Ezkurdia 22 - 14 Peio Etxeberria

Indar erakustaldia emanda

Lau eta erdiko finalerako sailkatu da Joseba Ezkurdia, finalerdietan Peio Etxeberria garaitu ostean. Sasoi betean dagoela erakutsi du, eta sakean zein zabalerako jokoan oinarritu du garaipena

Joseba Ezkurdia pilotaria, atzo, Labriten, lau eta erdiko finalerako sailkatu dela ospatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Pilotadak. 253.
Iraupena. 55 minutu.
Sakez. Bost Ezkurdiak eta bat Peio Etxeberriak
Markagailua. 4-0, 5-2, 8-3, 11-4, 11-10, 16-11,17-12, 18-13, 19-14 eta 22-14.
Bestelakoak. 2.000 lagun bildu dira harmailetan, eta Labrit bete egin da.

Joseba Ezkurdia da Lau eta Erdiko Txapelketako lehen finalista. Arbizukoak 22-14 hartu zuen mendean atzo, Labriten, Peio Etxeberria, eta hirugarren finala jokatuko du. Bi aste falta dira txapela erabakitzeko, eta edozer gerta daiteke. Baina Ezkurdiak berretsi zuen sasoi betean dagoela, bai kolpez eta bai fisikoki, eta distantzia motzean hori erabakigarria da. Nahiz eta atzokoan ere, batez ere azken txanpan, tanto luzeagoen alde egin zuen, eta airez gehiago jokatu zuen. Etxeberriakpartida ona jokatu zuen, eta arriskatu zuenetan nagusi izan zen. Baina apur bat falta izan zitzaion Ezkurdiaren indar erakustaldiari aurre egiteko.

Lehen tantoa partidaren isla izan zen, txinparta handikoa. Ezkurdiaren aldekoa izan zen, nahizeta Etxeberriak estu hartu zuen, eskuinera botatako bi pilotei esker. Arbizukoak hasiera ikusgarria egin zuen, eta 4-0 jarri zen aurretik. Bizi jokatu zuen, eskuin gantxoa eta sakea baliatuz. Final-laurdenetan Lasoren aurka erakutsitakoari segida eman nahi izan zion.

Etxeberriak eutsi egin zion hasiera horretan, eta saiatu zen ere bere jokatzeko era ezartzen. Bizi jokatuz, hiru tanto egin zituen: 8-3. Baina Ezkurdia sendo eta eroso aritu zen defentsan, batez ere Etxeberriak txokora botatzen zizkiolako pilotakada gehienak. Ezkurdiak, berriz, zabalean min egiten jarraitu zuen.

9-4koarekin partida haustear zegoen Ezkurdia, eta horren jakitun zenoztarrak eten egin zuen. Baina bueltan Ezkurdiak hamargarren tantoa erdietsi zuen sakez. 11-4 zeudela, Etxeberria ahalegindu zuen aurrerago jokatzen, min handiago egiteko; baita ezkerrarekin zabalera jokatzen ere. Arriskatu beharra zuen. Tantoa egin zuen, eta hurrengo hirurak ere harenak izan ziren, horietako bat sakez: 11-8.

Une zail bati buelta emateko gai izan zenetenaldi luzearenaurretik. Horrek zalantzaren bat eragin ziezaiokeen Ezkurdiari. Are gehiago Etxeberriak bederatzigarren tantoa egin zuenean. Arriskatzeak eta erasora gehiago jokatzeak fruituak eman zizkion, eta pixkanaka konfiantza hartuz joan zen.

Lehenago kontrarioak egin bezala, eten egin zuen lehia Ezkurdiak. Partida berdintzeko lehen abagunea izan zuenean, ordea, Etxeberriari kanpora joan zitzaion bipareta bat: 12-10. Arbizukoaren hamahirugarren tantoa ikusgarria izan zen. Bi pilotariek oso bizijokatu zuten.

Dena den, hortik aurrera Ezkurdia saiatu zen partidaren erritmoa apur bat jaisten, eta luzeago eta zuhurtzia handiagoz jokatzen. Ez zen hainbeste sartu airez. Ez zitzaion joan-etorriko norgehiagoka komeni. Lau tantoren aldea zuen berriz, gainera: 14-10. Halaber, berriro ere sakearekin asmatu zuen. Bi tanto egin zituen segidan modu horretara,eta aldea seira handitu zuen:16-10.

Tantoa gehiago landuta ere,erabaki behar zuenean abiadura eta kolpe bizia erakutsi zituen Ezkurdiak. Fisikoki ere erakustaldia eman zuen. Eta hala bideratu zuen norgehiagoka, nahiz eta batzuetan jokoan Etxeberria nagusi izan. 19-13arekin ia erabakita zegoen partida, eta Arbizukoak dejada batekin jarri zion zigilua sailkapenari.

Ezkurdia «gustura»

Finalerako sailkapena eskuetan, «oso pozik» zen Ezkurdia. «Urtetik urtera gero eta zailagoa da finaletarako sailkatzea. Baina, sufrituta eta neure buruari gogor eginda, lortu dut oraingo honetan. Hamabost egun hauetan disfrutatu, eta ea finala ondo prestatzen dugun. Final-laurdenetan baino zalantza gehiago izan ditut gaur, baina sakean eta zabaleran asmatu egin dut, zuzen jokatu dut eta Peiok baino opari gutxiago egin ditut. Hori izan da gakoa. Ea hirugarrenean txapela jantz dezakedan».

«Pena handiarekin» zegoen Etxeberria. «Jokoz paretsu ibili gara, baina tantoa erabakitzean zertxobait kostatu egin zait. Pauso bat gehiago egin behar nuen aurrera, eta ez dut asmatu».

Gaur argituko da nor izango den Ezkurdiaren aurkaria finalean. Jokin Altunak eta Aitor Elordik Bizkaia frontoian jokatuko duten norgehiagokan izango da (18:00, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.