Orain urduriago egoten dela esan du Ekaitz Saralegik (Amezketa, Gipuzkoa, 1979). «Jokatzen nuenean baino gehiago sufritzen dut! Jokatzean badakizu zer egin behar duzun, eta botilero lanean ere partida bizi duzu. Sufritu, kakotx artean, baina partidan sartuta egon behar duzu». Saralegi Jokin Altunaren botilero da hura profesionaletan hasi zenetik, eta etzi, Donostian,orain arteko partidarik garrantzitsuena du: lau t'erdikoaren finalerdia, Aimar Olaizolaren aurka.
Saralegi Behobia-Donostia bukatu ondoren abiatuko da Atanora. «Ez dakit eserlekutik askotan altxatuko naizen», aurreratu du umoreko, eta orduan hasiko dira partidari buruz hitz egiten. Izan ere, Saralegi aurten igeltsero lanean hasia da, eta ez dabil aste osoan Altunaren alboan. Aste barruan hitz egiten dute, telefonoz, baina partidara arte ez dute elkar ikusten. Horrekin, baina, aski dute. «Jokinek badaki zer egin behar duen; nik partidan lagun diezaioket, kanpotik ikusten dudana azalduz eta hura lasaitzen saiatuz. Kasu egiten duen horietakoa da, gainera». Altunak jendaurrean nabarmendu izan du herrikidearen laguntzaren garrantzia.
Apustuak Olaizolaren aldekoak dira, baina herrikideak ezustekoa eman dezakeela uste du Saralegik, iaz egin bezala —Altunak 22-19 irabazi zion Olaizola II.ari—. «Hura, baina, partida ezberdina zen. Hura ligaxka zen, galtzaileak eginikoa konpontzeko aukera zuen. Oraingoa, aldiz, kanporaketa da, eta halakoetan Olaizolak, normalean, ez du hutsik egiten». Altunak, berriz, horrelako lehen partida du, baina botileroak uste du gazteak eutsiko diola patxadari. Gainera, dioenez, badakite zer egin behar duen irabazteko. «Teorian, bai, baina praktikara eramatea ez da erraza. Ezker gantxoa kendu behar dio, ezker gantxoz sartzea eragotzi. Olaizolari hori kentzen ez badio, jai dauka».
Inbidiaz biziko du partida, «dudarik ez izan horren inguruan». Normala da, 2013an eta 2014an Saralegi izan zen finalerdietan Olaizolaren aurka galdu zuena. «Azkenekoan arantzarekin gelditu nintzen, partida hartan ez nengoelako ondo. Urte osoan hari begira, lau onenen artean sartu eta etxera berdin-berdin bidali ninduten, beraz... Baina, tira, gurea pasatua da; orain, igandekoa dago, eta, ahal bada, Jokinek irabaz dezala». Partida hura galdu eta hilabete gutxira kontratua ez berritzea erabaki zuen Asegarcek.
Altunak irabaz dezakeela sinetsita dago, hein handi batean txapelketan gora nabarmen egin duelako. «Lehen partidara nekatuta iritsi zen, aurreko astean binakako hiru partida jokatuta. Gainera, Urruti beti da aurkari oso zaila. Sasoiz gaizki harrapatu zuen txapelketak; hala ezin da lau t'erdian aritu. Gero, Victorri ia mirariz irabazi zion, eta Irribarriaren aurka freskoago ikusi nuen. Bi aste hauek mesede egin diote; entrenamendu on pare bat egin ditu, eta sasoian iritsiko da».
Altunak irabaztea nahi du Saralegik , baina jakina da Olaizola II.arekin harreman ona duela. Urte berean jaioak dira, eta beti hitz egin dute ondo elkarri buruz. «Adarra jo diogu elkarri, Whatsapp bidez, igandean agurtuko du». Eta zer esan zenion? «Ez dira egunkari batean argitaratzeko modukoak!». Amezketakoak, dena den, oraindik errespetu handia dio lagunari. «Oraindik ere hura da onena. Agian ez da garai batekoa, baina Jokinek badaki hari irabazteko ikaragarri jokatu behar duela».
Igandean 37 urte beteko ditu Olaizolak, askogatik da txapelketako pilotaririk beteranoena, baina Saralegik ez dio begiratzen nortasun agiriari. «Bera da partidak indartsuen bukatzen dituena. Nik entrenamendu fisiko asko egin ditut berarekin, eta badakit zer-nolako hauspoa duen. Hari irabazteko, Jokinek bere ahalaren %150ean jokatu behar du, eta Olaizolak, ahal bada, %50ean».
Inbidiaz biziko du
Duela bi urte, Ekaitz Saralegik jokatu zuen Olaizola II.aren aurkako finalerdia lau t'erdikoan; etzi, Altunaren alboan eserita egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu