Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Indartsuenen artean, erakustaldia

Alejandro Valverdek erakutsi du indar handiena La Zubian, etapa amaierako lehenengo mailako mendatean, eta irabazi egin du.Faborito guztiak hogei segundoren barruan sartu dira

Indartsuenen artean, erakustaldia.
2014ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Faborito guztiak lehian zirela, indar handiena berak zuela erakutsi zuen atzo Alejandro Valverdek (Movistar), Espainiako Vueltako seigarren etapan. Atzokoa aurreneko proba serioa zen, txirrindulari bakoitzak Vueltan izango dituen aukerak argitzen hastekoa. Horren adierazgarritzat, etapa amaieran zegoen lehen mailako azken mendate horretan, irailaren 14an Santiagoko podiumera igotzeko asmoa duten txirrindulari guztiak zeuden. Valverdek, ezustean, bere taldekide Nairo Quintanari laguntzen ari zela zirudienean, erasoa jo zuen azken metroetan, Chris Froome (Sky), Alberto Contador (Tinkoff) eta Joaquim Rodriguezi (Katuxa) aurrea hartuta. Etapa garaipen horrekin, sailkapen nagusiko lehen postura itzuli da Valverde, bigarren etapan galdu zuenera. Beraz, Movistarreko txirrindularia izango da gaur maillot gorriarekin.

Etapa hasi eta berehala izan zen ihesaldia. Lluis Mas (Caja Rural) eta Pim Ligthart (Lotto) izan ziren protagonistak. Lotto taldeko txirrindularia bigarren egunez jarraian sartu zen ihesaldian, herenegun 100 kilometro baino gehiago ihesean egin eta gero. Johan Lebon (FDJ) eta Peter Sagan (Cannondale) saiatu ziren ihesaldian sartzen, baina tropelak berehala irentsi zituen berriro ere.

Indartsu abiatu ziren Mas eta Ligthart, eta, etapako ordu eta erdi igarota, hamalau minuturen aldea zuten tropelarekin. Aldea gehiegi handitzeko arriskua ikusita, Garminek lanari ekin zion atzean. Lanak eragina izan zuen, eta iheslariekin zuten tartea murriztu egin zen Zarrafaia aurreneko mendatera iristerako. Mas eta Ligthard mendate gainera iristerako, Katuxak bat egin zuen Garminekin tropeleko lanetan. Horrela, iheslariak denbora galduz joan ziren pixkanaka. Horrenbestez, mendatetik jaistean ihesaldiak tropelarekin zuen aldea hamar minutu azpikoa zen ordurako.

Bermejales hirugarren mailako mendatera iristean, aldea bere horretan zen oraindik: iheslariek zortzi minuturen tartea ateratzen zieten tropelari. Han, kilometro asko Garminen atzetik ibili eta gero, Movistarrek bere gain hartu zuen tropelaren gidaritza. Eguneko lehenengoan egin bezala, bigarren mendate horretan ere Mas iritsi zen lehen postuan, eta mendiko maillotari ahalik eta luzaroena eusteko asmoa duela erakutsi. Mendatean behera, pixkanaka gutxituz joan zen ihesaldiaren eta tropelaren arteko tartea; etapa amaierarako 20 kilometroren faltan, lau minutu azpikoa zen. Tarteko helmuga pasatuta, minutu eta erdirena zen aldea, eta talde guztiek tropelaren burua bilatu zuten, etapa azken mendatearen igoeran erabakiko zela ikusita. Mendatea igotzen hastear, iheslariek amore eman zuten, eta tropelak irentsi zituen. Faboritoek ikuskizun bikaina eman zuten azken metroetan, non Valverdek indartsu dagoela erakutsi zuen.

Gaurko etapak Alhendin eta Alcaudete lotuko ditu, 169 kilometroko ibilbidean. Atzokoa baino etapa leunagoa izango da, baina hirugarren eta bigarren mailako mendate bana igo beharko dute txirrindulariek, eta etapa amaiera aldapan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.