Nairo Quintana

Indarberritu egin da

Eskalatzaile kolonbiarrak aspaldiko pedal kolperik biziena erakutsi du denboraldi hasieran, Arkearen maillotarekin. Bost garaipen lortu ditu, eta maldan gora nahieran aritu da. Movistarren galdutako konfiantza berreskuratu du.

SEBASTIEN NOGIER / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bere onera itzuli daNairo Quintana (Combita, Kolonbia, 1990). Gainbehera egina zen azken hiru denboraldietan, baina oraingoa indar betean abiatu du. Berpiztu egin da Movistarreko maillota erantzi eta Arkearena jantzi ostean. Bi sailkapen nagusi irabazi ditu jada, Proventzako Tourrean eta Varrekoan. Etapa bana ere irabazi zuen itzuli horietan, Paris-Nizan bezalaxe. World Tourreko lehen lasterketa zuen kolonbiarrak, eta eroriko batek lidergoaren lehiatik kanpo utzi zuen. Edonola ere, bazuen irabazteko gaia, azken etapan ikusi zenez.

Colmianen zegoen helmuga, eta Quintanak ez zuen aukera alferrik galdu. Pazientziaz itxaron zuen onenen multzoan, eta 3,8 kilometroren faltan egin zuen eraso. Gurpiletik aise atera zituen aurkariak, eta atzera begiratu gabe jo zuen helmugaren bila. Azkenean, 46 segundo atera zizkion Tiesj Benoot (Sunweb) bigarren sailkatuari. Hots, tarte handia atera zuen distantzia laburrean. Hori lortzeko, bederatzi minutuko esfortzua egin zuen orduko ia 26 kilometroko abiaduran. Mendatea ordeka bihurtu zuen, aurrez beste igoera batzuetan egin bezala; Ezen, adibidez. Orduan, 40 segundoren aldea atera zien aurkariei 3 kilometro eskasetan. Eraso horrekin irabazi zuen Varreko Tourra.

Urrutiagotik abiatu zen Mont Ventouxen, Proventzako Tourreko azken-aurreko etapan. Helmugatik 7 kilometrora apurtu zuen lasterketa, erritmo aldaketa bortitz batekin; ia minutu eta erdi atera zien haren atzetik iritsi zirenei. Mendatea ez zuten osorik igo, Chalet Reynardera arte baizik. Bada, inoizko denborarik onena ezarri zuen han: 28 minutu eta 12 segundo, 9,6 kilometro osatzeko. Harrigarria da halako marka bat denboraldi hasierako lasterketa apal batean apurtzea, baina kolonbiarra oso azkar jarri da sasoiko.

Horrek zerikusia du, ziurrenik, Arkearen helburuekin. World Tourretik kanpo egonik, Frantziako lasterketak baliatu behar ditu Emmanuel Huberten taldeak distira egiteko. Hortaz, neurrian aztertu behar da Quintanak orain arte egindakoa. Oso zaila da maila horri eustea denboraldi osoan. Gainera, aurkari gehienak ez daude oraindik puntu-puntuan. Haatik, kolonbiarra ez da aurreko urteetako txirrindulari berbera. Bestelako konfiantza eta ausardia bat izan du urteko lehen lasterketetan. Ukondoa gorde, arerioei begiratzeari utzi, eta garai bateko jarrera oldarkorra erakutsi du.

Izan ere, txirrindulari ikusgarria izan zen bere ibilbidearen hastapenean. 2012an iritsi zen Movistarrera, eta urte bat geroago egin zuen eztanda. Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen, eta bigarren izan zen Frantziako Tourrean, Chris Froomeren atzetik. Gainera, etapa bat irabazi zuen, eta eskalatzailerik eta gazterik onenaren maillotak soineratu zituen. Hurrengo urtean, berriz, arrosaz jantzita bukatu zuen Italiako Giroa. Espainiako Vueltan, ordea, eroriko gogorra izan zuen lider zela, eta etxerako bidea hartu behar izan zuen. Edonola ere, zaleak jada liluraturik zituen. Gozamena zen hura maldan gora ikustea bisaia batere zimurtu gabe.

Tourra izan da beti Quintanaren obsesioa, eta 2015ean eduki zuen gertuen. Alpeetan anbizioa falta izan zitzaion Froomeren beheraldia baliatzeko. 2016an ere podiumera igo zen, orduan hirugarren postuan. Espainiako Vueltan, aurrenekoz gailendu zitzaion Froomeri.

Lider sentitu behar du

Geroztik, ez da Quintana berbera izan, ez ahalmen aldetik, ez jarrera aldetik. Garaipenak lortzen jarraitu du, baina ez horren usuki, eta ez horren modu distiratsuan. Azken bi urteetan,podiumetik kanpo gelditu da itzuli handietan. Indarra galdu ahala, Movistarrek kolokan jarri zuen haren lidergoa, eta haren pare jarri zituen Mikel Landa eta Alejandro Valverde. Kolpea izan zen hori galoien beharra duen ziklista honentzat. Uzkurtu egin zen, eta zale askoren etsaitasuna piztu.

Arkeak, ordea, aginte makila eman dio, eta, gainera, konfiantzazko ziklistez inguratu du. Hala, Quintana gose da berriro. Palmaresa ondo betea du jadanik, 44 garaipen baititu. Sekulako zifra da igotzaile peto batentzat. Eta, ziurrenik, hazten jarraituko du, kolonbiarra indarberritu egin baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.