Mikel San Jose. Athleticeko jokalaria

«Inguruak ez dauka konfiantzarik gugan»

Egun berezia izango da igandea Mikel San Joserentzat: 300. partida jokatuko du Athleticekin, non eta Anoetan, Realaren aurkako derbian. Irabazita ospatu nahi du, eta, horrela, zuri-gorriek etxetik kanpo daramaten bolada txarra eten.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Mikel San Jose Athleticeko zutabeetako bat da. Gazte mailetan erdiko atzelari gisa nabarmendu zen, baina Ernesto Valverdek euskarrian jarri zuen talde zuri-gorriari oreka emateko. Sasoi bikainak egin ditu postu horretan jokatuz, baina denboraldi honetan taldearen antzera dabil, gorabeheratsu.

San Mamesen babesari esker jarraitzen duzue Europarako sailkatzeko borrokan.

Kostata ateratzen ditugu partidak, baina kanpoan eskuratu ezin duguna gure zaleen aurrean lortzen dugu.

Real Madrilekin batera ligako onenak zarete etxean.

Estatistikek argi erakusten dute etxean indartsuak garela. Halaber, kanpoko emaitzek argi eta garbi islatzen dute zelaian egin duguna.

San Mamesko emaitzak oso onak izan arren, zaleek bizkarra eman diote taldeari. Malagaren kontra sasoiko ikusle kopururik txikiena egon zen.

Denboraldian partida asko jokatzen ditugu, eta batzuetan zale gutxiago etortzen dira taldea ikustera. Hala ere, ez daukagu jarraitzaileen erantzunaren kexarik. Babes handia daukagu. Haien laguntzarekin, irabazteko aukera gehiago izango dugu.

Zure txio batek zeresana eman du. Malagaren aurretik Granadak bisitatu zuen San Mames, eta orduko «giro hotzak eta utzikeriak» harritu egin zintuen.

Badakit jokalari batentzat korapilatsua dela gisa horretako gaiak jorratzea. Ez nuen inor kritikatu. Europatik kanpo gelditu berritan ez nuen halako erreakziorik espero. Jarraitzaileen axolagabetasuna sentitu nuen. Nire irudipena izan zen, beste barik.

Taldearen inguruan ezkortasuna nagusitzen ari da.

Bai. Konfiantza falta dago taldearengan: inguruak ez du konfiantzarik gugan. Apoelen kontra askoz hobeak izan ginen, baina ez genuen aurrera egiterik lortu. Haiek eraginkorragoak izan ziren. Hala ere, guk Apoel aintzat hartu genuen; beharbada beste batzuek ez zuten gauza bera egin. Errespetua merezi duen talde bat da.

Baina ezin da ukatu taldeari argitasuna falta zaiola. Jokoa astuna da.

Ez gara gure onena ematen ari. Ez gara iritsi beste batzuetan eman dugun mailara. Hala ere, gure jarrera, borroka, lanerako grina eta lehiakortasuna ezin da ezbaian jarri. Futbolean gola sartzeko aukera gehien sortzen duenak izaten du lehiaren agintea, eta, Celta albo batera utzita, gainerako taldeek arrisku gutxi sortu dute gure arean. Hori hala dela ikusteak indarra ematen digu, baina badakigu futbol erakargarriagoa ere egin genezakeela.

Zergatik ez zarete ailegatu eman dezakezuen mailara?

Zergatiak aurkitzea zaila da: futbolariak berberak gara, jokamoldea bertsua da, jarrera ere bera da... Nik uste dut jokalari askok ez dugula maila eman. Lesio asko izan ditugu. Ez dugu denok maila onean aritzea lortu. Denboraldia amaitu bitartean oraindik lortu ez dugun sasoia hartzen ahaleginduko gara Europa ligarako sailkatu ahal izateko.

Etxeko bolada ona nabarmena da, baina etxetik kanpo makal ari zarete. Zergatik dago horrenbesteko aldea?

Ez dauka azalpenik. Gure jokatzeko era bera da etxean zein kanpoan. Aurrean presionatuta jokoaren ekimena izaten ahalegintzen gara. Akaso, zenbait partidatan garesti ordaindu ditugu egin ditugu kontzentrazio hutsak. Horregatik lortu dugu horren puntu gutxi. Igandean aukera ona daukagu bolada txarra amaitzeko.

Anoeta ez da zelai txarra ia sei hilabete irauten ari den lehortea amaitzeko.

Ez, noski. Hainbeste denbora irabazi barik egonda, garrantzitsuena garaipenaren bidera itzultzea da. Hala ere, gaitza izango da. Reala garai gozoan dago. Konfiantza handiz ikusten ditut. Baina gogoan daukat Marcelo Bielsaren lehen sasoian partidarik irabazi barik bisitatu genuela Anoeta eta hiru puntuak eskuratu genituela. Orduan ere igande eguerdiz jokatu genuen. Zergatik ez dugu berriz egingo ordukoa?

Eguerdiko hamabietan jokatzea gustuko duzu?

Ordu arraroa da guretzat. Taldearen emaitzak oso onak izan dira ordutegi horretan, baina nik nahiago dut arratsaldez jokatu.

Realaren kontrakoak urteko neurketarik berezienak dira?

Politak dira, baina niretzat Osasunaren kontrakoak dira berezienak. Nafarra naiz.

Anoeta gustuko duzu?

Atletismo pista kenduko nuke.

Laster kenduko omen dute.

Badakit. Derbia delako dut gustuko. Pista duten zelaiek asko galtzen dute.

Zer edo zein da Realetik gustukoen duzuna?

Realak daukan konfiantza nabarmenduko nuke. Beti izan ditu maila handiko futbolariak. Beste batzuetan ez dute sasoi honetako maila lortu, baina, egun, Sevillaren antzera ari dira. Ez dauka ondo jokatu beharrik irabazteko. Inertzia kontua da. Teknika oneko jokalariak konfiantzaz daudenean, emaitza onak eskuratzen dituzte.

Lehen esan duzu zenbait jokalari ahal bezain ondo aritu ez izanak eragin duela taldearen ibilbide gorabeheratsua. Zu gustura zaude egiten ari zaren beharrarekin?

Hobeto aritzeko gai naiz. Partida askotan ez dut nirea eman. Autokritika egin behar dut, derrigorrean. Hala ere, entrenatzaileak nigan konfiantza daukala erakutsi du. Beraz, zerbait emango diot taldeari.

Anoetan jokatzen baduzu, 300 partida beteko dituzu elastiko zuri-gorriarekin. Bada zerbait.

Zuk esanda jakin dut. Ez nekien ezer. Pozik nago. Kopuru ona da, baina askoz gehiago jokatzea espero dut.

Taldeko liderretako bat zara?

Taldean garrantzitsua naizela sentitzen dut, baina ez gainerako taldekideak baino gehiago. Zortzigarren denboraldia dut gorengo mailan, eta taldean ez dira jokalari asko geratzen nik debuta egin nuenekoak. Beraz, normala da pisu apur bat izatea.

Erdiko atzelari gisa hasi zinen, baina euskarrian ari zara nabarmentzen.

Valverdekpostua aurreratu zidanetik, gauzak ondo atera dira, bai taldean eta bai arlo pertsonalean. Ni postu bietan nago eroso. Lanak fruituak eman ditu.

Athleticen amaituko duzu zure kirol ibilbidea?

Nahiko nuke, baina futbolak ez dauka oroimenik. Egun, pozik gaude bi aldeak.

Ernesto Valverde behin baino gehiagotan aipatu duzu elkarrizketan. Jarraituko du Athleticen, ala ziklo baten amaieran dago taldea?

Ernestori egin beharreko galdera da. Nik ez dut arrazoirik ikusten ziklo baten amaiera gertu dagoela esateko. Berarekin gauza handiak lortu ditu taldeak, eta, era berean, iritzi diot gauza garrantzitsuak egiteko dituela. Gurekin jarraitzea nahi dut. Valverderekin oso ondo funtzionatu dugu, eta notizia ona litzateke Athleticen jarraitzea erabakiko balu.

Mahai gainean jarritako gai guztiei naturaltasunez heltzen diezu. Sare sozialetan ere aritzen zara. Gustuko duzu zure iritzia ematea.

Kontu batzuen aurrean ezin naiz isilik egon. Iritzia emateko premia dudala ikusten dudanean, eman egiten dut.

Arazorik eman al dizu zure iritzia plazaratzeak?

Oraingoz ez. Futbolari bat bere iritzia ematen ikustea ez da ohikoa, baina gure pentsaerak gainerakoen antzekoak dira; pertsona arruntak gara. Ni neu, jendeari nor naizen ezagutarazten ahalegintzen naiz.

Ze iritzi daukazu euskal selekzioaren inguruko gaiaz?

San Mamesen jokatutako azken partidako giroa tristea izan zen. Gauzak aldatu egin behar dira euskal selekzioaren partidak tradizioari lotuta bakarrik egon ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.