 40 Miliak eta Leitzako Euskal Herria Mendi erronka egin ditut. Justu bada ere, biak amaitzea lortu nuen.
3. Bukatzea da helburu bakarra! Parte hartu dudan probetan huts inozo batzuk egin ditut. Ea huts horiek kontuan hartuta bukatzeko gai naizen.
4. Ibilbidea ezagutzen dut, gutxi gorabehera. Iaz Larraitzeraino [100. kilometroa] iritsi nintzen, eta hortik aurrerakoa 2017an G2H egin nuenean ezagutu nuen. Iaz, Tolosatik Amezketarako bidea gogorra egin zitzaidan. Fisikoki baino gehiago mentalki, eta aurten ere badut kezka hori. Gero, nire martxa kontuan hartuta, bigarren gauak errespetu handia ematen dit, nahitaez gogorra izan behar duelako horrek!
5. Jateko ahalik eta normalena emango dut, entrenatzean erabiltzen ditudan pasteltxoak, moldeko ogia kakao kremarekin, gominolak... Gelak eta isotonikoa ere eramango ditut gatz pastillekin batera.
6. Dudarik gabe, bigarren gauari, derrigor sekulako kolpea eman behar duelako! Eta gero, buruz etsitzeari. Behin pentsatzen baduzu «Zer ari nauk ni hemen?», akabo.?
INKESTA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu