Yeray Alvarez hutsetik hasi da berriz ere. Indartsu egin zuen estreinakoa Espainiako Lehen Mailan, duela bi urte, baina 2016ko abendu bukaeran, Athleticekin lehen partida ofiziala jokatu eta hiru hilabetera, tumore bat atzeman zioten eskuin barrabilean. Bat-batean, eten egin zen bere kirol ibilbidea. Handik hilabete eta erdira jokatu zuen berriro, otsailaren 4an, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Baina sasoia amaitutakoan, gaitzak okerrera egin zuen. Kimioterapia hasi zuen. Ekain erdialdea zen. Zorionez, tratamendua balekoa izan zen, eta azaro amaieran jaso zuen senda-agiria. Berriro otsailaren 4an jokatu zuen lehen partida ofiziala. Beste zazpi partida baino ez zituen jokatu. Kuko Zigandak ez zuen kontuan hartu. Baina, Eduardo Berizzorekin, hamaikakora itzuli da. Jokalari azkarra eta oldarkorra da, baina beste hainbat arlotan hobetzeko egiten du lan. Sasoi hasierako emaitzak txarrak izan arren, fedea dauka taldearengan.
Zertan egin duzue lan gehien etenaldian? Jokoaren zein arlok kezkatzen zaituzte gehien?
Bidean galdu ditugun puntuak dira buruko min nagusia. Neurketa askotan, lehiaren azken txanpan galdu ditugu puntuak. Partidak aurrera egin ahala, indarra galdu dugu. Arlo horretan jarri dugu arreta handiena. Horregatik gaude sailkapenaren beheko aldean.
Bigarren zatietako beherakada partidei jartzen diezuen erritmo biziaren ondorioa izan daiteke. Ordaindu egin duzue.
Eduardo Berizzok hasieratik amaierara intentsitate handiz jokatzeko eskatzen du. Ez da erraza. Hutsegiteak egin ditugu, eta horrek ondorio txarrak izan ditu. Futbolariok jokatzeko era horretara egokitzea gura dugu.
Jokoaren ekimena izan duzuen partidetan asko kostatu zaizue aurkariaren areara argitasunez ailegatzea. Aukera gutxi sortu dituzue. Gabezia hori aintzat hartuta, erosoago ari al zarete etxetik kanpo?
San Mamesen jokatzeak motibatu egiten gaitu, eta etxean indartsuak izatea da gure helburuetako bat. Hala ere, begi bistakoa da atzean sartu diren taldeen kontra kosta egin zaigula gol aukerak sortzea. Aurkariek, berriz, gutxi eginda min handia egin digute. Realaren kontrako neurketa da adibiderik garbiena.
Partida bat gutxiago jokatuta bada ere, sailkapenaren zuloan dago taldea. Kezkatuta zaudete?
Ez. Liga hasi baino ez da egin. Sasoi bukaeran bestelakoa izango da kontua. Bai nik eta bai nire taldekideek aurrean egon gura dugu. Ziur naiz lortuko dugula.
Baikor zaude, baina berandu baino lehen puntuak pilatzen hasi ezean giroa gaiztotu egingo delakoan zaude?
Inork ez du gustuko beheko postuetan egotea; egonezina eta kezka sortzen ditu. Baina Athleticen ezaugarri nagusia da zailtasun egoeretan batu egiten garela, aurrera egin ahal izateko.
Igandean Ipurua bisitatuko duzue. Bigarren derbia jokatuko duzue erreskadan. Antzekotasunik ba al dute bi partidek?
Ez. Ipuruan emaitza ona lortzeko, bi areatan izan behar da eraginkorra. Ipuruan baloia etengabe dago area batetik bestera. Erdiraketa askoko neurketak izaten dira. Jokamolde horretara ondoen egokitzen den taldeak irabaziko du.
Nola jokatu behar da Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldearen aurka?
Guk ez dugu jokatzeko era aldatuko. Intentsitate handiarekin jokatuko dugu, eta, baloia berreskuratzen dugunean, hegaletatik sartzen saiatuko gara.
Zuri Athleticen ate ingurua zaintzea egokituko zaizu. Eremu horretan, Sergi Enrich, Charles edo Kike Garcia zaintzea egokituko zaizu. Gogorrak dira hirurak, borrokalariak oso.
Bai. Area barruko aurrelariak dira. Lehia guztian kontzentrazio handiarekin jokatu beharko dugu.
Aldaratzeak, bigarren jokaldiak eta abar garrantzitsuak izango direla dirudi.
Bai. Eibarrek oso ondo baliatzen ditu area ertzean solte geratzen diren baloiak. Gure erdilarien laguntza beharko dugu jokaldi horiek zaintzeko.
Eibar Lehen Mailara igo zenetik, lau aldiz jokatu duzue Ipuruan. Emaitzak oso onak dira: hiru partida irabazi dituzue, eta bat galdu. Hori bai, asko kostatako garaipenak izan dira.
Ipurua oso zelai gaitza da. Guk ere baliabide handiak ditugu aurrean, eta aprobetxatu egin dugu. Espero dut igandean ere hala izatea.
Athletic da txartel gehien atera dioten taldea. Jokalarien gogortasuna edo taldearen jokatzeko era dago datu horren atzean?
Buruz buruko zaintza egiten dugu. Aurkariarekin lehia galtzen badugu, ondorioak izaten ditu. Arriskuak hartzen ditugu.
Zuri lau txartel hori atera dizkizute. Hurrengoan zigorra daukazu.
Lehen Mailan jokatu nuen lehen sasoian oso txartel gutxi atera zizkidaten, baina bigarren taldearekin bestelakoak izan ziren kontuak. Hamabost txartel ikusi nituen Athletic B-n jokatu nuen azken sasoian. Ez dut gustuko, baina...
Entrenatzailearen konfiantza daukazu. Zazpi partidatik sei jokatu dituzu. Guztiak osorik.
Arlo askotan hobetu behar dut. Sasoi honetan hutsegiteak egin ditut. Neurketa guztian adi egotea lortu behar dut. Bestalde, ez naiz jokalari garaia, eta goiko lehietan kosta egiten zait nagusitzea.
Aurreko sasoian baino gehiago jokatzen ari zara. Zure onenera gerturatzen ari al zara?
Jokalari batek bere onena eman ahal izateko konfiantza behar du. Arrazoi ezberdinak tarteko, aurreko sasoian ez nuen izan. Denboraldi honetan gauzak hobeto egiteko esperantza daukat.
Yeray Alvarez. Athleticeko jokalaria
«Indarra galtzen dugu partiden azken txanpan; horregatik gaude behean»
Garai zailak pasatu ditu Yeray Alvarezek, duela bi urte tumore bat atzeman baitzioten barrabil batean. Osatu zen, okerrera egin zuen gero, eta sendatu zen azkenik. Aspaldiko partez, asko jokatzen ari da. Aitortu du taldeak eta berak «hobetu» beharra dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu