Mikel Balentziaga. Athleticeko jokalaria

«Iñigoren kontuak ez du gure jarrera baldintzatuko»

Urteetako denboraldirik txarrena, itxura ona emanez amaitu gura du Athleticek. Xede bera du Balentziagak, ez baitu sasoi erraza eduki.

JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Mikel Balentziagari (Zumarraga Gipuzkoa, 1988) kosta egin zitzaion Athleticen defentsaren ezker hegalean lekua hartzea. Ernesto Valverdek eman zion bere maila erakusteko aukera, etaatzelaria ezinbesteko bihurtu da azken bost urteetan. Zelaian ondo jarduten du, eta talde barruan ere estimatua da. Aurten, taldeari gertatu legez, kosta egin zaio berea ematea. Sasoia ondo amaitzea du xede.

Athletic nahi eta ezin ari da sasoi honetan. Zer falta zaio?

Jarraitutasuna. Ez gara kapaz hiruzpalau partida on jarraian jokatzeko.

Txistuak ohiko bihurtu dira San Mamesen aspaldian. Ulertzen duzu jarraitzaileen haserrea?

Zaleak euren iritzia ematen ari dira. Guk badakigu denboraldia ez dela ona izan. Baina ez diogu lana egiteari utziko. Daukagun guztia emango dugu denboraldia amaitu arte.

Zelaian gauzak ateratzen ez direnean luzeegi egiten da sasoia?

Gauzak ateratzen ez direnean zaildu egiten da guztia. Egunero gogor ahalegindu arren, fruiturik ez dagoenean kosta egiten da.

Oporrak hartzeko gogoz al zaudete?

Ni ez. Ez dut egun dudan sentipenarekin amaitu gura. Jarrraitzaileei zor diegu, eta, era berean, guregatik hobetu gura dugu.

Athleticen zaudenetik urterik gaitzena al da?

Nik Athleticen zorte handia izan dut. Ia urte guztiak oso onak izan dira. Arrakastatsuak. Aurten, gauzak ez ditugu behar den moduan egin. Hori ez dago ukatzerik. Entrenatzen jarraituko dugu egoera irauli ahal izateko.

Azkenaldian emaitza eta joko hobea erakutsi duzue kanpoan San Mamesen baino. Presio txikiagoarekin jokatu duzuelako da, edo aurkarien ezaugarriek lagundu dizuetelako?

Vila-Realen eta Real Madrilen kontra jokatzeak ez dauka zerikusirik Deportivoren eta Levanteren kontra jokatzearekin. Oso partida gaitzak dira, baina gu askoz hobeto moldatu gara goikoekin.

Realak antzekotasun handiagoa du goian dauden taldeekin behean daudenekin baino. Horrek mesede egingo dizue gaurko lehian?

Derbia da. Ilusio eta gogo handia daukagu jokatzeko. Guk egun handietako Athletic ikustea gura dugu, eta hortan ahaleginduko gara.

Anoetan irabazteak ez du sasoiasalbatzeko balioko, baina jarraitzaileek eskertuko dute, ezta?

Argi dago. Anoetan irabazteak poz handia emango lieke zaleei,eta guk ere eskertuko genuke. Hiru puntuen bila zelairatuko gara.

Txuri-urdinak ere zuen antzeko egoeran daude. Ez dituzte helburuak lortu, baina Imanolen aginduetara taldeak hobetu egin duela dirudi. Hala uste duzu zuk ere?

Azken boladan hobeto ari dira, konfiantza handiagoarekin. Dena dela, gure asmoa da jokoan nagusitzea eta irabaztea.

Realak ez zuen faltarik egin ligako azken partidan. Oso gutxitan ikusi da hori. Gaurko partidan ez da horrelakorik gertatuko, ez?

Ez, ez, ez! Derbiak nolako partidak diren denok dakigu, eta ez dut uste berriz gertatuko denik.

Zer egin beharko du Athleticek irabazteko?

Gure onena eman. Oso adi eta intentsitate handiarekin jokatu beharko dugu. Baloiaren jabe garenean Reala bere lekutik ateratzen ahaleginduko gara.

Iñigo Martinezen lehen partida izango da Anoetan, Reala utzi zuenetik. Giroa bero-bero dago. Beraz, litekeena da ohikoa baino derbi nahasiagoa izatea. Prest zaudete?

Bai. Guretzat neurketa berezia da, baina Iñigoren kontuak ez du gure jarrera baldintzatuko.

Nola ikusi duzu taldekidea aste barruan?

Mutil lasaia da, eta lasai ikusi dut;gainerako taldekideen antzera.

Zuk ere Iñigoren antzeko erabakia hartu zenuen duela ia hamarkada bat. Baina ez zituen hautsak harrotu. Nola hartzen zaituzte Anoetan?

Normaltasunez. Realean aritu nintzen, eta niretzat norgehiagoka bereziak dira.

Iñigorenak bezalako agurrek min ematen die jarraitzaileei. Zale horiek jokalariaren larruan jarri beharko lirateke?

Bi alde daude. Jarraitzaileek euren ikuspuntua dute, eta jokalariok gurea daukagu. Nik uste dut bai zaleak, baita gu ere bestearen lekuan jarri beharko ginatekeela, gauzak bi aldeetatik ikusteko.

Taldearentzat ez ezik, zuretzat ere ez da erraza izan amaitzera doan denboraldia. Nola zaude?

Hiru hilabete egon naiz min hartuta. Inoiz ez naiz horrenbeste denbora jokatu barik egon lesio bat tarteko. Ez da erraza izan.

Oso estimatua zara taldekideen eta entrenatzaileen artean. Zer ematen diozu bada taldeari?

Ez dakit zer esan. Daukadan guztia ematen dut taldearen alde. Bakoitzak berea ematen badu, ezin zaio askoz gehiago eskatu.

Athleticek fitxatu zintuenean, egun taldean duzun garrantzia izango zenuela uste zenuen?

Ez. 20 urterekin fitxatu ninduten. Jokalari oso onak ikusten nituen nire inguruan. Urteak pasatu ahala lortu dut lekutxo bat. Egon gura dudan taldean nago. Ealuzaroan irauten duen.

Gustura zaude, beraz, Bilbon.

Oso gustura nago Bilbon. Athleticek osatzen duen familiatik oso gertu sentitzen naiz. Bat egiten dut taldearekin, klubarekin zein taldekideekin.

Sasoia txarra denean, taldea indartzeko, jokalarien zerrenda agertzen da komunikabideetan. Asteon Yuriren izena aipatu da. Zure postu berean jokatuta, zer diozu horri buruz?

Urteroko kontuak dira. Kluba ahalik eta talderik indartsuena osatzen ahalegintzen da. Jokalariok eskertzen dugu lehiakortasuna izatea taldean.

Emaitza bat derbirako?

1-2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.