Eurokopa

Ingalaterrak irabazi du, eta Espainiaren aurkaria izango da Eurokopako finalean

Ingalaterrak 1-2 garaitu du Herbehereetako selekzioa, eta Eurokopako finalerako sailkatu da. Watkinsek sartu du garaipenaren gola, 90. minutuan. Espainiaren aurka jokatuko du finala, igandean, Berlinen.

Ollie Watkinsek egin du garaipenaren gola (ANNA SZILAGYI / EFE).
Ollie Watkinsek sartu du garaipenaren gola (ANNA SZILAGYI / EFE).
pettan uralde
2024ko uztailaren 10a
23:16
Entzun

Behetik gora egin du Ingalaterrak Eurokopa honetan, eta Herbehereetako selekzioa 1-2 gainditu du final handirako sailkatzeko. Xavi Simons nederlandarrak bere taldea aurreratu du zazpigarren minutuan, gol itzel bati esker, baina Harry Kanek berdinketa lortu du hamaika metroetatik. Bigarren zatian, Ingalaterraren garaipenaren gola Ollie Watkinsek sartu du, 90. minutuan. Espainiaren aurka jokatuko du finala hiru lehoien selekzioak, igandean, Berlinen (21:00, La1).

Ingalaterrak noraezean eman ditu Eurokopako lehen partidak, jokamolde apropos baten bila txapelketa irabazteko hautagai gisa sendotzeko. Azkenean lortu du Gareth Southgate entrenatzaileak tekla aproposak sakatzea, eta azken bi partidetan irudi ona utzi du. Final-laurdenetan, presio oldarkorrak fruituak eman zizkion arerioaren zelaian, eta gaur ere horrela ito du Herbehereetako selekzioa. Horrek, eta Foden eta Mainoo gazteen presentzia areagotzeak arrazoiak eman dizkio Ingalaterrari bere aukeretan sinesteko.

Lehen minutuetatik aritu dira bi taldeak garaipenaren bila. Ingalaterrak baloiaren jabe izan nahi zuen, baina Herbehereek zigortu egin dute apenas bost minutuak igaro zirela. Xavi Simons herbeheretarrak baloia lapurtu du area ertzean, eta ez du bitan pentsatu; Zartada batez Pickford atezainaren eskuadratik sartu du gola. Huts bakarra eta gola: markagailua altxatzeko beharrean utzi du Ingalaterra.

Baina erori ordez altxatu egin da Ingalaterra, eta partidako minutu onenak izan ditu atzetik jarri denean. Harry Kane aurrelaria bi alditan saiatu da berdinketa jartzen, eta bigarren jaurtiketa horretan epaileak jokaldia berrikusi eta penaltia adierazi du. Hamaika metroetatik hutsezina da Bayern Municheko jokalaria, eta berdinketa jarri du markagailuan.

Ingalaterrako jokalari guztiek ospatu dute Watkinsen gola (RONALD WITTEK / EFE).
Ingalaterrako jokalari guztiek ospatu dute Watkinsen gola (RONALD WITTEK / EFE).

Handik minutu gutxira, Phil Foden gaztearen jaurtiketa ateko marra gainetik atera behar izan du Dumfries defentsak. Herbehereetako jokalari berberak langara jaurti du burukada bat korner batean. Eta handik minutu gutxira, berriro Fodenek jaurtiketa itzel bat zutoinaren aurka apurtu du. Ronald Koemanen taldeak itota amaitu du lehen zatia, eta ongi etorri zaio lehen 45 minutuak amaitu izana.

Atsedenalditik beste aurpegi batekin zelairatu da selekzio nederlandarra, eta indarrak berdintzea lortu du ingelesekin. Minutuek aurrera egin ahala, Ingalaterrak presioa egiteko gaitasuna galdu du, eta Herbehereak lehen zatian baino gehiagotan iritsi dira aurkariaren atera. Hala ere, sendo aritu dira defentsa ingelesak, herbeheretarren antzera.

Ustekabeko heroia

Berdinketa erabatekoa zen, baina Ingalaterrak abisua eman du. Bukayo Sakak gola sartu du, baina pasea eman dion taldekidea jokoz kanpo zegoen, eta epaileak baliogabetu egin du. Partida luzapenera iritsiko zela ematen zuen, eta gutxien espero zenean ustekabeko heroia agertu zaio Ingalaterrari. Txapelketa osoan hogei minutu bakarrik jokatuak zituen aurrelariak, Ollie Watkinsek, area barruan baloia jaso du, bira egin du defentsa paretik kentzeko, eta, jaurtiketa gurutzatu batekin, garaipenaren gola sartu du.

Herbehereetako selekzioak ez du erantzuteko denbora nahikorik izan, eta finalaren atarian geratu da. Ingalaterrak sendotasun handiagoa erakutsi du finalerdietan, eta horrela edo hobeto aritu beharko du igandean Espainiaren aurka, bere historiako lehen Eurokopa irabazi nahi badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.