Indarrak neurtzera

Gaur jokatuko dira 2023ko Euskadiko Traineru Txapelketak, Ondarroan. Lehia estua espero da ohorezko txandetan.

Donostiarra taldearen Torrekua trainerua, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Iragan igandean jokatu ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko traineru txapelketak. Gipuzkoan parekatuago egon ziren bai nesken eta bai mutilen saioak, eta, azkenean, Donostiarra eta Hondarribia nagusitu ziren, hurrenez hurren. Bizkaian, ordea, aldeak handiagoak izan ziren, eta Kaiku eta Urdaibai izan ziren garaileak. Hori, baina, atzean utzi beharko dute, gaur Euskadiko txapelketa jokatuko baitute; lehen berotutik astebete eskasera. Ondarroan jokatuko da (11:30, ETB1). Gipuzkoatik bederatzi ontzi joango dira —emakumezkoen bost traineru eta gizonezkoen lau—. Bizkaitik, berriz, zazpi —emakumezkoen hiru eta gizonezkoen lau—.

Erronkari aurre egiteko prest daude Xabat Pastor Donostiarrako arraunlaria (Hernani, Gipuzkoa, 1999), eta Ainhoa Escobal Kaikukoa (Sestao, Bizkaia, 2003). Gipuzkoako mutilen estropada epaiketa batekin erabaki zen, eta Donostiarrako arraunlariak ez ziren gustura geratu hartutako erabakiarekin. Azken luzean, Hondarribia aurretik zuten donostiarrek, baina atzetik aurrerakoa egin zuten, eta, haien ondora heltzen ari zirela, bi traineruek palak jo zituzten. Uretan Ama Guadalupekoa gailendu zen, eta, Donostiarrak inpugnazioa eskatu bazuen ere, epaileak Hondarribiaren garaipena baieztatu zuen. Arreta Euskadiko Txapelketan jarri nahi izan du Pastorrek, baina horren gainean ere mintzatu da: «Estropada bukatzean, frustratu edo haserre samar geunden. Epaiketa baten ondorioz erabakitzen denean garailea nor den gorputzaldi arraroarekin gelditzen zara. Baina momentuko kontua izan zen. Astelehenetik aurrera, igandera begira jarri gara». Emaitzarekin ados ez egon arren, iragan igandeko gorputzaldi onari eutsi nahi diote donostiarreko. Mutrikuko jaitsiera irabazi ostean, Gipuzkoako Txapelketan Hondarribiaren parean aritzea seinale ona da Torrekua trainerukoentzat. «Beste denboraldi batzuekin alderatuta, zertxobait kostatu zitzaigun abian jartzea, lehen bi luzeetan atera baitziguten aldea. Gero oso indartsu sumatu genuen geure burua, eta atzetik aurrerako lan hori egitea oso seinale ona da; horri heldu nahi diogu», adierazi du Pastorrek.

Bizkaiko emakumeen estropada oso bestelakoa izan zen. Bizkaitarra-k hasi eta berehala hartu zituen bizpahiru segundo, eta aldea handituz joan zen. Deustuk eta Ondarroak bigarren postua lortzeko lehiatu behar izan zuten. Escobalek dioenez, ez zuten espero «horrenbesteko aldearekin» irabaztea: «Oso pozik gaude. Ez genuen horrelakorik espero. Estropadan bertan ikusi genuen oso ondo gindoazela, eta aldeak gora eta gora egin zuen. Helmugan alde ikaragarria atera genien». Escobal beste talde batzuetan ere lehiatu izan da, baina, sestaoarra izanda, Kaikurekin Bizkaiko txapeldun izatea «oso berezia» izan dela onartu du. Klubak ehun urte bete ditu aurten, eta lehiarako emakumezkoen talde bat osatuta ospatu nahi zuten hori. Azkenean lortu zuten traineruari hautsa kendu eta uretaratzea, eta urteurrena biribiltzeko modu berezia izan da Bizkaiko Txapelketa. «Nire betiko taldea da, eta talde honekin trainerua atera izana bera ere hunkigarria da», adierazi du Escobalek.

Euskadiko Txapelketan, baina, bestelakoa izango da helburua. Gipuzkoako bost ontziak Euskotren ligan aritzen dira, eta Bizkaiko hirurak, berriz, ETEn. Bizkaiko lehen ontzia izan nahi dute Ondarroan, eta, hortik aurrera, «ahalik eta ondoen» aritu: «Gure estropada egin behar dugu, eta gero ikusiko da gipuzkoarrengandik urrun gauden edo ez». Escobalek badaki beste liga bateko taldeak direla, baina «aukera polit bat» dela deritzo, datorren astean ETE ligari ekin aurretik.

Onenen artean tokia eginda

Badira urte batzuk Donostiarra Eusko Label ligako goialdean ari dela. Eboluzioa handia izan da, eta aurrerapausoak egiten jarraitu nahi dute Igor Makazagarenek. Pastorrek dio jendeak ez dituela «faboritoen talde horretan» ikusten bete-betean, baina haiek «talde horren parte» sentitzen dira. Azken bi estropadetan bikain aritu da Donostiarra, baina negua «arraro samarra» izan dela aitortu du arraunlariak. Makazaga askotariko materialak probatzen aritu da, eta, arraunlariak «lasai» zeuden arren, kosta egin zitzaien ondo sentitzea. «Aste Santutik hona, salto bat egin dugu, eta neguko zalantza txiki horiek erabat ahaztu ditugu; oso konbentzituta gaude egiten ari garen lanaz», esan du Pastorrek.

Une egokian iritsiko dira Euskadiko txapelketara, eta helburua «irabaztea» dela argitu du Pastorrek. Uste du lehia orekatua egongo dela «ohorezko txandako guztien artean». Hala ere, aspaldi da ez direla bizkaitarrekin aritzen, eta ez daki haiekin alderatuta nola dauden: «Besteen ondoan jarrita soilik ohartzen zara orain arte egindako lana zenbateraino izan den ona. Aukera ona da indarrak neurtzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.