ENTRENATZAILEAREN ESKUA
Joko sistema eraginkorra
Hobekuntzaren eragile nagusia Eusebio Sacristan izan da. Haren etorrerak oreka, ordena eta ausardia eman dizkio taldeari. Entrenatzaileak lehen egunetik aitortu zuen sinesten zuela jokalariengan, eta denborak arrazoia eman dio. Juanmi, Willian Jose, Concha, Gaztañaga, Bardaji eta Toño soilik batu dira taldera urte osoan; beraz, lehengo enborrari eutsita, lore ugari lortu du entrenatzaileak. Mahai gainean joko ideia bat jarri izan du lehen egunetik: baloia oinetan izan eta agintzea gustuko duela azaldu du. Sistema hori finduz joan da taldea, eta aspaldiko sasoirik onenean amaitu du urtea. Teknikoki aberatsa eta erakargarria den futbol horrekin, arrakasta handia lortu du.Eraberritze prozesu batean ekin zion urteari taldeak. Bazekien Eusebiok zer-nolako jokoa plazaratu nahi zuen, baina emaitzak ere lagun behar zituen. Horregatik, bi helburu horiek norabide berean behar zituen eraman, eta asmatu zuen. Lau garaipen jarraian lortuta, tartean San Mamesekoa, jaitsiera postuak urrundu zituen Realak, baina Europarako borrokan sartu zenean irregulartasun handia erakutsi zuen. Ondorioz, denboraldiak zapore gazi-gozoa utzi zuen zaleengan. Eusebioren eskua, hori bai, ederki antzeman zen, eta ilusio faltarik ez zen. Ligari txukun antzean ekin zioten txuri-urdinek, baina benetako distira urritik aurrera erakutsi dute. Segidan eskuratutako beste lau garaipenek eta mundu osoan ikusi zen Bartzelonaren aurkako erakustaldiak onenen arteko lehian sartu du taldea. Aspaldi ez bezala gozatzen ari dira Reala eta haren ingurua.
OINARRIA, ETXEAN
Oiartzabalen agerraldia
Arrakastaren oinarria etxean bertan topatu du Eusebiok. Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak eta entrenatzaileak 2016an ere etxeko jokalariei eusteko politikari jarraitu diote. Hainbati luzatu diete kontratua: Aritz Elustondo eta Yuriri urtarrilean, Iñigori apirilean, Agirretxeri ekainean, Oiartzabali abuztuan, eta Zurutuzari azaroan. Ia gehienak ezinbesteko dira Eusebioren eskeman. Behin oinarri hori sortuta, fitxaketekin ere asmatu du klubak. Rullik Donostian jarrai zezan lortu du, eta Willian Jose izar bilakatu da Anoetan. Aurrelariekin zegoen madarikazioa amaitu, eta bederatzi gol daramatza brasildarrak. Juanmi ere oso fin ari da. Bulegoetarako fitxaketak ere egin dituzte. Roberto Olabe futbol zuzendari izendatu zuten irailean, kirol esparrua garatzeko.Baina Oiartzabali aldatu zaio bizitza gehien 2016an. David Moyesekin egin zuen debuta, baina bigarren taldean hasi zuen urtea. Lesio batzuk zirela eta, Eusebiok deitu zuen urtarril amaieran, eta handik aurrera tokia izan du hamaikakoan. Ordutik Realak jokaturiko 31 partidetatik 29tan parte hartu du, eta sei gol sartu ditu. Vela bera ere mailarik onenera ekarri du. Urte gorabeheratsua izan du mexikarrak —Madrilen gau giroan ibili zela eta, Donostia uztear ere egon zen—, baina bertan jarraitzea erabaki zuen azkenean, eta zoriontsu da.
ZELAI ERDIKO DISTIRA
Illarra-Zurutuza bikotea
Vela zoriontsu bada, taldeak ere hobeto jokatzen du, baina badira beste jokalari batzuk euren maila izugarria berresten ari direnak. Iñigo Martinez, esaterako. Defentsako lerroan nagusia da, eta haren konfiantza eta segurtasuna eskertzen dituzte ingurukoek. Yuri, besteak beste, inoizko sasoirik onenean dago. Maiatzera arte De la Bellarekin lehian ibili zen ezker hegala norena izango, baina kataluniarraren irteerarekin batera, gora egin du zarauztarrak. Postuaren jabe da sasoi honetan, eta ondo merezita. Bi gol sartu ditu 2016an.Gainerakoei meriturik kendu gabe, Realaren distiraren protagonista nagusiak Illarramendi eta Zurutuza dira. Bikain hartzen dute elkar, eta ligan zelai erdiko bikoterik onenetakoa osatzen ari dira. Illarramendi burmuina da. Erasoaren eta defentsaren artean oreka lortzen du, eta Real Madrilera joan zenean baino are hobeto aritu da azken partidetan. Zurutuza, berriz, taldetik kanpo egon zen urte hasieran, zuntz haustura bat zela medio, baina inoiz ez bezalako jarraitutasunarekin amaitu du urtea. Profesional ibilbidean estreinakoz 32 partida segidan jokatu ditu: joan den sasoiko azken bederatziak eta honetako lehen hamahiruak. Gainkarga baten ondorioz, Riazorren ezin izan zuen jokatu. Zelaian dagoenean, taldeak igarri egiten du.
Zelai erdian, nabarmentzekoa da Xabi Prietoren ekarpena ere. Urteko 37 partidak jokatu dituen bakarra da, eta sasoi betean dago. Datorren urteko ekainean amaituko zaio lan hitzarmena, baina, ondo bidean, Realean jarraituko du. Horretarako merituak egin ditu, behintzat.
JARRAITUTASUNA
Etxetik kanpo, oso fin
Irregulartasuna izan da Realaren bekatu handiena azken urteetan, eta horregatik geratu izan da Europako postuetatik kanpo. Hots, aurten oreka handiagoa topatu du. 2016an hemezortzi partida irabazi ditu, horietatik zortzi etxetik kanpo (%44). Urtarriletik maiatzera, zelai zailetan irabazi zuen: Espanyol (0-5), Athletic (0-1), Sevilla (1-2) eta Valentziaren kontra (0-1). Denboraldi honetan, berriz, lau garaipen daramatza dagoeneko: Osasuna (0-2), Leganes (0-2), Sporting (1-3) eta Granadaren aurka (0-2). Hori bai, Anoetak gotorleku da oraindik ere. Denboraldi honetan soilik Real Madrilek irabazi du Donostian (0-3), eta Bartzelonak eta Espanyolek berdindu dute (1-1). Gainerako bost partidetan, garaile izan dira txuri-urdinak.Bada, bide onean jarraitzeko, Anoetan ez ezik, ezinbestekoa izango da etxetik kanpo ere puntuak batzea. Eusebiok baikortasuna azaldu du, baina izango ditu oztopoak. Esate batera, Carlos Martinezek ezingo du jokatu gehiago sasoi honetan, hautsia baitauka belauneko lotailu gurutzatua. Ez dirudi klubak inor fitxatuko duenik neguko merkatuan. Gainera, Agirretxe Eusebioren aginduetara izango da.