Europako ligaxkako azken neurketa jokatuko du gaur Athleticek, Viktoria Plzenen aurka. Ez da giro, ordea, San Mamesen, nahaspilatuta baitago Athleticen eta Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldearen arteko harremana. Ertzaintzaren «jazarpena» salatu, eta animatzeari utzi zioten azken horiek, protesta gisa; izan ere, taldeko hainbat kideri isuna jarri diete. Klubak, berriz, «suari egur gehiago bota» besterik ez duela egin kritikatu dute, eta «gezurretan oinarritzen diren agiriak» publikatu dituztela adierazi.
Giro horretan, ohar bat bat kaleratu du gaur Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeak, eta Viktoria Plzenen kontrako partidan animatuko dutela jakinarazi du. «Armarriarekiko eta koloreekiko arduragatik» egingo dute hori. Animaziorako elementurik ez dute erabiliko, ordea: «Eztarria utziko dugu berriro ere zelaian». Hala ere, azpimarratu dute gatazka «gaiztotzeko» arriskua dagoela zuzendaritzak ez badu pausorik ematen egoera desblokeatzeko: «Beti agertu gara hitz egiteko eta negoziatzeko prest; klubaren pausoak, ordea, ez doaz bide berean».
«Athletic herrikoi baten aldeko» kalejira bat ere antolatu dute, eta jendeari parte hartzeko deia egin diete. 19:30ean abiatuko da, Iñigo Cabacas plazatik.
Athletic animazioa dinamizatzeko lanetarako pertsona baten bila ari zela jakin zen atzo, sare sozialetan filtratu zen audio baten bidez. Iñigo Cabacas Herri Harmaila taldeak gogor egin du horren kontra: «Klub eredua da jokoan dagoena. Ez dugu nahi estadio artifizialik, ezta plastilinazko harmailarik ere».