Gaiztotuta daude oraindik ere Athleticen eta Iñigo Cabacas Herri Harmailaren arteko harremanak. Otsailaren 18an, bi aldeek «funtzionamendu onerako» bete beharreko konpromisoak eta Herri Harmailaren oinarrizko printzipioak biltzen zituen dokumentu bat argitaratu zuen klubak. Helburua, hauxe: «Herri Harmailak partida guztietan animatzea eta errespetuz egitea hori».
Taldeetako ordezkariekin bildu aurretik osatu zuen dokumentua klubak, eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak salatu du agiria «aldebakarrekoa» dela: «Dokumentua negoziatzeko eta hobetzeko tartea oso txikia izan da, eta ez dute kontuan hartu Herri Harmailako eta San Mameseko bazkideen eta jarraitzaileen iritzia».
Sare sozialetan kaleratu dute agiriaren aurkako komunikatua, eta azpimarratu dute harmailak «librea eta bizia» izan behar duela: «Dokumentua 2022an bazkide konpromisarioen batzarrean onartutako Herri Harmailaren espirituaren aurkakoa dela uste dugu».
Iñigo Cabacas Herri Harmailak egoera iraultzeko «borondatea» duela adierazi du. Horretarako, dokumentu berri bat helarazi dio klubari, «animazioa dinamizatzen duten beste talde batzuekin kontsulta eginda».
Bi aldeen arteko tentsioa agerikoa da, eta giro horretan jokatuko du Athleticek beste partida garrantzitsu bat, ostegunean, San Mamesen: Europa ligako final-zortzirenetako itzulikoa, Erromaren aurka. Arazoa konpondu bitartean, «alternatiba bat» proposatu du Herri Harmailak: klubari estadiora animaziorako elementu propioak sartu ahal izateko baimena eskatu dio: «Eragozpenik ez badago, San Mames infernu bat bihurtuko dugu, hitzordu zuri-gorri handietan bezala».