Banakako pala txapelketa irabazi zuenetik ia bi aste igaro arren, oraindik ere zeruan dagoela iruditzen zaio Iñaki Urrutiari (Armintza, Bizkaia, 1994). Ez da gutxiagorako. 2017an profesionaletarako jauzia egin zuenetik begiz joa zuen buruz buruko txapela, eta helburua joan den otsailaren 7an lortu zuen. Besteak beste, final landua, kalitate handikoa eta emozioz josia jokatuta irabazi zion Ibai Perezi, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Iaz, Urrutiak galdu egin zuen finala, Roman Maldonadoren aurka, eta arantza barruan iltzatuta zeukan. «Galdu nuelako ez, baizik eta ez nintzelako lehiakor ere aritu». Horregatik, lortutakoa barneratu ezinda dabil oraindik. «Txapel batzuk banituen lehendik irabaziak, baina banakako hauxe nahi nuen, eta pozik baino gehiago, lasai nago. Zirkulua biribildu dut».
Ibai Perezek garesti saldu zion txapel preziatua. Goi mailako finala jokatu zuten biek, eta bost joko behar izan zituen Urrutiak podiumaren gorenera igotzeko: 10-3, 6-10, 10-9, 8-10 eta 5-2. «Azken jokora arte ez zen ezer erabaki, eta presio latza sumatu genuen biok kantxan. Bai buruz eta bai sasoiz oso indartsu eta konfiantzaz beterik kantxaratu nintzen azken jokoan, eta horri esker irabazi nuen. Nire aholku emaileak lan handia egin zuen ni motibatzen: Erik Zubirik». Zehazki, laurehun pilotakada jo zituzten 71 minutuan. «Finaleko tanto batzuk berriro ikusi ditut, eta ez da ohikoa buruz buru hain partida ona ateratzea. Ibai Perez bi aldiz txapeldun izana da banaka, eta niretzat gauza handia da txapeldunen zaku horretan nire izena gehitzea».
Izan ere, zortzi urteko ibilbidean lortu dituen txapel guztien artean, bereziena banakako hau du Urrutiak. Horretan ez du zalantzarik. «Gogoan dut binaka jantzi nuen lehen txapela, Dan Necolekin batera. Ilusio izugarria piztu zidan hark, baina banaka txapeldun izatea beste gauza bat da. Bakarrik aurre egin behar izaten zaio presio guztiari, eta irabazteak zapore bikaina uzten du». Lehen urteetan hutsune bat sumatzen zuen buruz buru lehiakor izateko, baina aurrera egin du azken bizpahiru urteotan. «Fisikoki beti prestatu izan naiz ondo, baina buruz inoiz baino hobeto nago orain. Esperientzia gogorretatik ikasiz joan naiz, eta neure buruarengan sinesten dut orain».
«Buruz buru, bakarrik aurre egin behar izaten zaio presio guztiari, eta irabazteak zapore bikaina uzten du»
IÑAKI URRUTIAPalista
Urrutiaren esanetan, atzelarientzat ez da samurra buruz buru aritzea, eta aurtengo txapelketa berezia izan da. Besteak beste, bi atzelariren artean jokatu baitute finala. 2017az geroztik ez zen halakorik gertatzen. Orduan, Ibai Perezek berak jantzi zuen txapela, Xabier Ibargarairen aurka. «Historiari begiratuta, ikus daiteke aurrelariak izan direla nagusi banakako txapelketetan. Baita azken urteetan ere. Uste dut maila ikaragarriko atzelariek soilik lortu dutela banakako txapela: Ibai Perezek berak, Imanolek, Lujanek, Ibargaraik… Horregatik, asko betetzen nau lortutakoak. Gaur egun, atzelari batek banaka lehiakor izan nahi badu, bi gauza behar ditu: sakea ondo egin, eta sasoian egon. Saiatu naiz baldintza guztiak betetzen, eta pozik nago».
Mungiarako prest
Poza ez ezik, lasaitasuna ekarriko dio txapelak Urrutiari. «Nire prestatzaileari esan nion irailean gorriz markatuta neukala txapelketa hau, eta itsu-itsuan horretarako prestatu behar genuela. Lan handia egin dugu. Ordu asko eta asko eman ditugu entrenatzen, eta mugarria izango da txapel hau». Izan ere, bestelako konfiantza batekin jokatu ahal izango du aurrerantzean. «Beti esaten da txapeldun izatea presio iturri izan daitekeela, baina ez dut uste niri presioa ekarriko didanik. Konfiantza baizik. Egiten ari naizen lanean sinesteko eta motibazioz jarraitzeko balioko dit lortutakoak. Denok dakigu palatik ezin duela inork bizibidea atera, eta esfortzu handia eskatzen du prestatzeak, denok beste lan batean ari gara-eta bizibidea ateratzeko. Egun asko luze egiten zaizkigu, baina txapel hauek zentzua ematen diote guztiari».
Hain zuzen ere, Mungiako txapelketa izango dute hurrengo erronka Innpala enpresako palistek. Datorren ostiralean abiatuko da lehiaketa, eta apirilaren 5ean izango dira finalak. «Palaren esentzia ikusten da txapelketa honetan, frontoi luzean jokatzen da eta. Koadroan maila izugarria daukagu, eta erronka handia litzateke beste txapel bat lortzea».