Lide Erbina

Indarrez iritsi da hasiberria

Zazpiko errugbiko Munduko Serieetan hasiberririk onena izendatu dute Lide Erbina. Hiru urte besterik ez darama goi mailan, baina Amaia ahizparekin batera Tokioko Olinpiar Jokoetan egotearekin amesten du.

VICTOR LERENA / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ezustea izan zen niretzat izendatua izatea, are gehiago saria jasotzea. Beste hautagaiak AEBetako bat, Ingalaterrako bat eta Australiako bat ziren, eta herrialde horietan errugbiak izen handia dauka». Lide Erbina errugbi jokalariak (Ordizia, Gipuzkoa, 2000) «pozarren» hartu du Espainiako selekzioarekin jokatutako Munduko Serieetako hasiberri onenaren saria jaso izana. «Lan asko dago honen atzean, eta nire taldekideena ere bada saria, tartean Amaia ahizparena. Halakoak harekin partekatzeak are bereziago egiten ditu». Orain, datorren urtean Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea du amets, zazpiko errugbiaren modalitatean. «Zaila izango da, baina bi aukera izango ditugu sailkatzeko: lehena, hemendik hiru astera Europako selekzioen artean jokatuko den sailkapen txapelketan».

Duela hiru urte arte, Erbina saskibaloian aritu zen. Etxeko gainontzekoak errugbian arituta,sarri galdetzen zioten nolatan berak ere ez zuen egiten. «Nik banekien noizbait probatu egingo nuela. Baina gustura nenbilen saskibaloian». Azkenean, urratsa egitea erabaki zuen. «Berehala lotu ninduen, eta errugbian hastea erabaki nuen. Naturaltasunez egin nuen. Ez zitzaidan batere arrotza egin, etxean betidanik bizi izandakoa baitzen».

Ordutik garapen ikaragarria izan du haren kirol ibilbideak. Ordizian hasi zen, eta, egun, Madrilgo Cisnerosen ari da. Nazioartean, Munduko Serieetan parte hartu du estreinakoz sasoi honetan, Espainiako selekzioarekin. Duela bi aste amaitu ziren serieak, Miarritzen (Lapurdi). Jokatutako sei Munduko Serieetatikbostean hartu du parte. Guztira 27 neurketa jokatu ditu, eta hamabi entsegu sartu: 60 puntu guztira. «Puntu kopuru polita da; uste dut denboraldi honetan asko hobetu dudala horretan, eta ondo baliatu ditudala taldekideek utzitako aukerako baloiak».

Erabakigarria izan da harentzat iazko udan egin zuen urratsa: Madrilgo Errendimendu Handiko Gunera joatea. «Beka bat jaso nuen, eta, urtebetez ikasketak utzi, eta buru-belarri errugbiari heltzea erabaki nuen». Onartu du «aldaketa handia» izan dela. «Batez ere entrenatzen pasatzen ditugun orduengatik. Lehen hilabeteak gogorrak izan ziren. Baina, aldi berean, goi mailako kirolari batek hobetzen segitzeko behar dituen baldintza guztiak ditut hemen. Selekzioko kide asko gaude han, gainera, eta horrek errazago egiten ditu gauzak». Amaia ahizpa ere ondoan dauka. «Bera ez da Blumen bizi, baina entrenatzeko elkartzen gara. Garai gogorrenetan nigan sinesteko esaten dit beti. Nire erreferentea da, egunero ikasten dut harengandik».

Munduko Serieak eskola handia izan dira. «Zeelanda Berria, Australia, Ingalaterra... Selekzio handiak dira; erritmo azkarrean jokatzen dute, eta ikaragarrizko ahalmena dute jaurtiketetan. Asko ikasi dut haien aurka jokatzen». Behin saria jasota, uste du aurkariek gertuagotik zainduko dutela. «Baina hori ere erronka gisa ikusten dut».

Oraindik hobetzeko «gauza asko» dituela uste du, dena den. Horien artean bat nabarmendu du. «Zazpiko errugbiko partidek soilik hamalau minutu irauten dutenez, presio eta urduritasun handia dago. Hori hobeto kudeatzen ikasi behar dut. Izan ere, partidetako bideoak ikusten, konturatzen naiz akats inozo asko egiten ditudala urduritasun hori dela eta». Gainera, aireko baloiak jasotzerakoan ere hobetu nahi du. «Taldeko jokalaririk garaiena naiz, eta hor ziurtasuna eta babesa eman nahi diet taldekideei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.