Ingalaterrak bosgarrenez irabazi nahi du jarraian Sei Nazioen Torneoa

Gaur hasiko da emakumezkoen txapelketa. Arrosa Gorrien selekzioa da torneoa irabazteko hautagai nagusia, beste behin

Iñaki Berastegi.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Azken bosturtekoan bezala, Ingalaterra da gaur hasiko den emakumezkoen Sei Nazioen Torneoa irabazteko hautagai nagusia. Arrosa Gorriek azken lau torneoak bereganatu dituzte, partida guztiak irabazita. Denera, hemezortzi aldiz irabazi dute torneoa, hain zuzen ere.

Simon Middleton hautatzailearen azken txapelketa izango da, eta, gainera, lehen jardunaldiaren ostean, Sarah Hunter taldeko erreferenteetako batek erretiroa hartuko du. Itxura guztien arabera, Frantzia izango da beste behin Ingalaterrari aurre egin diezaiokeen bakarra, dituen jokalari garrantzitsuen hutsunea gehiegi nabaritzen ez badu, bederen. Iaz, Ingalaterraren aurkakoa ez beste neurketa guztiak irabazi zituen: 12-24 galdu zuen Baionan.

Arrosa Gorrien eta Frantziaren arteko neurketa azken jardunaldian jokatuko da, Ingalaterran. Horrek emozioa jarriko dio torneoari. Bi horien atzetik, Galesko selekzioak amaitu zuen iaz. Berdegunean Hannah Jonesen aginduetara mugitzen den taldeak beste txapelketa on bat egin nahi du. Borroka estua izan dezake Irlandako selekzioarekin. Amaitzeko, azken bi postuetarako hautagai nagusiak Eskozia eta Italia dira. 2022an, Eskozia izan zen azkena, partida bat bera irabazi gabe. Italiak, berriz, bi garaipen eta zortzi puntu bildu zituen. Gainera, Eskoziako selekzioak bolada txarrean jarraitzen du, txapelketa guztiak kontuan hartuta, azken bederatzi neurketak galdu baititu.

Partidak, gaur eta bihar

Lehen jardunaldiko norgehiagokak gaur eta bihar jokatuko dira. Hain zuzen ere, gaur Gales eta Irlanda aurrez aurre ariko dira Cardiffen (15:15), eta Ingalaterrak Eskoziaren bisita jasoko du Newcastlen (17:45). Bihar, berriz, Italiaren eta Frantziaren artekoa (16:00) jokatuko da Parman. Apirilean jokatuko dira torneoko beste lau jardunaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.