Ingalaterrak etxeko lanak egin ditu gaur; aise irabazi dio Irani, eta gol festarekin hasi du txapelketa: 6-2. Multzoko faborito nagusia da Gareth Southgateren taldea, eta nagusitasun hori erakutsi du. Ingelesek eraginkortasuna baliatu dute garaipena erdiesteko, eta lehen zatiko azken hogei minutuetan neurketa kasik errematatua utzi dute, Bellinghamek, Sakak eta Sterlingek sartutako golekin. Iran, berriz, saiatu da tartea murrizten, baina Taremi aurrelariak sartutako bi golak ez dira nahikoa izan Ingalaterra kikiltzeko.
Partida espero moduan hasi da: Ingalaterrak izan du ia une oro baloia, eta Iran atzean itxi da, kontraerasora ateratzeko zain. Egoera horretan, Ingalaterrak baloia bazuen ere, kostata gerturatu da aurkariaren area ertzera; paseak eman bai, baina ez du arriskurik sortu.
Joko geldoa egiten aritu dira ingelesak, harik eta 34. minutuan Mountek baloia zelai erdian jaso, Shawi hegalera pasea eman, eta haren erdiraketa Bellinghamek buruz sareratu duen arte. Borussia Dortmundeko 19 urteko jokalaria estreinakoz ari da Munduko Kopan. Hura da Michael Owenen atzetik Ingalaterrarekin Munduko Kopan gola sartu duen jokalaririk gazteena.
Ingelesek belaunaldi berri bikaina dute, eta txapelketako lehen partidan jada arrastoa utzi dute. Bellinghamek ez ezik, Sakak ere distira egin du. 43. minutuan alboko sake batean iritsi da Arsenaleko jokalariaren gola, boleaz jaurtiketa indartsua egin ostean. Lehen zatiaren hondarrean heldu da hirugarrena, ingelesek hobekien egiten dakiten modura: trantsizio azkar batean, Kanek baloia jaso du hegalean, eta erdiraketa zehatza egin du Sterlingek baloia sareratu dezan.
Epaileak hamabost minutu luzatu du lehen zatia, Beyranvan Irango atezainak taldekide batekin talka egin eta sudurrean min hartu duelako. Beyranvandek zelaian jarraitzeko ahalegina egin badu ere, azkenerako, ohatilan eraman behar izan dute.
Bigarren zatian, neurketa irauli nahian, Carlos Queiroz Irango entrenatzaileak bi aldaketa egin ditu, baina partidak bere horretan jarraitu du: Ingalaterra, baloiarekin nagusi, eta Iran, kontraerasora noiz aterako zain. 60. minutuan Sakak laugarrena sartu du, beste jaurtiketa indartsu bati esker. Ematen zuen Ingalaterrak beste bizpahiru gol sartuko zizkiola Irani, baina Taremiren lehen jaurtiketa saretara joan da, eta tartea murriztu du.
Neurketa iraultzeko esperantza, ordea, azkar utzi du ezerezean Ingalaterrak. Rashford bigarren zatian atera da, eta ukitu duen lehen baloia ate barrura bidali du, aurkariari izkin egin ostean. Azken minutuetan Grealishek sartu du ingelesen seigarrena, eta Iranek, astindua arindu nahian, penaltiz sartu du bigarrena; Taremik egin du berriro.
B multzoko liderra da Ingalaterra, hiru punturekin. Bat dute AEBek eta Galesek, bana berdindu baitute. Weahk sartu du estatubatuarren gola, 36. minutuan, eta Balek banakoa lortu du penaltiz, 82.ean.
Herbehereen garaipena
A multzoan ere jokatu dute lehen jardunaldia, eta Herbehereak eta Ekuador berdinduta daude aurreneko postuan. Biek irabazi dute lehen partida: 2-0; herbeheretarrek Senegali, gaur, eta ekuadortarrek Qatarri, atzo.
Europako selekzioak sufritu du gehien. Senegalek deseroso sentiarazi du, eta zenbait huts eginarazi dizkio. Baina Afrika kopako txapeldunak ez ditu aukerak baliatu.
Azken minutuetan erabaki da neurketa. Mendyren bi akats probestu dituzte Herbehereek. 84. minutuan, Frenkie de Jongek erdiraketa paregabea egin dio Gakpori, eta hark buruz sartu du lehen gola. Bigarrena, berriz, Klaasenek sartu du, 99. minutuan.