2017az geroztik, udako ohitura bilakatu da Euskal Herria Txapela torneoaren finala jokatzea. Aurten, Reala eta Athletic arituko dira, nor gehiago (20:45, ETB1), Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian (Bizkaia). Derbiak beti dira derbi, eta hala erakutsi dute Realak eta Athleticek buruz buru aritu diren neurketetan. Reala lau aldiz aritu da finalean, baina behin bakarrik irabazi du, Osasunaren aurka, 2020an. Athleticek, berriz, birritan jokatu du finala. Zuri-gorriek ere, garaikur bakarra irabazi dute. 2018an irabazi zuten, aurtengo aurkari beraren kontra, hain zuzen.
Bi taldeek denboraldiaurre gorabeheratsua izan dute. Realak lau neurketa jokatu ditu orain arte: bi irabazi ditu, bat berdindu, eta beste bat galdu. Gaur jokatuko dituzte donostiarrek denboraldiaurreko azken partidak. Goizean Eibar hartuko du talde txuri-urdinak, Zubietan, eta arratsaldean izango da Athleticen aurkako neurketa. Azken lehia izango da liga hasiera aurretik.
Imanol Alguacilek ezin izango ditu Martin Zubimendi eta Matthew Ryan zelairatu. Biak ere min hartuta daude, eta ikusteko dago ligako lehen neurketara sasoi onean iritsiko diren. David Silva, Alexander Isak eta Carlos Fernandez, berriz, asteazkenean hasi ziren taldearekin entrenatzen, min hartuta egon eta gero. Realak Cadizera egingo du bidaia sasoi honetako lehenengo neurketa jokatzeko, eta, horren aurretik, proba garrantzitsua izan daiteke gaurko partida.
Athleticek, berriz, sei neurketa jokatu ditu denboraldiaurrean. Horietako lau Alemanian, eta beste bat Ingalaterran. Bi neurketa irabazi ditu talde zuri-gorriak, hiru berdindu, eta bakarra galdu. Gaur Realaren aurka aritu eta gero, bihar jokatuko du azken lagunartekoa. Alaves izango du aurrean, Lezaman.
Bizkaitarrek hainbat jokalari dituzte min hartuta. Atzeko lerroa da Ernesto Valverderi buruhauste gehien ematen ari zaiona. Lehen taldeko bi atezainak, hau da, Unai Simon eta Julen Agirrezabala, ez daude jokatzeko moduan. Simonek taldekideekin batera egin zuen atzoko lan saioa, baina ez da deialdian sartuko. Ikusteko dago Mallorcaren aurka hamaikakoan izango den, edo bigarren taldeko atezainak, Ander Iruarrizagak, jokatu beharko duen haren ordez. Iñigo Martinez eta Mikel Balentziaga ere min hartuta daude, eta ez dira Barakaldon izango.
Indarrak neurtzeko derbia
Athleticek eta Realak gaur jokatuko dute Euskal Herria Txapela torneoko finala, Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu