Indarberrituta ariko dira

Bidasoak eta Anaitasunak derbia jokatuko dute gaur, Artalekun. Biei mesede handia egin die azken partida irabazi izanak. Iruñean, gogotik sufritu zuten irundarrek irabazteko

Jon Azkue, falta bat jaurtitzekotan, Anaitasunak eta Bidasoak lehen itzulian Iruñean jokatutako norgehiagokan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Irabazteak dena aldatzen du. Galde diezaietela Bidasoari eta Anaitasunari. Biei mesede handia egin die Asobal ligako azken jardunaldian garaipena lortu izanak: Irungo (Gipuzkoa) taldea 30-36 nagusitu zen Sagunten (Herrialde Katalanak), eta, horri esker, arindu egin zuen aurreko lehian, etxean,Cangasekin berdindu izanak eragindako mina. Iruñeko taldeak, berriz, 26-25 irabazi zion etxean Atletico Valladolidi, eta hori eginez ahaztu egin zuen talde osoa bakartuta egotetik itzuli berritan Bartzelonak emandako astindua.

Eta horrela, indarberrituta jokatuko dute biek derbia gaur, Artalekun, 16:00etan (ETB1). Sailkapenari erreparatuta, faborito argia du lehiak: Bidasoa. Alde handia dago bien artean: bigarren dira gipuzkoarrak, 31 punturekin; nafarrak, berriz, hamargarren dira, hamar puntu gutxiagorekin: 21. Baina derbietan aldeak murriztu egin ohi dira. Lehen itzulian Anaitasuna pabiloian gertatu zena da horren erakusle. Etxeko taldea nagusi izan zen ia partida osoan, eta bost golen aldea izan zuen zenbait unetan. Baina azken txanpan, behetik gora eginez, buelta eman zion lehiari Bidasoak, eta gol bakar batengatik irabazi zuen: 26-27. Antzekoa gertatu zen aurreko sasoian, bi taldeok elkarren aurka jokatu zuten neurketa bakarrean: 28na berdindu zuten Iruñean, oso partida estuan. Bidasoa da faborito, baina erne egon behar du.

Badaki hori Nicolas Bonanno Bidasoako ezker albokoak (Buenos Aires, 1991). «Oso barneratua dugu ezin dela inor gutxietsi, eta oso parekatua dagoela liga. Cangasen aurkakoa da horren adibide. Ademarren aurka ia dena ondo egin eta irabazi ostean, kostata berdindu genuen Cangasekin. Nahitaez irabazi nahi dugu, baina badakigu Anaitasunak lanak emango dizkigula. Talde gaztea eta borrokalaria da: neurketa osoan aritzen dira bete-betean. Oso adi jokatu beharko dugu».

Argi du defentsako lana «erabakigarria» izango dela. «Sagunten ez ginen oso ondo defentsan, baina, zorionez, erasoan asmatu genuen. Hobetu egin behar dugu defentsan. Gure indargunea da». Taldea ez, baina hura bai nabarmendu zen lan horretan: hainbat jaurtiketa blokeatu zituen. Aitortu duenez, bazuen horren beharra. «Denbora neraman jaurtiketak blokeatu ezinik, eta gustura bukatu nuen partida. Ea Anaitasunaren aurka beste horrenbeste egin dezakedan. Seinale ona litzateke».

Bigarren da Bidasoa sailkapenean. Bartzelona ahalguztiduna baino ez du aurretik. Eta hortxe, bigarren postu horretara «katigatu» nahi dutela dio ezker alboko argentinarrak. «Eta, horretarako, ahal ditugun puntu gehien eskuratu behar ditugu. Pena izan zen Cangasen aurka bakarra lortu izana, baina, lehia nola joan zen kontuan hartuta, ez dago gaizki. Gainera, Sagunten irabazita arindu genuen mina. Bide onean gaude».

«Oso pozik» dago taldea egiten ari den lanarekin, eta «zoriontsu» da taldean eta hirian: lehen sasoia du. «Izugarri ondo hartu naute, eta oso gustura nago». «Pena» bakarra duela dio: osasun egoera dela eta, ikuslerik gabe ari direla jokatzen. «Taldekideek askotan esan didate izugarria dela Artaleku bete batean jokatzea. Ea egoerak hobea egiten duen eta berandu baino lehen horretarako aukera dugun. Seinale ona litzateke».

Erregulartasuna helburu

Anaitasunak, berriz, harmailan ikusleak zirela jokatu zuen azken partida, etxean. Eta zaleei opari ederra egin zien: garaipena. «Irabazteak beti laguntzen du, arlo guztietan. Gainera, gure kasuan, bigarren denboraldi-aurre bete-betean harrapatu gintuen birusak, eta gelditu behar izan genuen. Oraindik ez dugu erritmoa hartu, eta Valladoliden aurka ikusi zen hori. Ez genuen partida osoa egin, baina irabazi egin genuen. Eta bi puntu horiek oso garrantzitsuak dira, liga oso berdinduta baitago», dio Juan del Arco ezker albokoak (Leganes, Espainia, 1991).

«Neurketa guztietan lehiakorrak izatea»; horixe dute helburu. «Aurkari guztiei lanak eman nahi dizkiegu. Talde deserosoa izan nahi dugu». «Pozik» daude orain arte egin duten lanarekin, baina aitortu du «nahi baino gorabehera gehiago» izan dituztela. Horregatik, argi du «hobetu» dezaketela, eta lan horretan hura bezalako jokalari zailduek «ardurak» hartu behar dituztela. «Gazte dezente daude taldean, eta beteranook eskarmentua eta patxada transmititu behar ditugu». «Gustura» ari da lan horretan. «Oso ondo hartu naute taldean, eta familia ere oso pozik dago Iruñean».

Derbia «oso lehia zaila» izango dela dio. «Bidasoa sendotu egin da goikaldean. Urteak daramatza oso ondo jokatzen. Asko kostako zaigu irabaztea, are gehiago Irunen». Ez dio pitzadurarik ikusten aurkariari. «Talde osoa da. Defentsan, jokalari garai eta pisutsuak ditu erdian, eta atezainek ere asko gelditzen dute. Erasoan, berriz, joko bizia eta aberatsa du. Buruz jokatzen du. Arlo guztietan aritu beharko dugu ondo. Detaileak erabakigarriak izango dira: joanekoan ikusi zen. Lezioa ikasi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.