Luis Perez. Realeko eta Osasunako jokalari ohia

«Inbidia ematen dit Griezmann eta Vela kontraerasoan ikusteak»

Oraindik ere zerbait berezia sentitzen du Perezek Realaren eta Osasunaren arteko derbi guztietan. Donostiako taldean bederatzi denboraldi eman zituen; Iruñekoan, berriz, bi. Gaurko Reala ikusten du faborito, nahiz eta sasoi hasiera eskasa egiten ari den aitortu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ohikoa den bezala, Anoetako harmailetan izango da gaur ere Luis Perez (Hernani, Gipuzkoa, 1971). Ordea, ez du edozein partida ikusiko. «Zerbait berezia sentituko dut, dagoeneko ohituta banago ere». Izan ere, barru-barrutik ezagutzen dituen bi talde lehiatuko dira: Reala eta Osasuna. Donostiako taldean bederatzi denboraldi eman zituen, jokalari gisa. «Realeko zalea naiz orain, nola ez». Osasuna ere maite duela dio, baina. «Bi denboraldi egin nituen Iruñean. Nahiz eta nahi adina aukera izan ez, lagun asko egin nituen, eta gertutik jarraitzen ditut gorritxoak». Hortaz, arratsalde berezia izango du Perezek.

Nolakoak izan ohi dira Realaren eta Osasunaren arteko derbiak?

Gogorrak. Oso gogorrak. Nik, behintzat, oroitzapen horixe daukat. Osasunak bizitasun handiko lehiak egiten ditu, eta Realak baloia hanketan ahalik eta denbora gutxiena izatea du helburu beti. Zalantzarik gabe, Reala izango da faborito nagusia, etxean sendotasun handia erakutsi ohi duelako. Erne, baina, Osasunarekin. Taktikoki beti jokatzen du egoki Anoetan, eta ez da partida samurra izango txuri-urdinentzat. Emaitza bat eman behar banu, 2-1ekoa izango litzateke.

Bi taldeen denboraldi hasierak ikusita, sasoi puntu txukunean direla esatea zilegi al da?

Bai, noski. Batez ere, Osasuna. Urteak dira ez nuela ikusten gaur egun bezain ongi jokatzen. Malagaren zelaian 1-2 irabazi zutenetik, konfiantzaz gainezka dira, eta edozein aurkariri susto bat baino gehiago emateko gai dira. Pentsa, Bartzelona ahal guztidunaren kontra berdintzea lortu zuten Sadarren. Entrenatzaile aldaketak mesede egin die. Proiektu berriarekin ilusioz gainezka daude, eta, nire iritziz, lehen mailari nahiko aise eusteko gaitasuna badute.

Javi Gracia Osasunako entrenatzailea laguna izango duzu, gainera.

Oraindik ere badugu harremana, bai. Realean elkarrekin jokatu genuen lau denboraldiz, eta pertsona bizkorra da. Nahiko egoera zailean hartu du taldea, eta gorantz egiten ari da. Daukan curriculum-a ez da edonolakoa, zenbakiek erakusten dute entrenatzaile ona dela. Defentsan asko hobetu du Osasunak, eta antzeman daiteke aurrean kalitatezko jokalariak dituela: Oriol Riera...

Realari dagokionez, berriz, askok nahi baino sasoi hasiera kaskarragoa izan da, ezta?

Kontuan hartu behar da iazko sasoian nota oso altuarekin utzi zuela taldea Montanierrek. Beraz, Jagoba Arrasatek ez dauka edonolako erronka. Gainera, lesioekin ez dute batere zorterik izan. Goiz hasi behar izan zuten lanean, Txapeldunen Ligako atarikoa prestatzeko, eta uste dut jokalariak oraindik ere ez direla euren onera itzuli. Vela, Agirretxe eta beste batzuk euren mailatik urrun dabiltza. Partidaz partida hobetuz joatea da txuri-urdinek orain daukaten erronkarik handiena.

Valladolideko norgehiagoka ikusteko aukerarik izan al zenuen?

Bai, bai. Anoetan jokatzen ez duen alditan telebistaz ikusten ditut partida guztiak. Pena bat izan zen. 0-2 irabazten hasi ondoren galtzeko zorian izan baitziren. Badirudi Valladoliden urtero gauza bera gertatzen dela: hiru puntuak poltsikoan izan, eta, bat-batean... Halere, taldearen jarrera asko gustatu zitzaidan. Berdinketaren gola jaso zutenean aurpegietan igarri nien jokalariei ezin zirela atzean sartu eta hirugarren golaren bila joan beharra zeukatela. Hori garaipen gosearen sinonimo da, eta seinale ona da. Ez ziren kikildu.

Han lortutako puntua ona izan daiteke Osasuna mendean hartuz gero.

Horri begiratu beharra dago, zalantzarik gabe. Momentuan min handia eragin zuen hiru puntuak etxera ekarri ez izanak, baina Osasunari irabaziz gero, balio handia izango du Valladolideko puntuak. Valentziari eta Almeriari irabazita, Valladoliden aurka berdinketa lortuta eta gaur irabazita, bolada onean sartuko litzateke Reala. Gabonak heldu baino lehen sailkapenaren erditik gora egotea oso garrantzitsua da, atsedenaldiaren ondoren indarrak hartuta izango direlako denak. Oraintxe bertan bederatzigarren postuan dira, eta etorriko den guztia hoberako izango dela uste dut.

Illarramendik utzitako hutsunea nabaritzen al du taldeak?

Jokalari baten truke 30 milioi euro baino gehiago ordaintzeak zerbait esan nahi du. Kalitate handia dauka Illarrrak, eta taldeak igartzen du, bai, hark utzitako hutsunea. Batez ere, Txapeldunen Ligan. Maila handiko taldeek jokatzen dute bertan, eta norberak daukan onenarekin jokatzen ez badu, akabo. Dena den, horri ezin zaio begiratu, eta Realak baditu jokalari on asko.

Batez ere, kontraerasorako, ezta? Zu ederki moldatuko zinen egungo taldean.

Batek baino gehiagok esan izan dit hori, ez pentsa. Hala ere, zorionez, futbola ikaragarri aldatu da. Gure garaian fisikoak egun baino garrantzi handiagoa zeukan. Jokalarien artean talka asko izaten ziren, eta indarrean gehiago zena, hura izaten zen nagusi. Orain ia dena hanketara jokatzen da. Futbola maite duenarentzat politagoa da gaur egungo futbola. Ni ere egun hobeto moldatuko ote nintzen? Ez dakit. Horri erantzutea ezinezkoa da. Dakidana da inbidia apur bat ematen didala Vela, Griezmann eta beste batzuk kontraerasoan ikustean.

Zurekiko inbidia ere sentituko du bateren batek. Bi aldiz hiru gol sartzea lortu zenuen.

Lehenengoa Logroñesen kontra, 95ean. 0-6 irabazi genuen. Logroñeseko atezaina Otxotorena zen, eta nirekin izandako talka baten ondorioz, aldageletara erretiratu behar izan zuen. Orduan, Iñaki Bergara sartu zen, gurekin aritutakoa. 41., 42. eta 44. minutuetan sartu nituen hiru golak. Bigarren hat trick-a, berriz, Valentziaren aurka lortu nuen, hurrengo sasoian. Taldekide guztiek sinatutako baloia etxean dut gordeta.

Eta, gaur egun, sartzen al dituzu hiru gol partidaren batean?

Ez, ez. Realeko beteranoen taldean jokatzen dut. Kirol pixka bat egitearren eta ongi pasatzearren aritzen gara, baina seriotasun handirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.