Iñaki Badiolaren salaketen harira, informazioa biltzen hasi dira WADA eta AEA

Espainiako Futbolarien Elkarteak babesa eman die Realeko jokalariei eta Badiolaren jarrera deitoratu du

Erredakzioa
Donostia
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Egoera aldrebesten ari da Realarentzat. Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak orain bi egun As Espainiako kirol egunkariari egindako adierazpenei tiraka, Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia (WADA) Realak dopin sareren batekin zerikusirik baduen aztertzen hasi da. Puerto auziaren epaiketarekin nahasi da, gainera, Badiolaren salaketa, Eufemiano Fuentesen paperetako batean, ustez, Asti Kontuak izena ageri delako; Jose Luis Astiazaran 2001etik 2005era Realeko presidente izan zenarekin lotu du Badiolak Fuentesen dokumentua.

2002tik 2008ra Realeko zuzendaritzak ordainketa kopuru altuak B kontzeptu gisa egiten zituela salatu zuen Badiolak elkarrizketan, eta ondoren dopin substantziak erosteko baliatzen zutela diru hura. Espainiako Dopinaren Aurkako Agentziarekin (AEA) harremanetan jarri da WADA, informazio guztia bildu eta kasua aztertzeko. Ez da erraza, ordea, kasuak bide luzea egitea, ustez Alemanian eta Australian erosita leudeken substantzia guztien artean bakarra litzatekeelako legez kanpokoa, Igf1 izenekoa, eta oso zaila da substantzia hori aurkitzea. AEAk adierazi zuen atzo inor ezin duela behartu deklaratzera, ez Badiola,ezta jokalariak ere.

Espainiako Futbolarien Elkarteak, berriz, babesa eskaini zien Realeko jokalariei, eta Badiolaren jarrera deitoratu zuen, zerbaiten berri bazuen ez zuelako bere garaian ezer jakinarazi. Horrez gain, Sander Westerveld Realeko atezain ohiak atzo esan zuen garai hartan «infusioak» hartzen zituztela, baina ez zuela ikusi inolako dopin kasurik.

Iñigo Martinez, 2017ra arte

Kirol arlotik kanpo nahikoa saltsa bada egunotan Realaren inguruan, baina kirol arloan albiste onak izan ziren atzo. Izan ere, behin lan saioa amaituta, Iñigo Martinezek berak baieztatu zuen bi urtez luzatu duela Realarekin daukan kontratua, 2017ko ekainaren 30era arte, alegia. Ondo bidean, Ruben Pardok ere laster luzatuko du kontratua 2017ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.