Indar Baskoniak planto egin zuen atzo Baskoniaren eta Tel Aviveko Maccabiren arteko partidan, eta ez ziren Buesa Arenara sartu. Gaur kontatu dutenez, Ertzaintzak Palestina askatu zioen pankarta bat «lapurtu» zien. «Erabakia guztiz arbitrarioa izan zen. Nahiz eta baimenak erakutsi, ez ziguten aurrera egiten utzi», salatu dute ohar bidez.
Zaleen bertsioaren arabera, Ertzaintzaren eta Baskoniaren segurtasun neurriak jakinaren gainean zeuden Palestinaren aldeko pankarta erakutsiko zutela partidan, eta haien oniritzia zuten. Kontatu dute hiru kide aurreratu egin zirela prestaketa lanak egitera, eta orduan zenbait agente «oldartu» egin zitzaizkiela eta ika-mikan hasi. Sinetsita daude ez zela gaizki-ulertu bat izan, eta kosta ahala kosta protesta galarazi nahi zutela.
Erlazionatuta
Azaldu dutenez, Ertzainen tratua «iraingarria» izan zen. Salatu dute hiru lagunak estadiotik kanpora atera zituztela, identifikatu eta miatu. Gainera, euria ari zuela, euritakorik gabe Ertzainen furgoneten kontra «behar baino denbora gehiago» eduki zituztela. «Mehatxuzko tonuan hitz egin zieten une oro».
Bitarte horretan beste bederatzi kide ere identifikatu zituzten. Gaineratu dute bultzaka eta ostikoka ibili zituztela. Are, bost zaleri abonuak kendu zizkieten. «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi. Halere, espero dugu laster itzuliko dizkietela, eta denboraldiko gainerako partidak ikustera joan ahalko direla», zehaztu dute Indar Baskoniakoek.
Azkenean, Ertzaintzaren esku gelditu zen pankarta, eta hamabi identifikatuei joaten utzi zieten. Ez zen atxiloturik egon.
«Salbuespen egoera»
Indar Baskoniakoek aipatu dute beste pankarta bat erakusteko baimena ere eskatu zutela, baina aldez aurretik galarazi zietela pankarta hori erakustea. From the river to the sea leloa zuen pankarta horrek: ibaitik itsasoraino.
Zaleek salatu dute Israelgo taldeak Gasteizen jokatzen duen bakoitzean «salbuespen egoera» moduko bat ezartzen dutela hirian. Nabarmendu dute atzo «adierazpen askatasuna mugatu» egin zela, eta Poliziaren presentzia «gehiegizkoa» zela. Azaldu dute Israelgo Polizia ere bertan izan zela. Gainera, kantxak dituen hamabi ateetatik lau baino ez zeuden erabilgarri, eta, euren ustez, ezarritako segurtasun hesia «oso zorrotza» izan zen.
Sasoiko ikusle gutxien izan zuen atzoko partidak: 7.155 izan ziren Buesa Arenan. Parisen aurkako partidan, esaterako, 14.000 zale baino gehiago bildu ziren, eta gehienezko edukiera 15.700 lagunekoa da.
Saski Baskoniak ez du adierazpenik egin atzoko gertakizunen inguruan. Indar Baskoniako zaleek esan dute «badakitela Poliziaren jarrerarekin ez daudela oso gustura», eta «esfortzu bat» egin zutela pankarta berreskuratzeko, «baina berandu zen ordurako».