Realeko jokalaria

Aihen Muñoz: «Imanolekin dena ondo joango zaio Realari»

Aihen Muñoz «gogotsu» dago ligako azken zazpi jardunaldietarako. Belaunean lesio larria izan zuen iazko urtarrilean, baina ondo osatu da, eta «fisikoki oso indartsu» dagoela adierazi du.

Aihen Muñoz Realeko jokalaria. JON URBE / FOKU
Aihen Muñoz Realeko jokalaria. JON URBE / FOKU
2025eko apirilaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Vila-realen aurkako partida (16:15, Movistar+) prestatzeko entrenamendutik etorri da elkarrizketara Aihen Muñoz (Etxauri, Nafarroa, 1997). Talde «indartsua, azkarra eta kalitate handikoa» dela adierazi du, eta uste du «aukerak aprobetxatzea eta defentsan hutsik ez egitea» izango dela irabazteko gakoa.

Nola dago taldea? Mallorcaren aurkako porrota atzerapausoa izan zen Europarako sailkatzeko lehian?

Taldea gogotsu dago. Gogorra izan zen porrot hori, baina Vila-reali begira gaude. Europarako lehia horretan jarraitzen dugu, gainerako taldeek ere galdu egin baitzuten. Pena izan zen etxean ez irabaztea, baina bukaerara arte borrokatuko gara.

Europarako ez sailkatzea porrota litzateke? 

Urte asko daramatzagu Europan, eta horretara ohitu gara. Dena emango dugu azken partida hauetan, eta gero ikusiko dugu sailkapenean non gauden. Europan sartzea oso garrantzitsua da guretzat.

Gainontzean, zer nota jarriko zenioke denboraldiari? 

Agian ez da urterik onena izan sentsazio aldetik, baina taldeak neurketa asko jokatu ditu, eta jo eta ke ibili da lanean. Espero dut hemendik aurrera dena ondo joatea, eta zaleak ere ondo sentitzea bukaeran.

Nola bizi izan zenituen Manchesterko eta Santiago Bernabeuko partidak?

Ezberdinak izan ziren. Real Madrilen aurka penatuta bukatu genuen, taldea finalera iristeko hamar minutura egon baitzen. Oso partida polita izan zen, eta oso lehiatua. Manchesterkoa ere pena izan zen, erabaki batzuk ez zigutelako batere lagundu, baina hori jada pasatu zen; orain aurrera begiratu nahi dugu.

Imanol entrenatzaile denetik izan duzuen denboraldirik zailena da hau?

Guztiak izan dira zailak. Denboraldi batean izan ezik, beste guztietan jokatu dugu Europako txapelketaren bat, eta partida asko izan dira. Aurtengoa ezberdina izan da sentipen aldetik, baina beti aritu gara lanean astean zehar eta partidetan. Urte zaila izan da, baina besteak ere oso zailak izan dira.

Imanolek datozen asteetan hartuko du bere etorkizunari buruzko erabakia. Zer egingo du?

Ez dakit: berak bakarrik daki. Duen guztia eman du, talde honi dena eman dio, eta gu oso pozik gaude harekin. Imanol egon bitartean, dena oso ondo joango zaio Realari.

Zuk zer egitea nahiko zenuke?

Urte asko daramatzat Imanolekin, eta oso gustura nago. Jarraitzen badu, denontzat ona izango da: bai klubarentzat, bai niretzat eta bai Imanolentzat.

Nola bizi izan zenuen Olaberen agurra?

Dena eman du klub honengatik, baina agian beste zerbait behar zuen. Oso lan ona egin du; Realari beste bultzada bat eman dio.

«Agian ez da urterik onena izan sentipen aldetik, baina taldea jo eta ke ibili da lanean»

Zuk zer moduz ikusi duzu zeure burua?

Lesio larri batetik nentorrela jakinda, ondo. Fisikoki oso indartsu nago. Oso pozik nago egiten ari naizen urtearekin.

Nola joan zen osatze prozesua?

Zaila izan zen. Hilabete asko dira, eta askotan bakarrik egin behar duzu lan. Horrelako prozesuetatik gauza asko ikasten dira.

Oiartzabalek, Silvak, Traorek eta Sadiqek ere hautsi zuten belauneko lotailua; badira batzuk.

Bai, baina beste taldeetan ere gertatzen dira. Futbolean partida asko daude, jokoa geroz eta azkarragoa da, geroz eta kontaktu gehiago dago, eta talde guztietan gertatzen dira.

Hemeretzi partida jokatu dituzue bederatzi astean. Arazo bat dago egutegiarekin: badago konponbiderik?

Egongo da, ez baita normala hainbeste partida egotea atseden handirik izan gabe. Europan sartu eta partida asko eduki nahi ditugu, baina atsedena ere errespetatu behar da. 

Javi Lopez, Tierney, Rico, Theo... Zure postuan jokatzen duten hainbat kide izan dituzu. Nola daramazu lehia hori?

Lehia sanoa izan dut haiekin. Guztiekin harreman oso ona izan dut, eta zelaian gertatzen dena zelaian geratzen da. Nik nire lana egiten dut, eta gero entrenatzaileak erabakitzen du.

Zale batzuek txistu egin zioten Sucici, duela gutxi egindako adierazpenengatik —esan zuen Reala bere ibilbidean erdi mailako urratsa dela, gero klub handiago batera joateko—. Aldagelan nola kudeatzen da horrelako kasu bat?

Ez ditut haren esanak irakurri, ez nekien ezer. Deserosoa izan zen baloia hartzen zuen bakoitzean txistuak entzutea, are gehiago etxean eta partida garrantzitsu batean. Zale askok sentitu zutena transmititu zuten, eta ulertu behar da. Niri ez zait gertatu, eta ez dakit zer egingo nukeen egoera horretan. Kontu handia eduki behar da esaten denarekin. Luka gaztea da, eta seguru nago ikasiko duela.

Osasun mentalari buruz hitz egin izan duzu. Beharrezkoa da jokalariek gai horiei buruz hitz egitea?

Oso garrantzitsua da. Niri ondo etorri zait osasun mentalari buruz ikastea eta irakurtzea. Jendea animatzen dut horretaz hitz egitera, denentzat ona izango da eta. Bakoitzak sentitzen duena transmititzeak barruko beldurrak hobeto kudeatzen laguntzen du.

Lazioren aurka txartel gorria atera zizuten lehen zatian. Nola kudeatzen dituzu horrelakoak?

Gogorra da. Niretzat, Erromakoa urteko partidarik zailena izan zen. Erabaki txar bat hartu nuen, eta, ondorioz, beldurrak eta barneko ahots hori agertzen dira; hori kudeatzea zaila da. Zorionez, asko entrenatu naiz, eta bi egunean buelta eman nion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.