Indarkeria nola ezabatu

Futbola eta indarkeria izan dituzte mintzagai EHUko Udako Ikastaroetan. Komunikabideek daukaten garrantziaz mintzatu dira Jone Bastida, Ane Urkiri, eta Alvaro Vicente; BERRIAko, 'Gara'-ko eta 'El Diario Vasco'-ko kazetariak.

Ane Urkiri, Jone Bastida, Alvaro Vicente eta Koldo Aldalur, atzo, Miramar jauregian. JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Agerikoa da futbolean eta kirolean oro har dagoen indarkeria. Hori izan zuten gaitzat atzo EHUren Udako Ikastaroetan, Miramar Jauregian egindako hizketaldietan. Hitzaldi horietako batean, komunikabideen garrantziaz aritu ziren Jone Bastida BERRIAko kazetaria, Ane Urkiri Gara-ko kazetaria eta Alvaro Vicente El Diario Vasco-ko kiroletako saileko arduraduna. Puri-purian dauden hainbat gaiz aritu ziren, eta Koldo Aldalurrek gidatu zuen saioa.

Indarkeria futbolean: arrazoiak, diagnostikoa eta aurre egiteko aukerak. Hori zen egun osorako gaia. Eta izenburuari berari buruz hausnartu zuten lehendabizi hiru kazetariek. «Zergatik futbola eta ez kirola?»izan zen aurreneko galdera. Argi eta garbi erantzun zuten hirurek «batez ere futbolean» ikusten direla halako jarrerak, eta hori baliatu zuten futboleko joera txarrak beste kiroletara pasatzearen arriskua nabarmentzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen futbol partidetan desberdintasunik ote dagoen galdetuta, Bastidak adierazi zuen «bietan» existitzen dela indarkeria, baina azpimarratu zuen «oso errealitate desberdinak» direla. «Futbolaz ari garenean, orokorrean, gizonezkoenaz ari gara. Emakumezkoena denean, berriz, azpimarratu egiten dugu emakumezkoena dela». Gainera, beste ikuspegi bat ematen ahalegindu zen. Klub askoren errealitatea ondo ezagutzen du Bastidak, urte asko eman baititu futbolari lotuta. «Gazte mailetan, gertutik ikusi dut desberdinak izan daitezkeela klub berak gizonezkoen edo emakumezkoen taldearentzat dauzkan baliabideak, edo taldeari ematen dion garrantzia».

Vicentek, bestalde, futbolari profesionalek horrelako mahai inguruetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu zuen. «Futbolariak dira protagonistak futbolean. Eredugarriak izan behar dute, eta futbol zelaietan ikusten den edozein jarrera itsusi amaitzen lagundu behar dute. Haiek ez badituzte jarrera horiek ahazten, nola eskatuko diegu haurrei horrelakoak ez egiteko?». Bastidak, berriz, beste talaia batetik begiratu beharreko zerbait dela azpimarratu nahi izan zuen. «Bakoitzak bere ardurak ditu, baina ezin da futbolariengan zentratu. Futbolean ikusten den indarkeriak beste dimentsio bat hartzen du, eta ikuspegi orokor batetik begiratu beharra dago. Arazoa egiturazkoa da».

Kazetariaren lanaren gainean, erabiltzen dituzten hitzen garrantzia gogorarazi zuen Urkirik: «Kazetariok erabiltzen ditugun hitzak oso garrantzitsuak dira. Erantzukizun bat daukagu gazteenak hezteko. Desberdina da emakumezkoen edo gizonezkoen futbol partida batean erabiltzen den lexikoa. Gizonezkoekin, tradizionalki, gerrako lexikoa erabiltzen da, eta, ikerketa batzuen arabera, horrek eragina izan dezake zaleen jarreran».

Gaia Euskal Herrira ekartzeko asmoz, «probintzialismoa» ere aipatu zuen Urkirik. «Probintzialismoan erantzukizun handia daukagu kazetariok, askotan elikatu egiten baitugu. Athletic eta Realaren arteko lehiak, adibidez, haurrengan eragin handia izan dezake, baita eskolan edo lagun artean erlazionatzeko orduan ere. Gai serioa da, eta arriskutsua beste kiroletara ere eramaten bada».

Espainiako hedabideetan kirolari ematen zaion trataera ere ez zuten ahaztu nahi izan. «Espainiako irratsaioetan erabiltzen duten hizkerak beldurra ematen du batzuetan. Zaleak justifikazio bat ikusten du hor, eta hortik aurrera zilegi da zaleak esan dezakeena», ohartarazi zuen Urkirik. Vicente ere berdintsu mintzatu zen. Haren iritziz, askotan, gaiaren arabera erraza da jakitea kazetariak zer esango duen: «Irratia jarri edo telebista jarri, badakit kasu bakoitzean zer esango duten. Taldearen bandera besterik ez zaie falta. Batzuek ez dute disimulatu ere egiten, eta kamiseta janzten dute. Horrela galtzen da kazetariaren sinesgarritasuna. Erantzukizuna bakoitzarengan dago, kazetariengan eta pertsona ororengan».

Hausnarketa kontzientea

Bastidak, berriz, kazetariak idazten hasi aurretik egin beharreko hausnarketaren garrantzia aipatu zuen: «Kazetariak kontzienteki hausnartu behar du albiste bat tratatzeko orduan zer eragin izan dezakeen irakurlearengan. Arduraz jokatu behar dugu hedabideetan, pedagogia egin, eta indarkeria oro salatu. Adibidez, ez du balio emakumeei ahotsa ematea Martxoaren 8a iristen denean, eta gero hori ez izatea egunerokoaren parte».

Hiru kazetariek askotan errepikatu zuten arazoa ezin dela une batetik bestera konpondu. Baina kazetaritzan ere pixkanaka-pixkanaka urrats txikiak egin daitezkeela aitortu zuten, gizartean hobekuntzak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.