Ingalaterra, eta gero, besteak

Arrosaren hamabostekoak nagusitasunez irabazi zuen iaz Sei Nazioen torneoa, 'grand-slam'-a ere lortuta. Aurten ingelesak dira berriz faborito, baina gertu dute Gales

Sergio Parisse italiarra, Rory Best irlandarra, Greig Laidlaw eskoziarra, Dylan Hartley ingelesa, Guilhem Guirado frantziarra eta Alun Wyn Jones galesa, koparekin. EFE.
Eneritz Zabaleta.
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Otsaileko egun labur eta hotzekin batera, badator Sei Nazioen torneoa. Europako selekziorik indartsuenak ariko dira lehian, iaz Ingalaterrak irabaziriko torneoa eskuratzeko asmoz. Arrosaren hamabostekoa da tituluari eusteko faborito nagusia. Helburu bera du Galesek ere. Koska bat beherago daude Irlanda, Frantzia eta Eskozia. Urtero legez, Italia azkena ez izateko borrokatuko da.

INGALATERRA

All Blacksen markaren bila

Ingalaterra bolo-bolo dabil aho guztietan. 2015ean etxean jokatu zuen Munduko Kopan hanka barruraino sartu ondoren —ez zuen pasatu ligaxka—, txapela kentzeko moduko urtea egin du. Eddie Jones hautatzaile berriaren bidez, hamalau aldiz irabazi du segidan. Australia, Hegoafrika, Argentina... hego hemisferioko selekzio indartsu gehienak menderatu ditu —Australia, lau aldiz jarraian— eta iaz Sei Nazioen torneoa eskuratu zuen, grand-slam eta guzti—partida guztiak irabazi zituen—.

Aitzinekoen indarrean eta gibelekoen abiaduran oinarrituta, torneoa irabazten entseatuko da. Gran-slam-a lortzen badu, selekzio batek jarraian irabazitako partida kopurua hobetuko du. Zeelanda Berriak du marka: hemezortzi. Torneoan neurketa guztiak irabaziz gero, hemeretzi lituzkete ingelesek.

GALES

Nahasketa ona du

Gales dago Ingalaterraren gibelean. Porruaren hamabostekoa trantsizioan dago. 2011ko Munduko Kopan agertu zen belaunaldia —Warburton, Faletau, Halfpenny, Lydiate, North...— errelebo zain dago, eta gazte batzuk batu zaizkie, Keelan Giles eta Thomas Young buru dituztela.

Galesen aulkian ez da egongo Warren Gatland hautatzailea,ekainean lehiatuko den lehoi britaniarren selekzioko buru izendatu dutelako. Haren lekua Rob Howleyk beteko du. Galesek hiru partida jokatuko ditu Cardiffetik urrun, eta hori desabantaila da.

FRANTZIA

Jokoa bai, emaitzarik ez

Torneo oso garrantzitsua izanen da Munduko Koparen ondotik kargua hartu duen Guy Noves hautatzailearentzat. Iazko urte bukaeran, Frantziako Errugbi Federazioan hauteskundeak egin zituzten, eta presidente berria hautatu zuten: Bernard Laporte. Laporte eta Novesen arteko harremanak zailak dira oso, eta horrek arriskuan utzi du Novesen postua. Hasieran, Noves kargutik kenduko zuela pentsatu bazen ere, Laportek aukera bat eman dio, udazkenean Frantziak erakutsi duen maila onari esker.

Hala ere, abisua emana dago: torneoan emaitzak ez badira onak, Noves kargutik kenduko du Laportek. Gazi-gozoa da iazko balantzea: lau garaipen eta sei porrot. Halere, joan zen ekainean eta udazkenean bikain aritu zen, eta zaleak alde ditu Novesek. Emaitzak iristea behar du, ordea.

IRLANDA

Indarrean dator

Gaizki amaitu zuen Irlandak iaz Sei Nazioen torneoa. Hirugarren izan zen, Frantziaren eta Ingalaterraren aurka galduta, eta Galesekin berdinduta. Urte bat lehenago, berriz, Argentinaren aurka lotsagarri geratuta amaitu zuen Munduko Kopa, eta galdera markak agertzen hasi ziren hirustaren hamabostekoaren inguruan.

Ekainean eta udazkenean, ordea, hego hemisferioko selekzioen aurka oldartu da Irlanda. Lehenik, estreinakoz irabazi zuen Hegoafrikan (20-26). Ondoren, Chicagon (AEB) jokatu zen partida historikoan, lehen aldiz irabazi zion Zeelanda Berriari (40-29). Hori eginda, eten egin zuen All Blacksen garaipen bolada —hemezortzi zeramatzaten jarraian—. Garaipen bikain horrek konfiantza itzela eman die. Ikusteko dago ekitaldi honetan udako eta udazkeneko mailari eusten dion.

ESKOZIA

Vern Cotterren azkena

Ekitaldi berezia izanen da Eskoziarentzat. Kardulatzaren hamabostekoaren buruzagitza hartu eta lau urtera, Vern Cotter hautatzaile zeelandaberritarrak selekzioa utziko du sasoia bukatutakoan. Montpellier zuzenduko du hemendik aitzina, eta Top14an soldata handiena jasoko duen entrenatzailea bilakatuko da.

Cotterren agurrean ezustekoa eman nahi du Eskoziak. Harekin, taldeak itxura dezente hobetu du, eta usu hurbil izan du garaipena. Munduko Kopan, adibidez, Australiak zigor kolpe oso zorrotz batekin kanporatu zuen, final-laurdenetan (35-34). Iazko torneoan, Frantzia menderatu zuen, eta udan eta udazkenean Argentina menderatu du, baita Australia estu hartu ere (22-23). Emaitza horiek lagun, ezustea eman nahi du.

ITALIA

Beste ziklo baten hasiera

Aldaketa giroan jokatuko du Italiak. Jacques Brunelek hautatzaile postua utzi berritan, Conor O'Shea irlandarra izanen da lemazain berria. Ongi hasi da: bost partidatatik hiru irabazi ditu; besteak beste, Hegoafrikari (20-18).

Hala ere, nekez egongo da Italia goiko postuetarako borrokan. Zeelanda Berriak joan zen ekainean emandako astinduak (10-68) agerian utzi du azken postua saihesteko lehian ariko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.