Hodei Ezpeletak (Eibar, Gipuzkoa, 1999) doktoretza tesia lantzen igaro du astearte goiza. Olatuen indarra eta haizea ditu ikerketarako gai: «Fisika purua da». Bi egun dira Euskadiko Aizkolari Txapelketa irabazi zuela, baina horrek ez du bere egunerokoa aztoratu.
Euskadiko Aizkolari Txapelketa irabazi zenuen igandean, bigarren urtez jarraian. Giharretako minak sendatu al dira?
Eduki nituen, bai. Tentsioa dela-eta, giharrak gehiago estutzen dira, gorputza gehiago behartzen delako. Asteleheneko gauza izan zen, eta dagoeneko pasatu da.
Garaipenak zer esanahi du zuretzat?
Ez du esanahi askorik. Ez dut uste Euskal Herriko onena naizenik; badaude aizkolari hobeak. Gaur egun, puntakoak direnak aurretik daude. Egoera hau horrela gertatu da [Sherpa.Ai txapelketan aritu direnek ez dute federazioaren lehian parte hartu], eta nik aprobetxatzen jakin dut. Ez dago besterik.
Ordea, zure izena dago irabazleen zerrendan. Puntako aizkolaririk gabe, baina aritu zaretenen artean onena izan zinen.
Izan liteke, baina gauzak ez ditut horrela ikusi nahi. Motibazio gehiago ekarriko dit honek, etorkizunera begira lanean segitzeko eta hobeto prestatzeko. Ea urte batzuk barru punta-puntan egoteko moduan naizen. Irabazi edo galdu, denboretan onenen artean sartzea da helburua.
Xabier Zalduak estutu egin zintuen tarte batez. Nolakoa izan zen igandeko finala?
Nahiko ondo joan nintzen, urduritasunaren aldetik. Oso adi. Banekien zer egin behar nuen; bigarren aldirako biltzen da esperientzia pixka bat. Gauzak ondo kudeatu nituen, beroketa ona egin nuen. Gero, proba hasita, laugarren enborretik aurrera bete egin nintzen, eta ez nion bueltarik eman. Sufritu egin nuen.
Lehen enborrean, zortzi segundoren aldea atera zenion Jokin Urretabizkaia Basozabal-i. Garrantzitsua izan al zen indartsu hastea?
Indartsu baino, fresko eta bizi hastea izan zen garrantzitsua. Ez nintzen bete-betean hasi; bestela, gehiago estutuko nintzen, eta okerrago pasatuko nuke.
Zu eta Basozabal zineten hautagaien artean. Hark gehiago estutuko zuela uste al zenuen?
Ez dakit. Jokinen lehen finala izan zen, eta urduri zegoela esan zidanhasieran. Normala da. Gainera, jendeak zioen txapela irabazteko hautagaien artean zegoela. Ni aurreko astean-eta kontzentratzen saiatzen naiz, komunikabideei ez erreparatzen; azken finean, nire gauzetan. Horrek lagunduko ninduen agian.
Egurra mozteko korteekin zer moduz moldatu zinen?
Ondo. Uste dut etxean asko lantzen dudala hori, korte onak ematea-eta, ahalik eta kalerik gutxien egiten. Momentu txar bat izan nuen; beteta nengoen, eta ez nekien zer egin. Pixka bat galduta sentitu nintzen. Egoera horri buelta ematea lortu nuen, eta aurrera jarraitu nuen, eta nahiko ondo amaitu.
Aita izan zenuen laguntzaile, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolaria. Zer esan zizun saioa amaitu zenuenean?
Besarkatu egin ninduen, baina esan, gauza gutxi. Gero, etxean hitz egiten ditugu gauzak, ez beroan. Dena ondo gertatu zen, eta ez genion gauza asko esan elkarri. Egia da estutu egin ninduela: ni baino gehiago nekatuko zen. Telebistan ikusi zutenek entzungo zituzten haren garrasiak.
47 minutu pasatxoan osatu zenituen lanak. Zer moduzko egurrak egokitu zitzaizkizun? Iaz baino latzagoak, akaso?
Kana-erdikoak oso onak ziren, baina 60 ontzakoak, gogorrak. Oinbikoak ere onak ziren, baina bihotz zikinekoak. Denboratan ikusten da hori: gora egin dugu, eta ez dakit. Agerikoa da asko dugula hobetzeko; bai lehengoetara gerturatzeko, baita egungo puntakoetara gerturatzeko ere. Iazkoak baino gogorragoak izan ziren, baina denbora gehiago pasatu genuen.
Iaz, denbora hobea egin zenuen. Egurrek zerikusirik ba al dute?
Ez dakit. Iaz gorputzaldi hobea izan nuen finalean. Aizkoran gozatu egin nuen, eta aurtengo betekadarik ez nuen izan. Iaz, oso onak ziren egurrak; aurten, ordea, gogorragoak, baina ez dakit iazko egurrekin denbora hobetuko nuen ala ez. Jada ezin da jakin.
Sasoiko al zaude?
Bai. Finalerako prestatu naiz urte osoan, garrantzitsuena baita. Gorputzaldi ona aprobetxatu nahi dut urteko azken bi txapelketetan.
Zer helburu geratzen zaizkizu?
Lehenik eta behin, Urrezko Aizkorako Kopako finalaurrekoa jokatuko dut Mikel Larrañagarekin eta Ibai Soroarekin, eta, gero, Bizkaiko Txapelketa jokatuko dut San Tomas egunez, Bilbon.
Hodei Ezpeleta, 'Bihurri'. Aizkolaria
«Indartsu baino gehiago, fresko eta bizi hastea izan zen garrantzitsua»
Hodei Ezpeletak bigarren aldiz irabazi du Euskadiko Herri Kirol Federazioak antolatutako Lehen Mailako Txapelketa. «Puntako aizkolarien falta» izan du hizpide: «Ez dut uste onena naizenik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu