Hamalau nazionalitatetako entrenatzaileak daude Premier Leagueko hogei aulkietan. Ingalaterrak du ordezkaritzarik zabalena lau entrenatzailerekin, eta, ondoren, Euskal Herria dator hirurekin: Mikel Arteta (Donostia, 1982) Arsenaleko entrenatzailea da 2019az geroztik, eta berriki iritsi dira Unai Emery (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) eta Julen Lopetegi (Asteasu, Gipuzkoa, 1966): Emery Aston Villan ari da; eta Lopetegi, Wolverhamptonen. Aurrez, beste bik ere zuzendu dute noizbait Ingalaterrako maila nagusiko talde bat: Javi Graciak Watford entrenatu zuen, eta Aitor Karankak, Middlesbrough.
Manchester Cityn Pep Guardiolaren teknikarien taldean urte batzuk egin eta gero hartu zuen Artetak bere talde ohia zuzentzeko ardura. Denboraldi erdian egin zuen, 19. jardunaldian, Unai Emery ordezkatuz, hain justu. FA kopa eta Ingalaterrako superkopa irabazi arren, ez Ligan ez Europan Londresko taldeak ez du esperotako maila eman, denboraldi honetara arte, bederen. Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatuta dago, eta, zailagoa dirudiena, hamahiru jardunaldi jokatuta, ligako liderra da: bi puntura du Manchester City.
Londresko taldearen zuzendaritzak fede handia izan du Artetarengan, eta emaitzek eta taldean jokoak arrazoia eman diete. Taldeak berezkoa duen joko landua egiten dihardu, baina sendotasun eta jarraitutasun handiagoarekin ari da, eta, aspaldi ez bezala, izaera handiarekin jokatzen du. «PSGn, Bartzelonan eta Arsenalen jokatu badu, eta hiru denboraldiz Pep Guardiolaren laguntzaile izan bada, argi dago Artetaren joko ideia eta estiloa zein den», esan du Mikel Etxarrik. Realean jokatu zuen denboralditik ezagutzen du Arteta. Orain, mundu guztiak buruan daukan galdera ondorengoa da: Manchester Cityren azken urteetako emaitza erritmoari denboraldi amaierara arte eusteko gai izango ote dira?
Vila-real utzi eta Birminghameko (Ingalaterra) Aston Villa talde historikora joateko erabakia hartu du Emeryk; iaz, denboraldi erdian kasu honetan ere, Newcastlek egin zion eskaintza. Ondo hasi du Ingalaterrako bigarren abentura: zuzendu duen ligako partida bakarrean, 3-1 menderatu zuten Manchester United. «Arsenalen egindako aroa ez zuen oso ondo amaitu, eta nik uste arantza hori bazuela. Ez dakit ziur, baina diru kontua ere izango zen». Birminghameko taldeak inbertsio handia egin du 2019an Premier Leaguera itzuli zenetik, baina behera begira gehiago egon da denboraldi hauetan.
Etxarrik dioenez, «psikologiari» ematen dion «garrantzi handia» da Emeryren berezitasunetako bat: «Behin esan zidan garrantzitsuena jokalariak zoriontsu edukitzea zela. Nire ustez, hizkuntzagatik, hori ezin izan zuen berak nahi bezala landu Arsenalen». Hondarribiarraren joko ideia «erasokorra» da Etxarriren hitzetan. «Sormena duen erdilari bat eta defentsako lan handiagoa egiten dituen beste batekin osatu ohi du zelai erdia, eta hegaletan jokalari azkarrak gustatzen zaizkio». Emeryk Pako Aiestaranen laguntza izango du.
Hilabete eskas langabezian
Beste egoera batean iritsi da Lopetegi Wolves taldera. Emaitza kaskarrak tarteko, Sevillak kargutik kendu zuen asteasuarra urri hasieran, baina hilabete eskas egin du langabezian. «Lopetegik zuzentzen dituen taldeak ere erasokorrak dira. Sevillan kexatu egin zen taldeak kalitate aldetik atzerapausoa eman zuelako, eta ikusi da arrazoi zuela; Europako defentsarik onena zuen aurreko denboraldian».
Sevillan bezala, lantegi zaila du Wolverhamptonen asteasuarrak, taldea jaisteko postuetan baitago. Klubak ere baditu bere berezitasunak. Izan ere, Portugalgo selekzioa dirudi taldeak, klubaren jabea, Guo Guanchang, Jorge Mendes futbolarien bitartekariaren bazkidea baita Gestifute bitartekaritza enpresan. Fitxaketaren berri eman zenetik bi partida igaro arren, Lopetegi oraindik ez da aulkian eseri. Taldeari nortasuna, norabidea eta joko ideia argi bat ematea espero dute. Ingalaterran egingo duen lehen aldi honetarako, besteak beste, Fran Garagartza alboan izango du, aholkulari lanetan.
Ingalaterran ere, gutiziatuak
Hiru euskal entrenatzaile ari dira Premier Leaguean: Mikel Arteta liga irabazteko lehian ari da Arsenalekin; Unai Emeryk, Aston Villa hauspotu nahi du; eta Julen Lopetegik, mailari eustea du xede Wolverhamptonen. Aurretik beste bi euskal entrenatzaile aritu dira: Aitor Karanka eta Javi Gracia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu