Hasi dira Euskal Herriko kirolari paralinpiarrak dominen zakua betetzen. Ez dira nolanahi hasi, gainera. Izan ere, Iñigo Llopis igerilariak eta Dorian Foulon txirrindulariak urrea zintzilikatu dute gaur Parisen. Llopisek bizkarreko 100 metrokoan irabazi du; Foulonek, berriz, C5 4.000 metroko banakako jazarpenekoan. Gainera, Foulonek munduko marka ezarri du sailkapen proban, baita olinpikoa ere. 4.13.93ko denbora egin du.
Llopis hainbat probatan lehiatuko da Parisen, baina bizkarreko 100 metrokoan zuen aukera gehien domina lortzeko. Tokion zilarra irabazi ostean, oraingo honetan podiumaren gorenera igo da. Finalerdietan jada erakutsi du sasoiko zegoela. Bi sailkapen lasterketa korritu dira. Bigarrenean aritu da Llopis, eta orduan ere bizkorrena izan da. 1.06.53ko denbora egin du. Bi lasterketetako denborarik onena izan da Llopisena.
Baina finalean berretsi behar zuen indartsuena zela, eta nagusitasunez egin du hori. 1.05.58ko denbora egin du Llopisek. Zilarra Kota Kubota japoniarrak irabazi du, eta brontzea, Mark Malyar israeldarrak. Haien denbora 1.07.03 eta 1.07.42 izan da, hurrenez hurren.
Finala aurretik hasi du Kubotak. Baina Llopisek ondo eutsi dio, eta, lehen 50 metroetara iritsi aurretik, lehen postuan jarri da. Bigarren 50 metroetan indartsuena zela erakutsi du, eta pixkanaka handituz joan da Kubotarekiko eta Malyarrekiko aldea. Hain zuzen ere, azken 50 metro horietan moldatzen da ondoen Llopis, eta gaurkoan beste behin erakutsi du amaiera bikaina duen igerilaria dela. Hala, bere hirugarren Jokoetan loria dastatu du.Oraindik ere beste dominaren bat kolkoratzeko aukera du. «Oso pozik nago. Azken urtebetean horretarako egin dugu lan. Iaz Munduko Txapelketan urrea irabazi izanak konfiantza handia eman digu. Aurten ere markak oso onak ziren, eta lan guztia gaur biribildu ahal izan dugu».
Argi zuen domina nori eskaini: «Aitarentzat, Nahiarentzart [Zudaire igerilaria] eta nire entrenatzailerentzat da hau. Haiek dira gehien aguantatzen nautenak». Richard Oribe igerilari paralinpiar ohia eta urtarrilean hil zen Javier Daymerich teknikaria ere gogoan izan zituen. «Gu hemen bagaude, haiek hasi zuten bideari esker gaude».
Foulonentzat ere ez da lehen domina olinpikoa. Tokion urrea irabazi zuen proba berean. Sailkapen proban munduko marka eta olinpikoa ezarri ostean, finalean Dementiev ukrainarra izan du kontrario. Hasieratik aurretik jarri da, eta, erritmoari eutsiz, ondo mantendu du aldea. 4:16.158ko denbora egin du, eta segundo eta erdi pasa atera dio Dementievi (4.17.770). Brontzea Elouan Gordon estatubatuarrak irabazi du: 4.18.880.