Pilota. Miarritzeko Munduko Txapelketa

Informazio gutxi, ilusio handia

Informazio gehiagoren beha egoteko beharra azpimarratu, eta Euskal Herriko pilotariak bilduko dituen selekzio baten beharra nabarmendu du Munduko Txapelketan ari den pilotari batek baino gehiagok.

Munduko Txapelketako zesta-puntako partida bat, Miarritzeko Aguilera Jai Alai pilotalekuan. FFPB.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Informazio gutxi, baina ilusio handia. Espainiako Kongresuko Kirol eta Kultur Batzordeak herenegun onartu zuen legeak Munduko Pilota Txapelketa bete-betean harrapatu ditu Euskal Herriko kirolariak. Oraindik itxaron behar dela diote, ez baita jakina zer baldintzatan onartu duten selekzioa, baina aukera izanez gero Euskal Herriaren aldeko hautua eginen dutela erran dute anitzek.

IÑAKI OSA GOIKOETXEA
Puntista
«Zazpiok bat beharko genukeela uste dut»

«Aurrepauso handia da», Iñaki Osa Goikoetxea puntistaren iritziz. «Guretzat, gure selekzioarekin jokatzea oso ona da; pozik jokatuko nuke euskal selekzioarekin». Informazioa eskas dela erran du, hala ere. «Zain egotea komeni da, jakiteko zehazki zer eta nola izanen den. Oraindik informaziorik ez daukagun momentu batean harrapatu gaitu». Hala ere, berak argi du: «Zazpiok bat izan beharko genukeela uste dut». Nola izan daitekeen ez dauka «esku artean», baina ilusioak hartu dio gaina euskal selekzioarekin jokatzeko aukera irudikatuta: «Amets bat bihurtzen da, dudarik gabe».

AIZKOA ITURRINO
Goma paletako jokalaria
«Posible banu, euskal selekzioarekin arituko nintzateke, noski»

«Ikusi dut pasatzen, baina detaileak ez ditut; ez dakit deus. Txapelketan gara, eta ez dugu horri buruz pentsatzen», aitortu du Aizkoa Iturrino goma paletako jokalariak. Txapelketa hasi aurretik euskal selekzioaren aldeko agerraldia egin zutela gogoratu du, baina ordutik «burua partidetan» dutela erran du.«Niretzat biziki inportantea izanen litzateke euskal selekzio batean aritzea. Frantziarentzat ari naiz gaur egun, baina, posible banu, euskal selekzioarekin arituko nintzateke, noski».

OIHAN BORTEYRU
Xare jokalaria
«Espero dugu hautua ukanen dugula»

Herenegun jokatu eta gero eman zioten berria Oihan Borteyru xare jokalariari: «Hasieran ez nuen guztiz sinetsi. Berri biziki ona da; biziki kontent gara». Dioenez, oraingoz ez dakite «deus», eta goaitatu beharko dela erran du. «Espero dugu hautua ukanen dugula. Guretzat, hori da inportantea: Frantziarentzat, Espainiarentzat edo Euskal Herriarentzat aritzeko hautua ukaitea. Gure aitzinetik jende anitzek lan egin du horren alde. Hori da itxaroten duguna. Euskaldun guziek nahiko genuke selekzio horrentzat aritu. Espero dut fite etortzea parada».

JOHAN SOROZABAL
Puntista
«AEBetakoan aritzeahitzemana diot anaiari»

BERRIAren bidez jakin du albistea Johan Sorozabal puntistak. Miarritzekoa (Lapurdi) izanik ere, AEBetako selekzioan ari da, eta segitzeko asmoa du: «Hitzemana diot anaiari». Bikotea osatzen dute. «Entzun nuen manifestazioak izan zirela horri buruz. Pentsatzen dut gauza ona baizik ezin dela izan». BAC klubarekin jokatzen du Euskal Herriko eta Frantziako txapelketetan, eta AEBetako naziotasunarekin selekzioan. Formula horrekin, posible ikusten du Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariek euskal selekzioan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.