Arrauna

Imanol Garmendia izendatuko dute Euskadiko Arraun Federazioko presidente

Melquiades Verdurasek bere hautagaitzari uko egin ondotik, arraunlari donostiarrarena da proposamen bakarra. Garmendiak 30 urte beteko ditu maiatzean; Orion egin du bere ibilbidearen zatirik handiena.

Imanol Garmendia, istriborreko hankan, joan zen sasoiko estropada batean. EUSKO LABEL LIGA
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 4a
12:30
Entzun

Euskadiko Arraun Federazioak aurki izango du presidente berria: Imanol Garmendia izendatuko dute. Melquiades Verduras Santurtziko arraunlari ohiak uko egin dio bere hautagaitzari, eta Garmendiarena da erakundea gidatzeko proposamen bakarra. Hortaz, federazioak bazter utzi du martxoaren 7an Eibarren (Gipuzkoa) egin beharreko batzarra: bi hautagaitzen arteko bozketa egiteko deituta zegoen.

Federazioko hauteskunde batzordeak hala azaldu die Euskal Herriko klubei, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Ohar bidez, federazioak argudiatu du «baliogabetu» egin duela bilera deialdia, «hautagaitzetako bat erretiratu egin baita». Federazioko estatutuei jarraiki hartu dute erabakia; haien arabera, bozketa egiteko baldintza bakarra hautagai bat baino gehiago aurkeztea da.

Iñaki Iberoren dimisioaren ondotik abiatu zen hauteskunde prozesua: mandatari donostiarrak otsailaren 15ean utzi zuen kargua, eta hilaren 17an zabaldu zuten hauteskunde prozesua, Aiako Arraunetxen (Gipuzkoa) egindako bilkuran hala onartuta. Otsailaren 21etik 28ra zabaldutako epean bi hautagaitza aurkeztu ziren: Verdurasena —Getxoko Arriluze elkarteak proposatutakoa— eta Garmendiarena. Lehendabizikoak uko egin ondotik, donostiarrarena soilik geratu da indarrean; beraz, ez dago bilkura egiteko derrigortasunik.

Ibilbide luzeko arraunlaria

Garmendia donostiarra da, 29 urte ditu —30 beteko ditu maiatzean—, eta tostako arraunean nahiz olinpiar erakoan ibilbide luzea osatutako da. Lehen palakadak Ur Kirolaken eman ondotik, Orion osatu du bere ibilbide ia osoa, eta Euskal Herriko nahiz Espainiako selekzioekin lorpen handiak eskuratutakoa da, aulki mugikorrean: 2014an Munduko Txapelketa irabazi zuen Varesen (Italia), eta 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzetik hiru segundo pasatxora geratu zen, lemazainik gabeko laukoan. Orioko traineruan ere sarri aritu da, zenbait lorpen eskuratuz. Esaterako, 2017an Kontxako Bandera irabazi zuen taldeko kidea zen. Bestalde, badu zuzenduko duen federazioarekin hartu-emanik: batzar orokorreko kidea da, arraunlarien ordezkari gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.