Iñigo Perez, entrenatzaile izateko jaioa

Sadarrera itzuliko da gaur, Rayo Vallecanoren lehen entrenatzailea denetik aurrenekoz. «Teknikari begirada zuen jokalaria zenean ere. Ez nau harritzen orain horren ongi aritzeak», esan du Roberto Torresek, Perezen taldekide izandakoak.

Iñigo Perez Rayoko entrenatzailea, partida bat hasi aurretik. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iñigo Perez Rayoko entrenatzailea, partida bat hasi aurretik. RODRIGO JIMENEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko urtarrilaren 19a
05:05
Entzun

Osasuna eta Rayo Vallecano aurrez aurre arituko dira gaur Sadarren (18:30, Movistar). Jokalariak sailkapeneko oreka apurtzen saiatuko dira, bi taldeak berdinduta baitira, 25na punturekin. Aulkian, berriz, begiek dir-dir egingo diote Iñigo Perezi (Iruñea, 1988). Osasunan jokatu zuen bere futbolari ibilbideko azken urteetan, eta orain Rayoren lehen entrenatzailea da. Txantreakoak berehalako trantsizioa izan zuen zelaietatik aulkietara: Andoni Iraolaren laguntzaile bihurtu zen futbola utzi berritan. 2022ko irailean itzuli zen aurrenekoz Sadarrera. Gaur bueltan izango da berriz ere, baina oraingoan, Rayoren teknikari nagusi bezala.

Vallecaseko taldeak iazko otsailean eman zion Perezi taldearen lema. Sasoia hasi aurretik jaso zuen lehen eskaintza erdilari ohiak, baina, orduko hartan, Iraolaren bidaide izaten jarraitu nahi zuen. Usurbildarra Ingalaterrako Bournemouthera joan zen, eta haren alboan ikasten jarraitzea zen Perezen asmoa. Alabaina, ukatu egin zioten lan baimena. Hori horrela, begi onez ikusi zuen Rayok eginiko bigarren eskaintza. Beraz, jokalari izateari utzi ostean, bi urte baino gutxiago behar izan zituen Lehen Mailako aulki batera iristeko. Rayori salbazioa lortzen lagundu zion iragan sasoian, eta orain, goiko postuei begira jarri du.

Perezen arrakasta ez da ezustekoa Roberto Torresentzat (Arre, Nafarroa, 1989). Osasunan lau urtez izan zuen taldekide, eta ordurako «entrenatzaile sen nabarmena» zuela nabarmendu du. «Autobusean partiden analisiak egiten zituen ordenagailuan. Orotariko partidak izaten ziren, ez zuten zertan Osasunarekin zerikusirik eduki. Oso gustuko zuen entrenatzaile lana, eta garbi zegoen etorkizunean ondo moldatuko zela». Horren harira, «teknikari begirada» zuen Perezek, eta gauzak «oso modu didaktikoan» azaltzen omen zituen. «Taktikoki oso argia zen, eta egoerak perspektibaz ikusteko gaitasun handia zuen. Taldekideoi argibideak eman eta zuzenketak egiten zizkigun, eta hark esanikoak erraz ulertzen genituen».

«Estilo aldetik, teknikari ezin hobea izango litzateke Osasunarentzat. Jarraipena emango lioke Jagobaren edo Mendilibarren ildoari»

ROBERTO TORRESOsasunako jokalari ohia

Perezek 34 urterekin eman zion amaiera futbolari ibilbideari. Albait lasterren hasi nahi zuen teknikari lanean sakontzen. «Zenbait eskaintza izan zuen jokatzen jarraitzeko, baina Iñigok garbi zuen bere etorkizuna aulkietan zegoela», azaldu du Torresek. Rayoren zenbait partida ikusi ditu azkenaldian, eta iruditzen zaio Perezek bere zigilua jarri diola dagoeneko. «Oso jokalari teknikoa zen, eta, era berean, joko bizia gustatzen zitzaion: aurkaria goian estutu, jokaldi azkarrak burutu… Bada, halakoxe taldea da Rayo. Baloia izatea gustatzen zaio, baina kontraerasoan ere oso ondo moldatzen da».

Osasunako beste jokalari ohi bat da Perezen laguntzailea: Adrian Lopez. «Bi denboraldiz jokatu genuen elkarrekin. Uste dut Iñigo eta Adrian elkarren osagarriak direla. Adrian, bigarren entrenatzailea izanik, jokalariengandik gertuago izango da ziurrenik. Iraolarekin zeregin hori zuen Iñigok, baina orain lehen entrenatzailea denez, distantzia apur bat markatu beharko du jokalariekin».

Bielsa eta Arrasate

Jokalari garaian oso maisu onak izan zituen Perezek. Azkena Jagoba Arrasate izan zen. «Arrasto handia utzi zion Iñigori, garbi dago», esan du Torresek. Marcelo Bielsarengandik ere asko ikasi omen zuen. «Maiz hitz egiten zigun Bielsaren inguruan. Estimu handia zion. Are gehiago, Athleticen azken hauteskundeetan aipatu zen aulkia Bielsaren esku geldituz gero Iñigo izan zitekeela haren laguntzailea».

Izaera aldetik, pertsona «naturala» dela nabarmendu du Torresek. «Alde horretatik ere, Jagobaren estilokoa da. Egiten duzun gauza bakoitzak oihartzun handia du futbolean, eta, ingurune horretan, nortasun bereziko entrenatzaileak dira Jagoba eta Iñigo». Bielsaren gisara, zoramen ukitu bat ere badu. Azken partidan haren kamiseta jokalarien elastikoarekin nahas zitekeela esan zion epaileak, eta peto bat jantzi zuen jakaren ordez. «Esatariak txundituta zeuden Iñigo mahuka motzetan ikusita, baina ni ez ninduen harritu. Elurpean ere halaxe ibiltzen zen!».

Hautsak harrotu dituen erabaki bat hartu du Perezek sasoi honetan: James Rodriguez izar kolonbiarra albo batera utzi du. Egoera «maisutasunez» kudeatu duela iruditzen zaio Torresi. «Kolonbiarrak agian oso haserre egongo dira harekin, baina, niretzat, adore handia erakutsi du. Ez dakit talde barruan zer gertatu den, baina pentsatzekoa da berme gehien ematen zioten jokalariak hautatu dituela. Taldea izenen gainetik jarri du. Txalotzekoa da hori, horren entrenatzaile gaztea izanik».

Oraindik urte asko ditu aurretik prestatzaile gisa. Osasuna zuzenduko ote du noizbait? «Estilo aldetik, entrenatzaile ezin hobea izango litzateke. Jarraipena emango lioke Jagobaren edo Mendilibarren ildoari». Arrasate irten ostean, Perez izan zen zerrendako lehen hautagaia. Gorritxoek, ordea, ez zuten dirurik ordaindu nahi fitxaketaren truk. Hala, Vicente Moreno iritsi zen azkenean. Sasoi amaieran bukatuko zaio kontratua; baita Perezi ere. «Gauzak ederki egiten ari da Vicente, eta ziurrenik jarraitu egingo du. Ez dut uste Osasunak entrenatzailea aldatzeko asmorik duenik. Hori bai: denboraldia luzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.