Hogeita zortzi urte ditu, eta World Tourrean sasoi bat eginikoa da Euskaltelen, baina, hala ere ez du ezkutatzen aurtengo egutegiak ilusio berezia egiten diola. Gari Bravo (Lazkao, Gipuzkoa, 1989) pertsona espresiboa da, aurpegiarekin asko esaten duten horietakoa, eta Euskadi-Murias taldean gutxiri egingo zien berari adina ilusio Kontinental Profesional maila itzultzeak. «2013an Euskaltelen urte bakarra egin nuen, eta taldea desegin egin zen. Gero, Portugalen komeriak pasatu nituen... Dena bukatuko zela uste nuen, ezingo nuela profesionaletan jokatu, baina Muriasek aukera eman zidan, eta berriz hemen gaude, munduko lasterketa onenetako batzuetan lehiatzen».
Bravok laugarren urtea du Muriasen, proiektuak dituen adina, eta Kontinental mailako urteetan Jon Odriozolak eginiko lana goratu du. «Ondo geunden, 55-60 lehiaketa egun genituen urtean. Pentsa, Caja Ruralen egon nintzen azken urtean, Kontinental Profesionalean, 25 izan ziren». Baina beste pausotxoaren zain zegoen, tarteka World Tourrekoekin nahastea ahalbidetzen zuena, berme on bat zuelako. «Jon Odriozolak kontinental profesional izango ginela hitzeman zidan. Nik esaten nion, 'Jon, 27 urte ditut...'. Ez baduzu jauzia egiten ez aurrera ez atzera gelditzen zara, baina ulertzen nuen ez zela erraza. Baina bere hitza nuen, eta bete egin du».
Taldeak bihar ekingo dio sasoi berriari, Mallorcako Challengean, eta hantxe egongo da Bravo. World Tour eta Kontinental Profesional mailako beste taldeekin egingo du topo, eta lazkaotarrak argi du ongi arituko dutela. «Gu ez gara beste Kontinental Profesional taldeak baino gutxiago. Baliabide oso onak ditugu: begira autoak, arropa oso ona da, eta bizikletak; Orbearen azken modeloa, elektronikoa, lehiatu eta entrenatzeko. Ondo zainduta gaude, egitasmoak itxura ona du».
Bravok, baina, beste xehetasun bat goratu du. «Hogei txirrindulariko taldea gara, eta iaz hamalau ginen. Bi lasterketatan batera lehiatu ahal izango gara. Iaz, pare bat gaixotzen baziren, edo erorikoren bat bagenuen, egutegi osoa egin behar zenuen txirrindulari berberekin. Orain, aldiz, helburu batzuk finka ditzakezu egutegiaren arabera». Baina ez du kopurua bakarrik goratu, maila ere bai. «Iaz, lasterketa batzuetan, azken 30en multzoan ni bakarrik gelditzen nintzen bost Movistar, lau Oricarekin... Eta horrela irabazi behar nuen? Aurten, taldeko kide guztiak babestuago egongo gara. Irabazteko, taldea garrantzitsua da, Froomek ere ez luke bakarrik irabaziko».
Hitz magikoa aipatu du, «garaipenak», lotsagabe. «Aurten garaipenak lortuko ditugu, talde ona dugu: Aberasturi [Bravok berak lagundu zion Muriasekin fitxatzearen erabakia hartzen], Sanz eta Barthe esprinterrak; gazte onak: Samitier, Barcelo. Edu Prades, Loubet... Beste Kontinental Profesionalen gainetik gaude, Caja Ruralek baino talde hobea dugula iruditzen zait».
Itzulia begiz jota
Egutegi polita du Bravok sasoi hasieran: Mallorca, Valentzia, Murtzia, Andaluzia, Almeria, Miguel Indurain saria... eta Euskal Herriko Itzulia. «Ilusio handien egiten didan proba da. Agian, Donostiako Klasikoan edo Espainiako Vueltan parte hartzeko aukera izango dut, baina niretzat, aurten, garrantzitsuena Itzulia da». Era berean, tropeleko lagun zahar batzuekin topo egiteko irrikan dago: «Kwiatkowski, Caja Ruralen taldekide izan nuen, Sagan, Ion Izagirrerekin oso gustura ibiltzen naiz, Mikel Landa... Txirrindulari oso onekin ibiliko gara aurten».
Inbidiarik gabe
Euskadi-Muriasek bihar ekingo dio sasoi berriari, Mallorcan, eta hantxe egongo da Gari Bravo. Lau urte daramatza taldean, eta gutxiri adina ilusio egiten dio Kontinental Profesional mailara itzultzeak: «Ez gaude beste taldeen azpitik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu